Ez du aurrera egin Hego Koreako presidente Yoon Suk-yeolen aurkako zentsura mozioak. Gaur goizean egin dute hura kargugabetzeko bozketa, Hego Koreako Parlamentuan, eta Yoonen alderdikide ia guztiek, hiruk izan ezik, boikota egin diote. Gutxienez 200 parlamentariren —denera, 300 parlamentari daude— babesa beharrezkoa zen zentsura mozioak aurre egiteko; horren alde egin dute oposizioko Alderdi Demokratako 192 parlamentariek, baita Yoonen Herriaren Boterearen Alderdiko hiruk ere. Baina, bost botoren faltan, presidentetzari eutsi dio.
Oposizioak asteazkenean erregistratu zuen Yoonen aurkako zentsura mozioa, presidenteak astearte iluntzean gerra legea ezarri ondoren. Neurri horrek anabasa sortu zuen herrialdean. Yoonek argudiatu zuen erabakia hartu zuela oposizioa «matxinada bat» prestatzen ari zelako, eta zera egotzi zion, Ipar Korearekin «gertuko harremana» izatea. Herritarrak, ordea, berehala atera ziren kalera, presidenteak ezarri berri zuen gerra legearen aurka egiteko. Halaber, Hego Koreako Parlamentuko 190 diputatuk, hau da, oposizioko kideek —gehiengoa dira parlamentuan—, ezohiko bozketa bat egin zuten, gerra legea indargabetzeko eskaeraren alde. Horiek hala, atzera egin behar izan zuen Yoonek, eta gerra legea bertan behera utzi zuen; sei ordu egon zen indarrean.
Zentsura mozioaren bozketa egin baino lehen, beste bozketa bat egin dute parlamentuan. Horren helburua zen Yoonen emazte Kim Keon-heeri buruzko ikerketa bat abian jartzea, ustelkeriagatik. Oposizioaren eskaerak, baina, ez du nahikoa babes lortu, eta bertan behera gelditu da hori ere. Horren ondoren, ganberatik irten dira Hego Koreako presidentearen alderdiko ia parlamentari guztiak, haren aurkako zentsura mozioari boikot egiteko.
Nolanahi ere, Herriaren Boterearen Alderdiko buru Han Dong-hoonek bozketaren aurretik prentsari esandakoaren arabera, irudi du Yoonek berandu baino lehen utzi beharko duela presidente kargua: «Yoonek dimisioa eman beharko du laster, saihetsezina da». Horixe iradoki du herrialdeko presidenteak berak, gaur goizean egindako agerraldi batean: «Nire alderdiaren esku utziko dut egoera politikoaren egonkortzea, baita nire agintaldiaren etorkizuna ere». Horrez gain, asteon aurrenekoz, barkamena eskatu die herritarrei, gerra legea ezarri eta «kezka eta ezegonkortasuna» eragiteagatik.
Yoon kargugabetzeko mozioak huts egin duen arren, oposizioak esan du ez duela amore emango, eta beste zentsura mozio bat aurkeztuko duela. Bada, Hego Koreako Yonhap berri agentziak kaleratu duenez, Alderdi Demokratak asmo du eskaera hori datorren abenduaren 11n erregistratzeko, eta litekeena da bozketa abenduaren 14an egitea.
Haserrea kaleetan
Presidenteak ezustean gerra legea ezarri, eta horren ondorioz egoera politikoa ezegonkortu zenetik, milaka herritar kalera atera dira asteon, Yoonen aurka protesta egitera. Bozketa hasi baino lehen, elkarretaratze jendetsu bat egin dute parlamentuaren eraikinaren aurrean. Yonhap berri agentziak jakinarazi duenez, 150.000 pertsona inguru bildu dira. Besteak beste, manifestazio horietan parte hartu du herrialdeko sindikaturik handienak, Hego Koreako Sindikatuen Konfederazioak.
Herrialdeko hedabideen arabera, ez da istilu larririk izaten ari protesta horietan. Yonhap berri agentziak kaleratu du, dena den, Poliziak gizon bat atxilotu duela elkarretaratzearen hasieran, parlamentuaren aurrean bere buruaz beste egiten saiatu ondoren. Ospitalera eraman dute.