Alex Izan Hernandez Valladares (Tegucigalpa, Honduras, 1996) Cattrachas sare lesbiko feministako kidea da. Bere nortasun agirian identifikatzen ez duen izen bat du, eta horregatik diskriminazio kasu asko jasan dituela azaldu du. Legez, ezin du ezer egin, ez diotelako «ez sexua ez izena» aldatzen uzten. Vicky Hernandezen epaia hartzen du erreferentziatzat; horren arabera, genero identitatea egokitzeko prozedura bat sortu behar da. Lumaltik Herriak Gobernuz Kanpoko Erakundeak gonbidatuta etorri da Euskal Herrira, eta Hondurasko LGTBI kolektiboaren egoeraz hitz egin du.
Nolakoa da LGTBI komunitatekoen egoera Hondurasen?
Atzeraka goaz. Vicky Hernandezen sententzia betetzeari dagokionez, ikusi dugu ez dagoela borondate politikorik gizarteko eta estatuko aldaketa estrukturalak lortzeko, genero desberdinetako pertsonen eskubideei dagokionez. Baina horri gehitu behar zaio oposizioak ukatu egiten dituela eskubide sexualak eta ugalketakoak, erlijio fundamentalistek eraginda, batez ere Gure Seme-Alaben Alde elkarteak. Talde hori osatzen dutenen artean, artzain ebanjelistak, apaiz katolikoak, alkateak eta diputatuak daude, besteak beste. Aurreko guztiak, Hondurasko Nerabeen Haurdunaldien Prebentzioaren Hezkuntza Integralaren Legearen aurka egin zuten.
Transok ez dugu genero identitatearen legerik, baina Vicky Hernandezen sententziarengatik erantzun horren zain gaude. Cattrachasek [Hondurasko sare lesbiko feminista] aurrerapen gutxi edo baliogabeak erregistratu ditu. Gainera, oraindik Pertsonen Erregistro Nazionalak ez du protokolorik aurkeztu transek haien identitatea egokitzeko aukera ematen duenik.
Legez, zuk ezin duzu aldatu zure sexua?
Ez, ez sexua, ez izena. Nire nortasun agirian nire izen legala azaltzen da; hau da jaio nintzenean jarri zidaten izena. Nik nire txartelean Alex Izan Hernandez agertzea nahi dut, nire burua identifikatzen dudan modura.
Beldurra edo jazarpena sufritu duzu gizon trans bat izateagatik?
Hori etengabekoa da. Emakume transek agian gehiago bizi dute. Haien aldean, gu, gizon transak, oharkabean pasa gaitezke apur bat. Baina diskriminazio kasu asko jasan ditut. Adibidez, taberna batera iristean, eta txartelarekin ordaindu behar dudanean, galdetzen didate ea txarteleko pertsona hori nor den, eta ni naizela erantzutean beste identifikazioren bat ote dudan galdetzen didate. Nik ezezkoa ematen diet, ez dutelako beste identifikaziorik behar. Benetan, pertsona hori zarela egiaztatu nahi dute. Oso konplikatua da, etengabe azaltzen egon behar zarelako, eta ez soilik tabernetan; bankuan ere berdin gertatzen zait, eta batzuetan modu gutxiesgarrian begiratzen didate.
Halakoetan Hondurastik alde egitea pentsatu izan duzu?
Ez, guztiz kontrakoa. Borroka baten moduan ikusten dut; borroka etengabe bat, gure ondorengoek horrelakorik bizi ez dezaten. Gure lurraldetik egin dezakegun borroka da. Etorkizunean dena [eskubideak] indarrean egoteko, eta ondorengoek esan dezaten gure aurrekoei esker lortu dela.
«Nik nire txartelean Alex Izan Hernandez agertzea nahi dut, neure burua identifikatzen dudan modura».
Eta ezagutzen duzu jendea atzerrira joan dena?
Bai, migratu duten batzuk ezagutzen ditut.
LGTBI kolektiboko zenbat hil zituzten iaz?
Iaz, LGTBI kolektiboko kideen hilketen gorakada bat izan zen, eta indarkeriaz hildako 51 pertsona hil ziren: 22 gizon gay, hamazazpi pertsona trans eta hamabi lesbiana, eta 2013an desagertu zen emakume trans baten kasua erregistratu genuen.
Eta hilketa eta desagertze behartu horietatik, zenbat iristen dira auzitara edo hiltzailea zein den jakitera?
%5a baino gutxiago. 2019 eta 2024 bitartean 151 kasu iritsi dira auzitara, eta gainontzekoek inpunitatea dute.
Zer egiten duzue, zehazki, Cattrachas kolektiboan?
Cattrachas sare lesbiko feminista da, 2000. urtean sortu zen. Hedabideek eta fundamentalista erlijiosoek sustatutako eta sexu orientazioarekin eta genero identitatearekin lotutako indarkeriazko hilketei erantzuna emateko.
Oraintxe bertan, hainbat lan arlo ditugu. Adibidez, Generoa eta Indarkeria Sozialaren Hondurasko Behatokian lan egiten dugu. Bertan nekazariak, beltzak, indigenak, emakumeak, umeak eta nerabeak eta LGTBI komunitateko kideak daude. Lege atala ere badugu. Haren zeregina da auzietan oinarritutako estrategiak aurrera eramatea bai Hondurasen eta bai nazioartean, ikuspegi diferentzialetik abiatuta. Eta komunikazio arlo ere badugu aldaketa sozialerako kanpainak zabaltzeaz arduratzen dena. Hori guztia, marko nazional eta nazioartekoan.
Zein da egoera politikoa Hondurasen?
LGTBI kolektiboko kideen hilketek gora egiten dute hauteskunde garaian. 2017an [hauteskunde urtea] ere pertsona LGTBI komunitateko kideen hilketek gora egin zuten gorrotozko diskurtsoengatik, bai hedabideetan, baita hauteskundeetan ere. Guk erne egoteko deia zabaltzen dugu zer gertatu ere. Baina horri fundamentalismo erlijiosoa gehitu behar zaio. Horrek guztiak diskriminazioaren eta hilketen gorakada ekarri ohi du.
«Guk ere feminizidioen indarkeriazko hilketen behatokia dugu, eta hor ikusten da umeen eta nerabeen hilketak gora doazela».
Erdialdeko Amerikan indarkeriarik handien jasaten duen herrialdeetako bat da Honduras. Zergatik?
Herrialde oso kontserbadorea da, eta oso matxista. Guk ere feminizidioen indarkeriazko hilketen behatokia dugu, eta hor ikusten da umeen eta nerabeen hilketak gora doazela. Hondurasen, adibidez, ez da feminizidioen kategoria existitzen. Senar batek emaztea hiltzen badu, hilketen kategorian sartzen da edo parrizidioenean.
Zeinek jasaten du indarkeriarik handien?
Pertsona transek jasaten dute indarkeriarik handien, kalean lan egiten duten transek. Askotan, hilketak haien bezeroek egiten dituzte. Edo kaleko jendeak eraso egiten die, sexu harremanak izan nahi dituztelako, eta, ezezkoa jasotzean, jo egiten dituzte, eta batzuetan, hil.
Arazo hori nola jar daiteke konponbidean?
Hezkuntzari dagokionez, umeek eskubide sexualen eta ugaltze eskubideen gida bat eduki beharko lukete. LGTBI kolektibokoak zer diren ere jakin beharko lukete, bagarelako, bagaudelako eta existitzen garelako. Ume asko egongo dira momentuan ez dutenak esaten, eta erreprimitu egiten dute beren burua, ez dakitelako nola azaldu zer sentitzen duten. Baina, genero identitatearen lege bat egongo balitz, errazagoa izango zen. Horrela, diskriminazio gutxiago egongo zen.
Guk, Cattrachas gisa, gida bat egin dugu, eta erakunde publiko batzuei eman diegu; Liburutegi Nazionalari, adibidez. Umeentzat ez ezik, ikasten duten LGTBI komunitateko kideentzat ere bada.