Migratzaileak. Moria

Huts egin duen migrazio politika baten sugarrak

Sute bat piztu da bitan Greziako Moriako migratzaileen kanpalekuan, eta eremua erabat kiskali du. 3.000 iheslari inguru lekualdatu dituzte; gainontzekoek kanpaleku inguruan jarraitzen dute

Bi ordu inguruan ia kanpaleku osoa sutan zegoen, gauerdian; falta zenak atzo arratsaldean hartu zuen su. IÑAKI AGIRRE.
Iñaki Agirre - Iosu Alberdi
Moria
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Astearte gauean piztu zen sua Moriako migratzaileen kanpalekuan, Greziako Lesbos uhartean. Kanpalekuetan 35 koronabirus kasu baieztatuak zituzten ordura arte, eta atzo gauean 125 lagun jarri zituzten berrogeialdian, baina kanpalekuko arduradunek ez zieten inolako azalpenik eman horiei. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, sei hilabetez kanpalekuan itxita egon ostean, haserrea piztu zuen segurtasun indarren jarrerak, eta protestak lehertu ziren; orduan piztu ziren sute txikiak ere kanpalekuko hainbat gunetan. Haize indartsuak horiek zabaltzea erraztu zuen: bi ordu inguruan ia kanpaleku osoa sutan zegoen, baita hura inguratzen duen olibondo saila ere. Han ere errefuxiatu talde ugari bizi ziren. Bitartean, poliziak protestan ari zirenei oldartu zitzaizkien negar gasa erabiliz. Protestei aurre egiteko istiluen aurkako beste hiru Polizia talde ere bidali zituen Atenasek irlara.

[youtube]https://youtu.be/UGhoTPl7PnE[/youtube]

Migratzaile gehienek euren gauzak hartu eta kanpalekutik irteten ahalegindu ziren, suteen beldur. Hasieran Poliziak ateratzen utzi ez bazien ere, goizeko ordu biak aldera zabaldu zuten kanpalekua, baina errepidea itxi egin zuten, eta migratzaileek han egin behar izan zuten gaua, urik eta aterperik gabe. Horiek Mitilene hirira —zazpi kilometrora dago— ez iristea zuten helburu segurtasun indarrek, osasun publikorako arriskua zegoela argudiatuta. Greziako Gobernuko bozeramaile Stelios Petsasek iragarri zuen Morian bizi ziren guztiei irlatik ateratzea debekatuko dietela, balizko koronabirusaren zabalpen bat ekiditeko —12.000 lagun bizi dira 3.000rentzat prestatutako kanpalekuan—.

Gauzak hala, gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen; bertan lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeen arabera, kanpalekuaren %70 suntsituta geratu zen lehen sutearen ondorioz. Bigarren sutea atzo arratsaldean piztu zen, eta aurreikusi zuten gauerako kanpaleku guztia erabat kiskalita egongo zela.

Egoera horren aurrean, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak kanpalekuetatik ez urruntzeko eskatu zien errefuxiatuei, «behin-behineko irtenbide bat» topatu bitartean. Zaporeak proiektuarekin Moriara joana da Malen Garmendia, eta, BERRIAri azaldu dionez, kanpalekuko arduradunek atzo arratsalderako lekualdatuak zituzten 3.000 migratzaile inguruko herrietara, baina gainontzeko guztiek kanpaleku inguruetako eremuetan jarraitzen zuten: «Kanpalekua erabat itxi dute, eta irten direnek ez dute hara itzultzeko aukerarik. Inguruetan kokatu dira erreskatatu ahal izan duten gutxiarekin».

Garmendiaren esanetan, tentsio handiko uneak bizi izan dituzte kanpalekuan azken hilabeteetan, arduradunek ez baitiete handik irteten uzten: «Tortura gune bat da. Migratzaileei giza eskubide oinarrizkoenak ere ukatzen dizkiete».

Moriako alkate Iannis Mastroiannisek adierazi zuen goizerako sutea kontrolatuta zegoela. Halere, irlako hainbat hedabideren arabera, suhiltzaileek lan egiteko zailtasunak izan zituzten, hainbat leherketa txiki gertatu zirelako eta migratzaile talde batek harriak jaurti zizkielako.

Lerro hauek idazterako ez zen hildakorik baieztatu, baina suhiltzaileek ez zuten izan aukerarik migratzaileen bizilekuetara sartzeko. Greziako Gobernuak kanpalekuetarako duen arduradun Manos Logothetisek gehitu zuen migratzaileentzako aterpe bat bilatzea dela orain lehentasuna, eta behin-behinean inguruko hondartza batera mugitzeko aukera jarri dutela mahai gainean. Horren harira, Greziako Migrazio ministro Notis Mitarakisek jakinarazi zuen lekualdaturiko 3.000 migratzaileetatik mila ferry batera eta armadaren bi ontzira eramango zituztela —ferryra atzo gauean, eta beste bi ontzietara gaur—, eta gainontzekoak karpa batzuetan sartuko zituztela.

Europako Batzordeak, berriz, adierazi zuen bakarrik dauden 400 adingabe Europara lekualdatzea eta horiei aterpea aurkitzea adostu duela. «Moriako jende guztiaren segurtasuna eta guztientzako aterpea dira uneotan lehentasunak», adierazi zuen Ylva Johansson Barne komisarioak.

Lehen kasua, iragan astean

Errefuxiatuen kanpalekuan aurreko astean detektatu zuten lehen COVID-19 kasua: errefuxiatu estatusa duen somaliar bat izan zen positibo ematen lehena. Atenaserako bidea hartu zuen lan bila, baina Moriara itzultzea erabaki zuen gerora, kanpalekua inguratzen duen olibondo sailera.

Egoerak okerrera egin du, eta Greziako osasun zerbitzu publikoak PCR probak egiten ari dira errefuxiatuen eta kanpalekutik gertu bizi diren biztanleen artean. Orain arte, 35 dira migratzaileen artean atzemandako kasuak, baina gehiago dira isolatu dituztenak, eta kopuruak gora egitea espero da.

Moriakoa da Europako errefuxiatu kanpalekurik handiena, eta ez dago koronabirusaren pandemiari aurre egiteko prestatua; besteak beste, ur eta hornidura falta handiak dituzte. Izan ere, 3.000 lagun inguru hartzeko prestatuko azpiegituran ia 13.000 pertsona bizi dira, heren bat adingabeak. «Horrelako eremu batean ezinezkoa da segurtasun neurriak aurrera eraman ahal izatea, ez gutxieneko distantzia mantentzea, higiene neurriak, musukoak...», adierazi zuen Zaporeak elkarteak ohar batean.

Errefuxiatuak martxoaren 22tik kanpalekutik atera ezinda daude, bakartze egoera ezarria dagoelako. Izan ere, egun batzuk lehenago atzeman zuten Lesbos irlako lehen koronabirus kasua, kanpalekutik kanpo. Orduan, gaitzak eragin zitzakeen arriskuez ohartarazi zuten gobernuz kanpoko erakundeek.

Besteak beste, kanpalekuko bizi baldintza «beldurgarriek» birusaren hedatze «geldiezinaren» arriskua areagotzen dutela nabarmendu zuen Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak.

Migratzaile gehien jasotzen dituen Europako guneetako bat izanik, iragan martxoaren 1etik aurrera Lesbos irlara iritsi diren errefuxiatu guztiei berrogeialdia ezarri die Greziako Gobernuak, Moriako kanpalekutik kanpo.

Informaziorik gabe

Garmendiaren esanetan, desinformazioa edo informaziorik eza da migratzaileen arazo larriena. «Larrialdi bat gertatzen den aldiro gobernuak egiten duen lehen gauza izan ohi da errepideak eta komunikabideak etetea. Migratzaileek ez dakite zer gertatuko den eurekin».

Zaporeak proiektuak migratzaileentzako otorduak prestatzen ditu Moriako kanpalekuetan, eta halaxe egin zuten atzo ere, nahiz eta argi izan ez zutelako denentzako nahikoa jakirik izango. «Halakoetan beti sortzen dira tentsio uneak, jende askok egunean behin soilik jaten duelako, eta oraingo egoeran are gehiago».

Bien bitartean, Greziatik eta Oxfam erakundetik ikerketa bat eskatu zuten Europak errefuxiatuen kudeaketan izandako rolaren inguruan. «Sute batekin amaitu den giza tragedia hau saihestu zitekeen, Europako Batasunak bestelako kudeaketa bat egin izan balu. Okerreko erantzuna eman diete gerratik eta miseriatik ihesi zetozen milaka pertsonari», salatu zuen Evelien van Roemburg Oxfameko Europarako arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.