Heriotza zigorra

Iaz 883 preso exekutatu zituzten, azken bost urteetako gehien

Amnesty Internationalen arabera, hildakoen kopurua handitu egin da bigarren urtez jarraian.

Heriotza zigorraren aurkako manifestariak, Indianan. EFE/EPA/TANNEN MAURY
2023ko maiatzaren 16a
18:58
Entzun

Amnesty Intenationalek (AI) bere azken txostenean jaso duenez, iaz 883 pertsona exekutatu zituzten munduan, 2021ean baino %53 gehiago. Iaz, hildakoen kopuruak nabarmen egin zuen gora hainbat herrialdetan, hala nola Iranen, Saudi Arabian eta AEBetan.

AIren esanetan, Txinaren kasuan, heriotza zigorraren erabilerari buruzko informazioa estatu sekretu gisa sailkatua dago. Estatus bera du zigor metodo honek Ipar Korean eta Vietnamen. Pekinek ez du daturik ematen exekuzioen inguruan, baina AIk salatu du urtero milaka pertsona hiltzen dituztela herrialdean.

Ekialde Hurbileko herrialdeak izan ziren iaz preso gehien hil zituztenak. Txina albo batera utzita, exekuzioen %90 Iranen, Saudi Arabian eta Egipton izan ziren. 576 pertsona hil zituzten iaz Iranen —2021ean 314—. Saudi Arabiak, berriz, 196 pertsona exekutatu zituen: azken hogeita hamar urteetako handiena izan zen kopuru hori.

2021arekin alderaturik, exekuzioak hirukoiztu egin dira Saudi Arabian. Urte hartan 65 pertsonei aplikatu zitzaien zigor gorena. Human Rights Watch GKEren esanetan, 2022ko matxoaren 12an, herrialdeak 81 pertsona exekutatu zituen. Hau da, egun bakar batean gainditu zen 2021eko erregistroa.

AIk iaz hogei herrialdetan dokumentatu zituen exekuzioak, 2021ean baina bi gehiagotan. Hainbat urtetako geldialdiaren ondoren, bost herrialdetan ekin zitzaion berriz heriotza zigorraren aplikazioari: Afganistanen, Kuwaiten, Myanmarren, Palestinan eta Singapurren. Haatik, 2021ean exekuzioak egin zituzten hiru herrialdek, Botswanak, Arabiar Emirerri Batuek eta Omanek, ez zuten inor hil 2022an.

AIk esan du iaz zenbait exekuziok nazioarteko legedia urratu zutela. Besteak beste, hiru pertsona hil zituzten publikoki, bat Afganistanen eta bi Iranen; bost lagun exekutatu zituzten Iranen adingabe zirela egindako delituengatik; buru edo adimen desgaitasunak zituzten pertsonak kondenatu zituzten AEBetan, Iranen, Japonian eta Maldivetan; eta Bangladesh eta Egipton heriotza zigorrak ezarri ziren akusatua bertan egon gabe.

Injekzio hilgarria, polemikaz inguraturik AEBetan

Herrialdeko heriotza zigorren kasuak aztertzen dituen Death Penalty Information Center Taldearen arabera, 2023a hasi zenetik 11 exekuzio egin dituzte AEBetan. Horietatik bost Texasen egin dutuzte, hiru Floridan, bi Missourin, eta bat Oklahoman. Injekzio hilgarria da gaur egun kondenatua exekutatzeko gehien erabiltzen den metodoa.

Exekuzio protokoloek berez hilgarriak izan daitezkeen hiru farmako segidan ematea aurreikusten dute. Konbinazio horren bidez anestesia eragin nahi da lehenik, eta bihotz-biriketako geldialdiaren ondoriozko heriotza gero.

Jarraitu beharreko prozedurak berak, nahaste hilgarrian erabilitako farmakoen egokitasunak eta zenbait kasutan erregistratutako sufrimendu handiko heriotza luzeek eztabaida sortu dute, ordea, azken urteotan.

Iaz AEBetako Heriotza Zigorrari buruzko Informazio Zentroak (DPIC) argitaratutako txosten baten arabera, exekuzioen herenek baina gehiagok huts egin zuten, edo «arazoz beterikoak» izan ziren.

NPR AEBetako irrati publikoak 200 autopsiari baino gehiagori egindako analisiaren arabera, injekzio hilgarriek gehienetan «min akutua» eta «itolarria» eragiten diote presoari, eta hil aurretik «izu handia» eragiten die.

Joan den astelehenean, AEBetako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion gasarekin exekutatzea eskatu zuen Alabamako preso bati. Estatuko agintariek ezarritako injekzio hilgarriaren ordez aukeratu zuen metodo hau. Iaz, estatu honetan, injekzio hilgarriaren bidezko hainbat exekuziok huts egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.