Duela bi urteko Asanblea Nazionalerako hauteskundeek nabarmen aldatu zuten Quebeceko paisaia politikoa: lehenengoz hautsi zen bipartidismoa, eta Alderdi Quebectarra (PQ) eta Quebeceko Alderdi Liberala boteretik kanpo geratu ziren, Quebecen Etorkizuna alderdi nazionalista eta autonomistak lortutako gehiengo osoaren ondorioz. Batez ere PQrentzat izan zen gogorra porrot hura, 1973ko bozetatik izandako ordezkaritzarik txikiena eskuratu baitzuen, 2012an hasitako beheranzko joeran are gehiago sakonduta. Testuinguru horretan, aurtengo primarioak berebizikoak bilakatu dira alderdiaren etorkizunarentzat, eragina izango baitute 2022ko boz erabakigarriei begirako estrategian.
PQren militanteek eta zaleek lau gizonen arteko hautua egingo dute: Sylvain Gaudreault Asanblea Nazionaleko diputatua, Paul St-Pierre Plamondon abokatua, Guy Nantel umoregilea eta Frederic Bastien historialaria. Egiaz, baina, inkestek diotenez, primarioetako lehia Gaudreaulten eta St-Pierre Plamondonen artekoa izango da, eta hor dago, benetan, alderdiaren etorkizuna jokoan. Lehenaren garaipenak orain artekoarekin jarraitzea esan nahiko luke, PQren aparatuaren hautagai faboritoa baita; bigarrena, berriz, alternatibaren buruzagigaia da, beste bide baten aldekoa.
Boto emaileen hautuan, pisu handia izango du alderdiaren auzi garrantzitsuenari buruz duten iritziak: Quebecen independentzia. St-Pierre Plamondonek egin du horren inguruko kanpainarik osatuena, «nazionalismo identitarioaren» eta «sozialdemokraziaren» inguruan. Hark erakutsi du konexiorik handiena gazteekin eta euren eskariekin, baina zaharragoek ez zituzten begi onez ikusi 2017an alderdiaren egoera deskribatzeko erabili zituen hitzak: «Izoztua, kontserbadorea eta zahartzen ari dena».
Gainera, politikan duen esperientzia faltak kalte egin liezaioke Gaudreaulten aurrean, hura Quebeceko Gobernuko bi ministeriotan lan egindakoa baita, eta hamabi urte egin baititu diputatu karguan. Haren kasuan, kanpainaren ardatza ez da independentzia izan, ekologismoa baizik, ziurrenik Quebec Solidarioa ezkertiarrera joan diren boto emaileak erakartze aldera; ikusteko dago, hortaz, subiranismoa gutxi aipatzeak zer eragin izango duen bere babes kopuruan, eta hirugarren galdeketarako nahian.
Profil erakargarririk ez
PQren urteotako arazo handienetako bat zera izan da, ez duela izan Rene Levesque edo Jacques Parizeau Quebeceko lehen ministro ohien antzeko buruzagirik, eta, hortaz, ez dela gai izan mugimendu subiranista berriz pizteko. Batez ere 2010etik aurrera erakarri dute jende gutxiago, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako kopuruetatik urrun, eta hori berriz geratu da agerian primarioetan.
Hiru eztabaidek, esaterako, ikusle gutxi izan dituzte, eta emaitza eskasak izan ditu 2017an militanteez gain alderdiaren zaleei barne prozesuan parte hartzeko emandako aukerak, 1.200 inguruk bozkatuko baitute.COVID-19aren urtean izanik, primarioak ez dira ohikoak izan, eta alderdiak bi aldiz atzeratu behar izan du buruzagia aukeratzeko bozketa epea; kanpaina ere ezohikoa izan da, ia jarraitzailerik eta ekitaldirik gabekoa.
Leger etxeak irail amaierarako egindako azken inkestaren arabera, bozketaren lehen itzulian Gaudreaultek botoen %31 jasoko lituzke, eta atzetik izango lituzke St-Pierre Plamondon (%26), Nantel (%22) eta Bastien (%7). Kontuan harturik PQren arauek diotela «botoen %50+1» dela beharrezkoa primarioak irabazteko, alderdiak gau luzea aurreikusi du gaurko, eta litekeena da hiru bozketa ere behar izatea garailea izendatzeko. Hortaz, bihar jakinaraziko dituzte behin betiko emaitzak, Euskal Herrian larunbat goiza denerako.
Esperientzia ala haize berria: hori dago jokoan primarioetan, eta, horri lotuta, 2022ko bozetan «bizirik irautea», Pascal Berube Asanblea Nazionaleko talde parlamentarioaren buruzagi eta alderdiaren behin-behineko gidariak iragan abuztuan adierazi zuenez.
Ibilbide lausoa du aurretik
Alderdi Quebectarrak primarioen prozesua amaituko du gaur, buruzagi berria jakinarazten duenean. Pascal Berube jarduneko buruaren arabera, «bizirik irautea» izango dute jokoan 2022ko bozetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu