Errefuxiatuen krisa. Grezia

Hurrengo zeharkaldirako lehen urratsak

Ofizialki, 2.900dik gora pertsona hil dira aurtengo udan Mediterraneoan, Europarako bidean. Beste milaka askok itsasoa zeharkatzea lortu dute. Krisiak jotako Greziara, gutxienez, 318.000 heldu dira. Atenasera iristea dute lehen helburua, Europako beste herrialde batzuetarako zeharkaldian segitu ahal izateko.

Egunero bi ferry lehorreratzen dira Pireoko kaian, Lesbosera heldutako errefuxiatuz beteta. IANNIS KOLESIDIS / EFE.
Atenas
2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Goizeko zazpi eta erdiak dira. Ferry bat Atenasko portura iritsi da, ordubeteko atzerapenarekin. Lesbostik (Grezia) dator itsasontzia, eta, trabarik jartzen ez badute ere, poliziak portuan dira, 300 bat errefuxiatu nola heldu diren ikuskatzen. Musuan maskara kokatu bitartean, kazetarien lana ere kontrolatzen dute poliziek: ez dute argazkirik nahi. Are gehiago, itsasontzitik urrun eduki nahi dute prentsa, errefuxiatuekin hitz egitea ekiditeko. Atenasera iritsi berriek ez dute jaso janaririk, edaririk edo arroparik, hamar ordu baino gehiagoko bidaia egina duten arren. Familia eta lagunak batu, eta hiriburuko erdialdera abiatu dira. Haietako asko, oinez; beste batzuk metroan hurbiltzen saiatu dira. Egun osoan beste bi ferry iritsiko direla esan du polizia batek: «Abuztu hasieratik, egunero berdin gabiltza», gaineratu du.

Etxea familiaren zaintzapean utzi, eta Turkiaraino oinez eta autobusez iritsi. Turkiatik Lesboseraino, hamalau kilometroko bidaia arriskutsua, mafiek kontrolatzen duten txalupetako batean. Hondartzara biltzen diren erizainen laguntza jaso, bi edo hiru egun Lesbosko errefuxiatu kanpamentuetan igaro, egunero irlatik abiatzen den ferryetako bat hartu, eta Atenasera iritsi. Siriatik ihesi etorritako errefuxiatuak edonon topatu daitezke Greziako hiriburuan.

Tarteko geltokia

Zailena eta arriskutsuena pasatu dela uste duten arren, Alemaniara edo Europako beste herrialderen batera iristeko bidaiaren zati txiki bat baino ez dute egin errefuxiatuek. Eta zailtasunak ere bidaiaren parte izango dira. Orain, hesiz, autobusez, trenez, errefuxiatuen kanpamentuz eta kontrolez beteta egongo den bigarren zatia noiz hasteko zain daude. Baina bidaiaren lehenengo zatia egina dute. Ez dago atzera bueltarik, Europan barrena doaz, «lehen mundua» helburu.

Demokraziaren sehaskatik abiatuta. Horren isla da alderdi politiko ezberdinen ekitaldien eta hiriko mobilizazioen plaza nagusia, Atensako Syntagma plaza. Hiriburu erdi-erdian dago. Azken egunotan, urtarrileko hauteskundeekin eta uztaileko erreferendumarekin gertatu ez zen bezala, hemen ez da asko hitz egiten gaurko hauteskundeen inguruan. Alderdi politikoen kartelen presentzia aurrekoetan baino askoz urriagoa da, atenastarren esanetan. Plazan, Syrizaren hauteskunde kanpainaren azken ekitaldiak prestatu dituzten arren, inguruko kaleetan ez dira bozak existitzen.

Errefuxiatuek Syntagma inguruko kaleak hartu dituzte. Metro, autobus zein tren geltokietan batzen dira siriarretako asko; aterpean dagoen edozein gune da egokia. Aireportuan ere badaude, beraiek ez bezala hegazkinetara igotzen eta hegazkinetatik jaisten diren mundu osoko turistekin batera.

Behin eguzkia sartuta, errefuxiatuetako asko Syntagmatik oso gertu kokatuta dagoen Omonia plazan bildu dira, eguneroko legez. Egun osoan, bakoitzak bere eginbeharrak egin ditu hirian barna, banaka edo taldeka, seme-alabekin edo lagunekin. Plazan, bi talde handi daude: siriarrak eta gainontzeko herrialdeetakoak. Siriarrak gehiago dira, gazteak eta gizonezkoak gehienak. Emakumeek, hiriko boluntario gutxi batzuen laguntzarekin, afaria prestatzen dute egun osoan bildutako janariekin. Ondo banatu behar dute: afaria ez da soilik errefuxiatuentzat. Atenasko kale gorrian bizi diren asko bildu dira afari eske. Demokrazia Berria alderdiak ekitaldia izan du plazan, eta agertokia kendu gabe dago oraindik. Alderdiko hautagaiak, Evangelos Meimarakisek, errefuxiatuen gatazka Europako Batasunaren baitan konponduko dela esan du alderdikideen txaloekin babestuta. Errefuxiatuak ez dira konturatu ere egin haiei buruz ari direla ekitaldian.

Izarak eta lo-zakuak gauerako prest dituztela, plazako arkupeetan Al-Maxi familia dago. Houman aita, Hala ama eta Ammar eta Samir semeak. Kazetariek zein herritarrek haiekin hitz egitea eskertzen dute, baina ez dute nahi argazkirik ateratzea. «Segurtasunagatik», dio aitak. Izan ere, azkeneko egunetan poliziak ugaldu egin dira errefuxiatuen inguruan. Soilik aitak hitz egin nahi du, semeek amarekin batera xakean jokatzen duten bitartean. Ideiak argi ditu, eta ingelesez dakien bakarra da lauretatik. «Hemen gauden gutxi batzuk baino ez gara ingelesez moldatzen. Ezezagun askoren itzultzailea naiz askotan». Irailaren 13an iritsi ziren Atenasera, eta, oraingoz, ez dute mugitzeko asmorik. Garairik onena iritsi arte itxarongo dute. «Europako mendebaldera iritsi nahi dugu, baina ez dugu presarik. Ez dugu kilometro asko egin, baina nekatuta eta zaurituta gaude», dio aitak, zauriz betetako oina erakutsiz. Turkiako hondartzetara iristen ari zela egin zituen zauriok, arroketatik ibiltzen, Lesbosko uhartera eraman zituen itsasontzia hartu aurretik.

Gauez hartu zuten itsasontzia, guztira 4.000 euro baino gehiago ordaindu ostean. «Estu—estu gindoazen txalupan; 40 pertsona baino gehiago. Baliteke txalupak kotxe baten luzera baino apur bat gehiago izatea, besterik ez». Hainbat ordutan eguzkipean itxoin, eta paperak lortu zituzten orduan, Lesbosen bertan dagoen Gobernuaren bulego batean. Gau bat kalean igaro, beste errefuxiatu askorekin ferry batean tokia lortu, eta Atenaserako bidaia; oraingoan, arrisku txikiagorekin.

Behin Atenasen, errefuxiatu batzuek Mazedoniarako bidea hartu zuten. Beste batzuk, Al—Maxi familia kasurako, zain geratu ziren, garairik onena noiz iritsiko. «Zailena atzean utzi dugu. Behin itsasoa zeharkatuta, gure bizitzak ez ditugu arriskuan jarriko. Zenbat pertsona hil dira itsasoan urte honetan?», galdetu du Houmanek. Berak bakarrik erantzun dio galderari. «Barra — barra», adierazi du eskuekin.

Mugen beldurrik ez

Berandu eta kostata bada ere, euren herritarren egoeraren berri dute Omoniako plazan bildutakoek. Bi sakelako ditu familiak, baina daturik gabe: Lesbosen eta Atenasen familiari deitzeko erabili dute soilik: «Arduratuta zeuden». Behin muga batzuk itxita, asteartean Hungariako Polizia errefuxiatuei oldartu zitzaiela jakin dute. Al-Maxi familiak ez ditu irudiak ikusi, baina plazan beraiekin dagoen errefuxiatu batek asteazkenean jakinarazi zien gertatutakoa. Bideoak erakusteak eta gertatutakoa laburbiltzeak ez ditu kikildu. Are gehiago, aitak irribarre batekin erantzun du: «Zergatik erabiltzen dute ura?». Siriako mendebaldetik, Hamah hiritik datoz. Homs eta Aleppo hiri nagusien artean dago kokatuta. Azken urteetan euren jaioterrian zenbat gerra hegazkin, zenbat bonba eta zenbat tanke ikusi dituzten nabarmendu du. «Guda batetik ihesi goaz. Ez gatoz dirua eskatzera. Bizitza berri bat hasi nahi dugu, besterik ez».

Etxean zer utzi duten galdetuta: «Dena». Hiru poltsa handi dituzte. Bertan ahal den guztia sartu dute, arropa batez ere, negukoa barne. Lo egiteko izarak eta lo-zakuak ere bertan dituzte. «Ez dugu askoz gehiago behar bidaiarako». Siriako etxea, berriz, ez da hutsik geratu. «Familia osoa bizi ginen han. Hantxe geratu direnek Europara etortzeko apustua egin arte, al-Maxitarren etxea izango da aurrerantzean ere». Konbentzituta daude: euren herrikideek ez dute askoz gehiago iraungo Sirian, eta beraiek duela astebete hartutako bideari ekingo diote, arriskutsua izanik ere. «Arriskutsua da, noski. Baina han geratzea arriskutsuagoa da, zalantzarik gabe», gaineratu du aitak.

Siriara bueltatzea ez dago orain al—Maxitarren buruan. Itzuleraren inguruan galdetuta, «azkeneko aukera» da haientzat. «Guda bukatzerako bizitza berri bat eraikita izateko esperantza dugu».

Nazioarteko komunikabideetan dute itxaropena, baina kazetari eta hedabide jakin batzuen lana kritikatu dute. Garbi daukate zailtasunak handiagoak izango liratekeela «hedabide askoren lanagatik izango ez balitz». Lesbosera iristean aurkitu zituzten kazetari guztiak ditu gogoan Houmanek. «Ez dakit zehazki zenbat zeuden, baina guztiak zeuden laguntzeko prest». Behin Atenasera iritsita, beraiek bezalako iheslariak lehen orrietan ikusi dituzte, drama, zorigaiztoa eta antzeko hitzen ondoan.

«Europan, bai, baina Atenasen ere poliziak ez gaitu begi onez ikusten, ez portuan, ez aireportuan, ezta erdialdean ere. Zabaldu gure egoera, zergatik gauden ihesi, eta zer den bila gabiltzana, besterik ez». Haserre hitz egin du aldameneko errefuxiatu batek, kazetari bat janaria eskainiz hurbildu zaionean. Ez dute gupidarik nahi; ez dute limosnarik nahi. Bizitza berri bat hasteko, pairatu dituzten arriskuen berri ematea nahi dute; etorriko direnek haiek jasandakoa berriz ez jasateko.

Kanpainako hizpide

Azkenean, hauteskunde kanpainarako gai ere bihurtu da iheslarion etorrera. Uztaileko erreferenduma izan eta gutxira hasi zen «errefuxiatuen krisia». Alderdi guztiak gaiaren inguruan mintzatu dira. Syrizak ongietorria egin die gudatik ihesi datozeneei. Lesbosen bertan hauteskunde ekitaldiak egin ditu. Demokrazia Berria ere arazoa konpontzearen alde agertu da, baina mezu kontraesanezkoak ere tartekatu ditu. Beste muturrean dago Egunsenti Urrekara, Greziako Legebiltzarreko gaur egungo hirugarren indarra. Etorkinen aurka mezu xenofoboak hedatzeagatik ezaguna zen lehen alderdia, areagotu egin ditu mezuok. Europako beste herrialde batzuek egin duten bezala, armada kalera eta itsasora ateratzearen alde agertu da.

Gaurko bozen ondorioz osatuko den gobernuak errefuxiatuen aferari egin beharko dio aurre. Iheslariok zeharkaldi luzea egin beharko dute, nolanahi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.