Berriz huts egin badu ere, Bidenek bere burua presidente ikusten du

Bidenen lehen prentsaurrekoa izan da Trumpekin izan duen debateaz geroztik, eta, orduan bezala, ahanzkor eta zalantzati agertu da.

Joe Biden gaur goizaldean emandako prentsaurrekoan. WILL OLIVER / EFE
Joe Biden gaur goizaldean emandako prentsaurrekoan. WILL OLIVER / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko uztailaren 12a
16:05
Entzun

Foku guztiak jarri dira berriro AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bideni begira. Gaur goizaldean prentsaurreko bat eman du, eta lehen prentsaurrekoa izan da Donald Trumpekin izan zuen debateaz geroztik. Orduan, ahanzkor, zalantzati eta batzuetan galduta ikusi zitzaion, eta gaur goizaldekoan ere hutsegiteak egin ditu. Hori dela eta, geroz eta jende gehiagok babesa emateari utzi dio.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak Washingtonen bildu dira azken bi egun hauetan, eta Ukrainari babesa adierazteko emandako prentsaurrekoan egin du huts Bidenek. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri hitza eman behar zion, eta «Putin presidentea» esanez aurkeztu du AEBetako presidenteak. Segituan konpondu du hutsegitea esanez «Putini irabazten» oso kontzentratua dagoela.

Horrez gain, AEBetako presidenteorde Kamala Harris Trumpekin nahastu du. Kazetariek galdetu diote ea Harris presidente ona izango litzatekeen, eta hau erantzun du: «Ez nukeen Trump aukeratuko presidenteordetarako pentsatuko banu hura ez zegoela prest presidente izateko». Horrelako huts eta hanka sartzeak egin arren, segitzen du presidente izan daitekeela defendatzen, eta, azken hilabeteetan dagoeneko bi azterketa egin ondoren, prest azaldu da beste azterketa neurologiko bat egiteko.

«Uste dut presidente izateko pertsonarik kualifikatuena naizela»

JOE BIDENAEBetako presidentea

Dena den, haren hautagaitza berretsi beharko dute. Alderdi Demokratak batzarra egingo du Chicagon abuztuaren 19tik 22ra, eta aurreikusi dute erabakia bertan berretsiko dutela. Dena den, Bidenek dimitituko balu, ez dago modurik haren oinordekoa zein izango den erabakitzeko, eta horrek demokraten arteko borroka bat sortuko luke. Hautagai berriak ordezkarien gehiengoarekin irabazi beharko luke, eta edonor aurkeztu daiteke presidentegai izateko.

Hiru izen nabarmendu dira Bidenek dimisioa aurkeztuz gero haren lekua hartzeko: Kamala Harris presidenteordea, Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorea eta Gretchen Whitmer Michigango Gobernadorea. Hala ere, ez du ematen hori gertatuko denik. «Uste dut presidente izateko pertsonarik kualifikatuena naizela», gehitu du Bidenek.

Aurkako ahotsak

Haren alderdiko hainbat kide, aldiz, ez daude ados. AEBetako Ordezkarien Ganberako hamazazpi diputatuk erretiroa hartzeko eskatu diote. Eric Sorensen izan da azkena hori eskatzen, eta 2020 hauteskundeetan egindakoa ekarri du gogora: «2020ko Biden presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen herrialdea alderdiaren gainetik jarri zuelako. Orain, gauza bera egiteko eskatzen diot». Demokraten senatari bakarrak eskatu du, oraingoz, Bidenen erretiroa. Peter Welch izan da, eta uste du erabaki hori «ona» izango dela herrialdearentzat. Gobernadore demokrata bat berak ere ez du eskatu Bidenen erretiroa, baina batzuek kezka azaldu dute Bidenen osasunaren eta lehiakortasunaren inguruan.

Alderdiaren diru emaile nabarmenetako batzuek uste dute erretiratu egin behar dela, eta batzuek diru emariak eten dituzte Bidenek alde batera egiten duen arte; Disneyren oinordekoa Abigail Disneyk, Damon Lindelof Hollywoodeko produktoreak eta Reed Hastings Netflixen sortzaileetako batek, besteak beste.

Hainbat famatuk ere erretiratzeko eskatu diote Bideni. George Clooney aktoreak presidenteari alboratzeko eskatu dio, haren «gainbehera» ikusi duelako. Stephen King idazlea, Michael Moore zuzendaria, John Cusack aktorea eta Sara Haines aurkezlea ere ideia horren alde agertu dira.

Gobernuburuak, alde

Europako hainbat gobernuburu, berriz, AEBetako presidentearen alde daude. NATOren bilera osteko prentsaurrekoetan, Biden defendatu dute horietako hainbatek. Frantziako presidente Emmanuel Macronek AEBetako presidentearekin «ulerbera izateko» eskatu du, eta adierazi du denek «lapsusak» izaten dituztela: «Niri gertatu zait, eta, dudarik gabe, berriro gertatuko zait».

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarentzat, gertatutakoa «hutsegite linguistiko bat» izan da, eta nabarmendu du baten bati denbora nahikoz behatuz gero horrelakoak antzematen zaizkiola. Keir Starmer Erresuma Batuan aukeratu berri duten lehen ministroak esan du «NATO handiago eta indartsuago bat» dagoela, eta uste du Bidenek horren «sona» merezi duela. Espainiako presidente Pedro Sanchezek bileran «ondo» ikusi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.