Ibili herrenarekin abiatu da Libian batasun nazionaleko gobernu baterako akordioa

Gerran diren bi aldeetako eta gizarte zibileko ordezkariek sinatu dute ituna.Tripoli eta Tobrukeko parlamentuen buruak kontra agertu dira

Tobrukeko eta Tripoliko legebiltzarretako ordezkariak, Skhirat hirian. EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
«Libia, Libia, Libia» oihu artean, batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko akordioaren sinadura bozkarioz hartu dute etsaituta eta gerran dauden bi aldeetako ordezkariek. Tobruken eta Tripolin ezarritako bi agintaritza politikoetako eta Libiako gizarte zibileko ehun ordezkarik baino gehiagok egin dute bat NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatutako itunarekin, Marokoko Skhirat hirian. Herrenetik gehiago du, ordea, lau urteko anabasa amaitzeko «lehen urratsa» izatea nahi duten akordioak. Bi parlamentuetako buruek —Aqila Salah Tobrukekoak eta Nuri Abu Sahmein Tripolikoak—, izan ere, uko egin diote ituna sinatzeari. Eta, bi aldeetan, esanguratsuak dira akordioaren kontra agertu diren taldeak.

Muammar Gaddafiren kontrako herri altxamendua baliatuta Libiako buruzagia agintetik botatzeko nazioartearen operazio militarra amaitu eta lau urte pasera, eta urtebete paseko elkarrizketen ondotik, Afrika iparraldeko herrialde hori egonkortzeko saialdia da atzo sinatutako akordioa. Bi gobernu eta bi parlamentu daude gerra betean, bata Tobruken eta bestea Tripolin, eta 1.700 bat milizia armatu. Anabasa horri esker, Estatu Islamikoak gero eta indar handiagoa hartu du Libian.

Libiako bi ganberetako legebiltzarkideez gain, Martin Kobler NBEren Libiarako ordezkariak eta Tunisia, Maroko, Turkia, Qatar, Espainia eta Italiako Atzerri ministroek hartu zuten parte akordioa sinatzeko ekitaldian, eta historikotzat jo zuten unea. Bi aldeek «amore eman eta konpromisoak hartu» beharko dituztela nabarmendu zuten nazioarteko ordezkariek. Prozesuak aurrera eginez gero, NBEren Segurtasun Kontseiluan ebazpen proposamen bat egingo dute, batasun nazionaleko gobernua Libiako «ordezkari legitimo bakar gisa» hartua izan dadin nazioartean.

Tobrukeko legebiltzarreko 188 ordezkarietatik 80 inguruk eta Tripoliko 136etatik 50 inguruk sinatu dute akordioa, AFP berri agentziaren arabera. Fayed Serraj izango litzateke batasun nazionaleko gobernurako kontsentsuzko lehen ministro, eta sei lehen ministrordek eta hiru ministrok osatutako presidentetza batzorde bat izango luke; tartean egongo litzateke Saleh al-Makhzun polemikoa. Batzorde horren zeregina izango litzateke konstituzio berri bat idaztea, gero libiarrek erreferendumean bozkatzeko.

Parlamentua Tobrukeko gaur egungo legebiltzarkideek osatuko lukete, eta Estatu Kontseilu bat ere sortuko lukete, aholkularia, Tripoliko Kongresu Nagusi Nazionaleko 150 bat kidek osatua.

Airean dago batasun nazionaleko gobernua non ezarri, akordioak bi aldeetan baititu kontrarioak, eta gobernu berria babesteko segurtasun planik ez baitago oraindik. Gaur egungo bi parlamentuetako buruek herenegun azaldu zuten ez zutela beren ganberen baimenik akordioa izenpetzeko, eta, sinatzekotan, nork bere izenean sinatuko zutela. Azkenean, hori ere ez dute egin, ordea.

Akordioaren kontra bi argudio haizatu dituzte, nagusiki: bata, kanpotik ezarritakoa dela eta Libian bertan egositako itun bat hobesten dutela; eta bestea, ez daudela ados gobernurako proposatu diren izenekin.

Hafter jenerala eta Errusia

Skhirateko sinadura ekitaldiaren bezperan, NBEren Libiarako ordezkaria Khalifa Hafter jeneralarekin bildu zen Bengazin. Gaddafiri leial izatetik buruzagiarekin etsaitu, eta azkenerako Tobrukeko indarren milizia nagusiaren buru bihurtu da Hafter. Martin Kobler ondoan zuela, Estatu Islamikoaren eta beste talde islamisten kontrako borrokaren aitzakian, nazioarteak Libiari ezarritako arma bahimendua kentzeko eskatu zuen, «lan egoki bat egin ahalizateko». Aro berrian indar armatu guztien gaineko kontrola ere beretzat eskatu zuen Hafter jeneralak.

Arma bahimendua amaitu ezean, «Errusiari Libian terrorismoaren kontra esku hartzeko» eskatuko diotela ohartarazi zuen Hafterrek, eta ahoa bete hortz utzi zuen Kobler: «Errusiarrak oso lan ona ari dira egiten terrorismoaren kontra, eta serioak dira». NBEren Libiarako ordezkariak erantzun zuen «gobernu bakar bat» osatzean aztertu beharko dela gai hori, eta hark eskatu beharko diola arma bahimendua kentzeko NBEren Segurtasun Kontseiluari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.