«Yemenen jarrera argia da: Israelek Gazako herritarren aurkako gerra gelditzen duenean soilik etengo dira huthien erasoak», ohartarazi zuen Abdullah Ben Amerrek, talde politiko-militarreko goi kargudun batek. Abendu amaieran egin zituen adierazpenok, The New York Times egunkariak egindako elkarrizketa batean. Ziurrenik, haren mehatxuek ez zuketen inolako kezkarik eragingo baldin eta huthien kontrolpeko Yemengo eremua ez balego munduko itsas trafikorik handienetako bat duen inguruan, Itsaso Gorrian, alegia.
Hamasekiko elkartasunagatik baino gehiago, Israel eta AEBekiko etsaitasunagatik sartu dira huthiak Ekialde Hurbileko gatazkan, eta horregatik hasi dira Israelekin nolabaiteko harremana duten itsasontzien aurka egiten. Baina hori ez da erasoen atzean dagoen arrazoi bakarra. Hona hemen gatazka ulertzeko zenbait gako:
Sorrera
1990eko hamarraldian sortutako mugimendu politiko eta militarra da huthiena. Gehiengo sunita duen herrialdean gutxiengoa dira, zaidiak, xiismoaren adar baten jarraitzaileak. Zaidiak agintean izan ziren Yemen iparraldean 1962ko iraultza piztu zen arte. Mugimendua indartuz joan da urtetik urtera, Yemengo Gobernuak euren kultura eta sinesmena baztertu egiten dituen ustearen aterkipean. Huthiek mehatxutzat dauzkate agintean dauden sunitak, bai Yemenen agintzen dutenak, baita mugakide duten Saudi Arabian gehiengo direnak. Bide batez, etsaitzat dauzkate erregimen horien aliatu diren Arabiar Emirerri Batuak eta AEBak ere.
Boterea
Mende hasieran, 1978tik agintean zen Ali Abdallah Salehren aurkako protestak indartuz joan ziren, besteak beste Yemenek bat egin zuelako AEBekin terrorismoaren aurkako gerra deiturikoan. Saleh indarrez ahalegindu zen huthiak desagerrarazten, baina 2011n, Udaberri Arabiarra heltzearekin batera, erbestera ihes egin zuen. Huthiek abagunea baliatu zuten Yemen iparraldearen kontrola bereganatzeko. Apurka, gero eta eremu gehiago bereganatuz joan ziren, 2014an hiriburura heldu ziren arte. Urtebete geroago, ordea, gerra piztu zen Saleh babesten zuten indarren eta huthien artean. Saudi Arabiaren eta AEBen sostengua izan arren, gobernu zentralak ez zuen lortu galdutako eremua bereganatzea, eta orain huthien kontrolpean dago hiriburua.
Gaur egun 20.000 laguneko milizia bat dela uste da. Ansar Allah da haien buru, eta haien kontrolpean dira Yemengo ipar-mendebaldea ez ezik Itsaso Gorrirako sarrera-irteerak ere.
Israel
Huthiek hasieratik aldarrikatu dute palestinarren eta Hamasen aldeko jarrera, eta Israelekiko etsaitasuna. Ordea, Gazaren aurkako erasoaldiak aukera eman die beste urrats bat egiteko; izan ere, kontuan hartu behar da Yemenen egin dituztela Palestinaren aldeko orain arteko manifestaziorik jendetsuenak. Gazaren alde egiteko argudioarekin, herritarren babesa berreskuratu nahi dute huthiek, azken urteetako gerra zibilak egoera ekonomiko larrian utzi baitu eskualdea: langile publikoek hilabeteak daramatzate soldatarik gabe, langabezia inoiz baino handiagoa da, eta elikagaiak eta botikak, gero eta eskasagoak. Ondorioz, huthien aurkako protestarik egon ez den arren, kritikak zabaltzen hasiak dira, eta horrek kezka eragin dio erregimenari. Israelen aurkako kanpainak, berriz, babesa berreskuratzeko aukera ematen dio, baina ez hori bakarrik, baita eskualdean aintza hartzeko indarra dela erakustekoa ere.
AEBak
Orain arte egin izan nahi ez duena egitera behartu dute huthiek Washington, hau da, Ekialde Hurbileko gatazkan militarki esku hartzera. Baina arrazoia ez da izan Israel babestea, ekonomia baizik. Iaz, huthiek Itsaso Gorriko ontziei erasotzen jarraitzen zutela ikusita, koalizio militar bat eratu zuen Etxe Zuriak beste hainbat herrialderen babesarekin; tartean, Erresuma Batua eta Kanada. Hasieran nolabaiteko ohartarazpena zena errealitate bilakatu zen handik gutxira. Abenduaren 31n, AEBetako helikoptero batek eraso egin zien zamaontzi bat abordatzeko ahaleginetan ari ziren hainbat txalupari. Gutxienez hamar miliziano hil zituzten. Gatazkak koska bat egin zuen gora, eta, horrekin batera, huthiek jaurtitako misilak ugaritu ziren.
Bidenek ahaleginak egin ditu esku hartze militarra egin beharrik ez izateko edo, gutxienez, Ekialde Hurbileko gatazkak ez areagotzeko, batez ere AEBetako presidentetzarako hauteskundeak ate joka dituelako, eta nazioarteko krisi batek krisi ekonomikoa ere ekar diezaiokeelako. Alde horretatik, urtarril hasieran koalizioak ohar bat plazaratu zuen nabarmenduz «erasoen erantzukizun oro» huthiena izango zela. Baina horrek ez zuen kikildu milizia, eta borrokak gogortuz joan dira.