Huthiek misil bat jaurti dute Tel Aviveko aireporturantz, Israelen erasoari erantzunez

Israelgo armadak esan du misila bere aireko espazioan sartzerako suntsitu duela. NBErentzat, «kezkagarriak» dira Israelek Yemenen egindako erasoak.

Sanako aireportuko kontrol dorrea, gaur. Israelek hura eta Yemengo beste hainbat azpiegitura bonbardatu zituen atzo. YAHYA ARHAB / EFE
Sanako aireportuko kontrol dorrea, gaur. Israelek hura eta Yemengo beste hainbat azpiegitura bonbardatu zituen atzo. YAHYA ARHAB / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abenduaren 27a
16:42
Entzun

Huthiek Israelen erasoari erantzun diote. Tel Aviveko Ben Guiron aireportua jomuga zuen misil bat jaurti dutela jakinarazi dute gaur; baita droneekin eraso bat egin dutela ere. Israelgo armadak esan du misila bere aireko espazioan sartu aurretik atzeman duela. Atzo, Israelek Yemengo aireportu nagusia eta beste hainbat azpiegitura bonbardatu zituen.

Sirenek jo dute gaur goizaldean Tel Aviv inguruko zenbait gunetan. Israelgo armadak adierazi duenez, Yemendik jaurtitako misil bat suntsitu dute, eta sirenek jo dute misilaren zatiak eror zitezkeelako. Ez da inor zauritu, Magen David Adom Israelgo larrialdi zerbitzuen buruaren arabera.

Geroago, huthiek bere gain hartu dute misilaren jaurtiketa. Saba Yemengo berri agentzia ofizialak zabaldu duen oharraren arabera, misil balistiko bat jaurti dute Ben Guiron aireportura. Gainera, adierazi dute Israelek ezkutatu nahi izan duen arren misilak aireportua jo duela, haren jarduna eten duela, eta hildakoak eragin dituela. Kontrara, aireportuko webgunearen arabera, hura normal funtzionatzen ari da. Droneekin eraso bat egin dutela ere azaldu dute huthiek; Israelgo armadak ez du halakorik baieztatu.

Oharraren amaieran, huthiek ziurtatu dute ez dituztela Israelen aurkako erasoak etengo Israelek Gazaren aurkako oldarraldia amaitu arte. Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo esan zuen huthien aurkako erasoekin jarraituko dutela «zeregina amaitu arte».

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresentzat, «kezkagarriak» dira Israelek atzo Yemenen egindako erasoak. Guterresen bozeramaileak gaur goizaldean zabaldutako oharraren arabera, NBEko idazkari nagusia arduratuta dago, huthien eta Israelen arteko gatazka gaiztotzen ari delako.

Ospitale bati su Gazan

Gaza iparraldeko Kamal Adwan ospitaleari eraso egin dio gaur Israelgo armadak, baita su eman ere. «Ebakuntza departamentu guztiak erretzen ari dira», azaldu du ospitaleko zuzendari Hussam Abu Safiak, Instagramen. Gazako Osasun Ministerioko zuzendari nagusi Munir al-Burxek ere baieztatu du berria. Ohar bidez esan du militarrak ospitalean sartu direla, eta su eman diotela. Eta ministerioak Telegram bidez jakinarazi du zenbait departamentu «erabat erreta» geratu direla. Aurrez, Israelgo armadak ospitalea husteko agindu du.

Armadak X sare sozialean azaldu du ospitalean Hamasen «azpiegitura terroristak» zeudela; baita bertan zeuden gaixoak beste ospitale batzuetara ebakuatuko dituztela ere. Gazako Osasun Ministerioak zehaztu du militarrak «behartuta» ari direla eramaten gaixoak hiri bereko beste ospitale batera.

Gaza iparraldean martxan dauden hiru ospitaleetako bat da Kamal Adwan; Beit Lahia hirian dago. Azken asteetan, behin baino gehiagotan egin dio eraso Israelgo armadak, eta igandean ospitalea husteko agindu zuen. Astelehenean, ospitaleko zuzendariak esan zuen «ia ezinezkoa» zela ospitaleko gaixoak modu seguruan ebakuatzea.

Azken orduetan Gazan egindako erasoetan, gutxienez hamasei pertsona hil dituzte, Al-Jazeera hedabidearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.