EB Europako Batasunak Hungariarentzako funtsen %55 blokeatuko du azkenean: 6.300 milioi euro. Horrek esan nahi du talde komunitarioak aurrenekoz ukatuko diola bere aurrekontuko dirua estatu kide bati, zuzenbide estatua urratzea egotzita. Halere, Europako Batzordeak proposatutakoa baino apur bat arinagoa izango da zigorra. Izan ere, justizia sisteman eta ustelkeriaren aurkako borrokan eskatu zaizkion erreforma guztiak ez egitea leporatuta, 7.500 milioi euro blokeatu nahi zizkion batzordeak Budapesti; hau da, funtsen %65. Klub komunitarioak goizaldean egin du ituna, Txekiak Twitterren iragarri duenez —EBren presidentetza du—. Eta akordioa heldu da, hain zuzen, Viktor Orban buru duen gobernu ultrakontserbadoreak betoa kendu dielako Bruselarentzat ezinbestekoak diren bi auziri: klubak 2023an Ukrainara bideratu nahi duen 18.000 milioi euroko laguntzari eta sozietate zergan %15eko gutxieneko tasa ezartzeari.
Horrenbestez, Bruselak aurrenekoz aktibatu du 2020ko udazkenean Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak adostutako prozedura. Horrek zehazten du EBko estatu kideek baldintza bat bete behar dutela funtsak jasotzeko: «blokearen balioak eta printzipioak» betetzea. EBk uste du Budapestek egindako erreformek ez dituztela zuzenbide estatuaren gabezia guztiak konpontzen, baina, zenbait hedabidek iturri komunitarioak aipatuz kaleratu dutenez, kontuan hartu du orain arte ezarritako «neurri zuzentzaileen garrantzia eta kopurua». Hortaz, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren Hungariako Gobernuak aurkeztu zuen suspertze planerako aurrekontua onartu du Bruselak: 5.800 milioi euro. Hori bai, diru hori jaso ahal izateko, Budapestek jarraituko behar du zuzenbide estatuan erreformak egiten.
Azkeneko urtea negoziatzen pasatu dute. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi zuen, joan den apirilean, Hungariak ezingo zuela dirurik jaso talde komunitarioko aurrekontutik, zuzenbide estatua errespetatu ezean. Hilabete batzuk geroago, irailean, Hungariarentzako funtsetik 7.500 milioi euro blokeatzeko eskatu zuen Bruselak. Bien arteko harremanak gaiztotuta daude aspalditik. EBren eta beste estatu kide baten –Poloniaren– arteko harremanak ere ez dira onak. Varsoviari ere leporatzen dio gabeziak edukitzea zuzenbide estatuan. Baina ekainean Poloniaren suspertze funtsa desblokeatu zuen Bruselak, argudiatuta gobernu ultrakontserbadoreak jarrera aldaketa bat eduki zuela. Aintzat hartu behar da Ukrainako gerrarekin loturik EBk hartu dituen erabakiak babestu dituela Poloniak. Ez du gauza bera egin, ordea, Hungariak, Errusiak talde komunitarioan duen aliatuak.
Ikusi gehiago: Poloniaren jarrera aldaketa saritu du EBk, suspertze funtsak desblokeatuz
Nolanahi ere, 27 estatuetako enbaxadoreek egin dute ituna, eta kide bakoitzak osteguna baino lehen berretsi beharko du, formalki. Hain zuzen, Europar Kontseiluak urteko azkeneko goi bilera egingo du etzi, eta Bruselan bilduko dira estatu kideetako gobernuburu eta estatuburuak.
Diruaren beharra, biek
Hungariak betoari eutsiko ziola aurreikusita, EBko estatu kideek Ukrainara dirua bideratzeko beste formula bat adostu zuten asteburuan. Horren helburua zen diru laguntza finantzatuko duen zorraren jaulkipena bermatzea abal nazionalen eta aldebiko akordioen bidez. Dena den, talde komunitarioak ez du bide hori ibili beharko azkenean.
18.000 milioi euro horiek dira, Bruselaren esanetan, Ukrainak dirua eduki dezan gastu arruntei aurre egin ahal izateko. Baina NDF Nazioarteko Diru Funtsak adierazi izan du Ukrainak 38.000 bat milioi euro behar dituela bere finantza beharrak eta estatuaren ezinbesteko funtzioak estaltzeko. Bruselak emandako diruaren truke, baldintza batzuk bete beharko ditu Kievek: esaterako, erreformak egitea zuzenbide estatua errespetatzeko. Aurrez diru sailak jaso izan dituenean ere baldintza berak jarri izan dizkio EBk.
NDFrentzat, Ukrainarentzako diru hori ez da nahikoa oinarrizko bere beharrei aurre egin diezaien. Eta Hungaria ez dago EBko diruari uko egiteko moduan: zerga defizit handia du; inflazioa %20tik gora dago; dibisa amildu egin da; eta arrisku saria 800 puntutik gorakoa izan da une batzuetan.
Bosnia eta Herzegovina, hautagai
EBk onartu du Bosnia eta Herzegovinari talde komunitarioko kide bihurtzeko hautagai estatusa ematea. Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak duela sei urte egin zuen eskaera. Erabaki hori hartu dute, gaur, klubeko Atzerri ministroek. Estatu kide bihurtu aurreko pausoa da hautagai bihurtzea, eta uneotan estatus hori dute Turkiak, Montenegrok, Albaniak, Islandiak, Ipar Mazedoniak, Serbiak, Ukrainak, Moldaviak eta Bosnia eta Herzegovinak. Kasu gehienetan urteak behar izaten dira estatu kide bihurtzeko urratsa egiteko, eta EBk eskatzen du zuzenbide estatuari dagokionez erreformak egitea. Kosovo etzi da EBko kide bihurtu nahi izateko eskaera formalki egitekoa.