Hungariarentzako funtsak blokeatzeko prozedura hasi du Europako Batasunak

Bruselak aurrenekoz aktibatu du zuzenbide estatua ez errespetatzea egotzita estatu kide bati aurrekontuko dirua ukatzeko mekanismoa

Ursula von der Leyen, atzo, Europako Parlamentuan. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Iragarpen bat egin zuen atzoUrsula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak: Hungariari jakinarazi diote zuzenbide estatua errespetatu ezean ezingo duela talde komunitarioaren aurrekontutik dirurik jaso. Hortaz, Bruselak aurrenekoz aktibatu du 2020ko udazkenean Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak adostutako prozedura. Horren arabera, funtsak jaso ahal izateko baldintza bat bete behar dute EB Europako Batasuneko estatu kideek: «blokearen balioak eta printzipioak» betetzea.

Europako Parlamentuaren saio batean egin zuen iragarpena Von der Leyenek. Hungariako Gobernuari eskutitz bat bidali diote jakinarazteko prozedura aktibatu dutela. «Prozedurak bere egutegi propioa dauka». Nolanahi ere, hilabeteak igaro daitezke Bruselak estatu kideei kasua aurkeztu eta erabaki formal bat hartu arte. Europako Batzordeko presidenteak esplikatu zuen Hungariako Gobernuak emandako azalpenen ondoren pentsatu dutela «hurrengo pausoa» ematea.

Bruselaren eta Hungariaren arteko harremanak aspalditik daude gaiztotuta. Viktor Orban 2010az geroztik lehen ministro dena — joan den igandean egindako hauteskundeetan gehiengoa berretsi zuen— ez da batere europazalea, eta EBko liderren artean Vladimir Putinekin ondoen konpontzen dena da. Bozetan garaipena lortu ondoren, EBko instituzioak «aurkariak» direla esan zuen Orbanek.

Justiziaren ebazpena

Aintzat hartu behar da Hungaria, baita Polonia ere, prozeduraren aurka agertu zirela, onarpena blokeatzeko ahalegina egin zutela, eta azkenean auzitara eraman zutela beren kexa. Baina EBko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen, joan den otsailean, mekanismoa egokia zela. Hungariak salatu zuen auzitegiaren ebazpenak «botere abusua» islatzen zuela.

Berez, iazko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean prozedura, baina orain arte ez dute aktibatu. Martxan jarriko dute zuzenbide estatuari eragiten dioten urraketak detektatutakoan: botere banaketari eragiten diotenak, independentzia judizialari... Jokoan daude 2021-2027 eperako aurrekontuaren milaka milioi euro. Klima aldaketari, digitalizazioari eta osasun sektoreari lotuta, 22.500 milioi inguru eskuratzeko moduan da Hungaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.