Sektore publikoan murrizketak egitea krisia gainditzeko «bide bakarra» dela ziurtatu du Mileik

Argentinako presidenteak aurreratu du 23.000 milioi euroren murrizketak izango direla. Neurri horien ondorioz, langabeziak eta pobreziak gora egingo dute.

 FOTODELDÍA  ARGENTINA INVESTIDURA
Javier Milei presidentearen inbestidura ekitaldia, atzo, Buenos Airesen. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 11
12:22
Entzun

Argentinako egoera ekonomikoaren inguruan kezka eta beldurra sortzeko baliatu du inbestidura ekitaldia Javier Mileik. Duela bi aste inguru irabazi zituen bozak, eta atzo hartu zuen herrialdeko presidente kargua; ekitaldi horretan eman zuen lehen hitzaldi ofiziala Kongresuaren aurrean. Protokoloak agindu bezala, diputatuak eta beste politikariak agurtu zituen lehenengo; baina salbuespen batekin: ez zituen legebiltzarkideak aipatu. «Aro berri bati» hasiera eman zion ondoren, eta zin egin zien bere jarraitzaileei inflazioa amaitzeko ahaleginak egingo dituela. Argi utzi zuen, hori bai, «ezarri beharreko neurriek» bat-bateko konponbiderik eskainiko ez dutela; eta, haren iritziz, krisia gainditzeko «bide bakarra» zera da: sektore publikoan murrizketak egitea.

Mileik ikuspuntu populista batetik eraiki zuen berriro ere bere diskurtsoa, eta azpimarratu zuen liberalismoa «besarkatzeak» norberaren askatasuna bermatuko duela. Krisialdiari aurre egiteko, aldiz, 23.000 milioi euro inguruko murrizketak ezarriko ditu sektore publikoan, eta horrek pobrezia eta langabezia tasak handituko ditu. Hala azaldu zuen Argentinako presidenteak: «[Sektore publikoko murrizketek] Eragin okerra izango dute aktibitatean, lanean, txiroen eta etxegabeen kopuruan, eta inflazioan, baina hori izan da azken hamabi urteotako egoera».

Eman zituen datuen arabera, BPG barne produktu gordinaren %17ko defizita du Argentinak, eta guztizko horren %5 altxor nazionalari dagokio. «Beraz, estatuaren ardura da kalte hori konpontzea, eta ez sektore pribatuarena», adierazi zuen. Era berean, «%15.000ko inflazioa gainditzen» dutela salatu zuen Argentinako presidenteak  —egiatan %140koa da—, eta salatu zuen halako egoera ekonomikoari aurre egitea oso zaila dela. Ezintasuna aitzakiatzat hartu, eta aurreko gobernuari —Alberto Fernandezenari— «katastrofearen» errua bota ostean, Mileik esan zuen Argentinako inflazioak gora egingo duela hurrengo bi urteetan.

Ultraeskuineko alderdietako buruzagi gehienen antzera, Mileik zin egin zuen neurriek gizartearen egoera hobetuko dutela, baina horretarako denbora behar izango dutela. Beste gauza batzuen artean, jabetza pribatua, lanaren banaketa eta gizarte kooperazioa babestuko dituzte, eta estatuaren esku hartzea murriztuko dute sistemako arlo guztietan. «Guk ez dugu boterea nahi, guk herrialde proiektu bat garatu nahi dugu», ihardetsi zuen.

Mehatxu itxurako esaldi batekin eman zion amaiera hitzaldiari: «Indarkeria erabili nahi duten guztiek sinesmen sendoak dituen presidenteari egin beharko diote aurre, haiek erantzuteko estatuko zirrikitu guztiak erabiliko dituen horri, hain zuzen».

Neurri ekonomikoak, bihar

Sektore publikoko murrizketez harago, Mileik ez zuen beste erabaki garrantzitsuen berri eman. Hori bihar egingo dute, Luis Caputo Ekonomia ministro berriak orduan jakinaraziko baititu lehen neurri ekonomikoak, Manuel Adorni bozeramaileak gaur azaldu duenez. Adornik azaldu du ekonomia gobernuaren egunerokoaren oinarrizko gai bat izango da.

Agintaldi mugitua izango du Mileik, eta jada haren kontrako lehen manifestazioak antolatu dituzte. Hilaren 19an eta 20an egingo dituzte, eta Polo Obrero talde sozialaren buruzagi Eduardo Belliboniren arabera, datozen murrizketen kontra egingo dute protesta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.