Borrokan ari dira Kirgizistan eta Tajikistan, bi estatuen arteko mugako urtegi baten eta ur ponpa baten kontrolaren harira. Hilaren 14an hasi zen gatazka, eta gutxienez 94 lagun hil eta ehun baino gehiago zauritu dira. Ostiralean su etena adostu bazuten ere, borrokak ez dira gelditu, eta, Kirgizistango Gobernuaren arabera, 137.000 pertsona inguru atera behar izan dituzte gatazka eremutik, nahiz eta horietako batzuk hasiak diren etxera itzultzen. Bi aldeek mugan pilatu dituzten indar gehigarriak erretiratzea adostu zuten atzo.
Kirgizistanek Tajikistani egotzi dio mugako Batken probintziako Dostuk, Aksai, Zhaxtik, Borborduk, Arka eta Kulundu eskualdeak okupatu izana. Are, Bixkekek ohartarazi du litekeena dela Tajikistanen «eraso probokatzaileek eskala handiko gatazka bat» sortzea, eta horrek Erdialdeko Asia osoa «ezegonkortzea». Gatazkak eragindako biktimen ohorezko dolu eguna izan zuten atzo Kirgizistanen.
Bi herrialdeen arteko tentsioa Sobietar Batasuna desegin ostean sortu zen. Gainerako errepublika sobietarren moduan, Kirgizistanek eta Tajikistanek independentzia eskuratu zuten, baina Moskuk ezarri zituen mugak, talde etnikoen banaketak guztiz aintzat hartu gabe. Isfara ibaiaren alde batean, Tajikistango Sughd probintzia dago, eta bestean, Kirgizistango Batken eskualdea. Isfara ibaiko urtegi baten eta ur ponpa baten kontrolaren harira izan dituzte gatazkak.
Azken liskarrak 2021ean izan zituzten, eta 50 pertsona hil ziren. Nahiko ohikoak dira borrokak bi errepublika horien artean, baina azkar baretu ohi dira. Egunotako gatazkak, ordea, azken urteetako odoltsuenak izan dira. Tankeak, ibilgailu blindatuak, morteroak, artilleriako suziriak eta droneak erabiltzea egozten diote elkarri. Kirgizistango presidente Sadir Japarovek, gainera, «etsai» izendatu du Tajikistan.
Gatazka hasi eta bi egunera adostu zuten su etena Tajikistango presidente Emomali Rakhmonek eta Japarovek Uzbekistanen, SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran. Hala ere, menia ez errespetatzea eta berriro bonbardatzen hastea egotzi zion Kirgizistanek Tajikistani ostiralean bertan.
Egoera «egonkortzeko», indar militar gehigarriak mugatik erretiratzeko konpromisoa hartu zuten atzo bi estatuek, akordio idatzi baten bidez. Su etena errespetatuko dutela ere agindu zuten.
Erretorika «populista»
Reuters berri agentziak kontsultatutako aditu batzuek nabarmendu dute erretorika «populista eta nazionalista bat» gailendu dela bi aldeetan, eta «beste eragile batek parte har dezala» eskatu dute, eremu desmilitarizatu bat ezartzeko gatazka gunean.
Errusiak baseak ditu bi estatu horietan, eta haien arteko bitartekaritza egin izan du, baita oraingoan ere. Vladimir Putin Errusiako presidenteak borroka «berandu baino lehen» eteteko eskatu die Rakhmon eta Japarov presidenteei, «bide baketsu, politiko eta diplomatikoak baliatuta».
Ia ehun lagun hil dituzte Tajikistan eta Kirgizistanen arteko gatazkan
Bi herrialdeen arteko mugan, 137.000 biztanle inguruk ihes egin behar izan dute. Indar gehigarriak gatazka eremutik erretiratzea adostu dute bi aldeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu