ERC Esquerra Republicana Kataluniako alderdi subiranistak iaz Kongresu Nazionala abiarazi zuen, eta primarioak egin zituen. Abenduaren 14an, Oriol Junqueras berretsi zuten alderdiko presidente, eta, ordutik, alderdiaren antolaketa eta jarraitu beharreko ildo estrategikoa eta politikoa eztabaidatzen ibili dira subiranistak; hau da, hurrengo urteei begira ERCk jarraitu beharreko bide orria erabakitzeko pausoak eman dituzte. Egin beharreko urrats horiek guztiz ezartze aldera, kongresuaren bigarren zatiari amaiera emango diote asteburuan, Martorellen (Herrialde Katalanak); bihar hasi eta igandean bukatuko dituzte bilerak. Han bozkatuko dute zer bide orri izango duten aurrerantzean.
Junqueras botoen %52,2 eskuratuta gailendu zen primarioetan, eta kanpainan beste hautagaiekin izandako eztabaidek alderdia zatikatuta zegoela erakusten zuten. Badirudi ERCko presidenteak egoera hori aldatzea lortu duela: dirudienez, bileran ia ez da izango bere agendari oztopoak jarri ahal dizkion barne oposiziorik. Are gehiago, Kataluniako hedabideek argitaratu dutenaren arabera, Junquerasen astebururako xedeetako bat da alderdia bateratuta dagoela erakustea.
Egoera bare batean heltzeko, baina, alderdiko presidenteak berarekin lehiatu ziren hautagaitzekin negoziatu du; bereziki Ezker Nazional Berriarekin. Xavier Godas buruzagi duen hautagaitza bigarren itzulira heldu zen primarioetan, baina Junqueras gailendu zitzaien. Godasen taldeak, hala ere, ez du Junquerasen buruzagitza begi onez ikusi. Hori dela eta, bi zuzenketa aurkeztu zituen. Alde batetik, hautagaitzak argudiatzen zuen Junquerasek ezin zuela berriz presidente izan; eta, bestetik, presidenteak eta idazkari nagusiak erantzukizun instituzionalak izatea galarazi nahi zuen —hau da, Junquerasek eta Elisenda Alamanyk kargu publikoak izateko aukera baztertu nahi zuen—.
Afera asteon amaitu da, Ezker Nazional Berriak zuzenketak kendu baitzituen asteazkenean. Egun horretan Godasen hautagaitzak argitaratutako oharrean ohartarazi zuenez, ordea, ez ditu bere bi eskaera horiek alde batera utziko. «Ezker Nazional Berriak zuzenketak kentzea erabaki du, zuzendaritzak gai horiei sakontasunez heltzeko eztabaida espezifiko bat egiteko konpromisoa hartu baitu. Hautagaitzak urrats hori egin du, alderdiaren eredua oso gai garrantzitsua izanik, eztabaida pertsonalez zipriztinduta gera ez dadin», argudiatu zuen Ezker Nazional Berriak.
Horiek horrela, eta behin ERCko 30. Kongresuaren bigarren zatia amaitutakoan, hirugarren zatira egingo du salto alderdi subiranistak. Hirugarren pauso horretan eskualdeetako buruzagitzak aukeratu beharko dituzte.
Independentziari ez
Godasen eta Junquerasen hautagaitzaz gain, beste bi talde nagusi daude ERCren barruan: Su Berria eta Agora Errepublikanoa. Aurreneko taldearekin akordio batera heldu da Junqueras, eta adostu dute Katalunia independente batean ERCk katalana hizkuntza ofizial bakar gisa defendatuko lukeela. Agora Errepublikanoarekin, ordea, ez du akordiorik lortu Junquerasek. Joan Tarda da hautagaitza horretako buruzagia, eta Espainiako Kongresuko diputatu ohiaren ideiekin talka egiten du ERCko presidentetzak.
Izan ere, Tardak argudiatu duenez, alderdiak aukera eman beharko lieke independentziaren alde ez dauden subiranistei ERCko kide izateko. Junqueras —eta alderdiko beste talde gehienak— ideia horren aurka agertu dira.