Munduan 85.000 emakume hil zituzten iaz, eta horien %60 —51.000 emakume inguru—, beren senide batek edo bikoteak hil zituen. Hori jakinarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, gaur argitaratutako txostenean, eta, horren harira, ondorioztatu du emakumeek etxea bera dutela «lekurik arriskutsuenetako bat». Urteko kopuru horri egunez egun erreparatuta, txostenaren egileek ohartarazi dute egunean batez beste 140 emakume hiltzen dituztela beren gertuko gizonek.
NBEko Emakumeen Saileko zuzendariorde Nyaradzayi Gumbonzvandaren arabera, txostenean jasotako datuek adierazten dute emakume askok indarkeria bortitza jasaten dutela beren bizitzako esparru pribatuetan, zeinak, «teorian, lekurik seguruenak» diren. Hori bai, ohartarazi du txostenean kaleratutako kopuruak «icebergaren punta» baino ez direla, argudiatuta beste hainbeste hilketa matxista ez daudela erregistratuta: «Ezin izan dugu komunitate askotako informaziorik lortu».
Afrikan hil zituzten iaz emakume gehien, 21.700 inguru, eta horietako bakoitza bere gertuko gizon batek hil zuen, txostenean bildutako datuen arabera. Afrikaren atzetik, Asian eta Amerikan hil zituzten emakume gehien beren senide batek edo bikotekideak; 18.500 eta 8.300, hurrenez hurren. Europari dagokionez, NBEko Emakumeen Sailak landutako dokumentuak erakusten du iaz eraildako emakume gehienak bikotekideak hil zituela.
«Legeria zabala eta sendoa behar dugu, datuak eskuratzeko baliabide gehiago, gobernuek arduraz jokatu dezatela, eta finantzaketa handiagoa emakumeen aldeko elkarteentzat»
SIMA BAHOUSNBEko Emakumeen Saileko zuzendaria
Are, txostenean zehaztu dutenez, Frantziako, Kolonbiako eta Hegoafrikako zenbait datu eskuratu ahal izan dituzte, eta, horien arabera, herrialde horietako agintariek indarkeria matxistarekin lotutako salaketak jaso zituzten bikotekideak hildako emakumeen kasu gehienetan. Horrekin lotuta, emakumeen aurkako indarkeria eragotz daitekeela nabarmendu du NBEko Emakumeen Saileko zuzendari Sima Bahousek: «Prebentzioa da gakoa. Legeria zabala eta sendoa behar dugu, datuak eskuratzeko baliabide gehiago, gobernuek arduraz jokatu dezatela eta finantzaketa handiagoa emakumeen eskubideen aldeko elkarteentzat eta erakundeentzat».
Errotiko arazoa
Nolanahi ere, hilketa matxisten kopurua «nabarmen murrizteko» arazoari errotik heldu behar zaiola iritzi diote txostenaren egileek. Haien arabera, feminizidioek eta emakumeen aurkako indarkeriak gizarteko estereotipoetan eta arau sozialetan daukate oinarria, eta horiek bultzatzen dituzte, kasurako, emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak.
Bestalde, txostenean salatu dute urtetik urtera gero eta zailtasun gehiago dituztela hilketa matxisten inguruko datu ofizialak eskuratzeko.