Hungariak blokeatu egin du natura lehengoratzeko Europako legea

Europako Parlamentuak otsailean onartutako legea blokeatu du Hungariako Ingurumen idazkariak. Parlamentura itzuliko da legea, aldaketak egiteko.

Txori bat Plaiaundiko hezegune batean. GORKA RUBIO / FOKU
Txori bat Plaiaundiko hezegune batean. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2024ko martxoaren 27a
14:30
Entzun

Hungariaren azken orduko aldaketa bat dela eta, Europako Batasuneko Kontseiluak ez du nahikoa boto lortu natura lehengoratzeko legea onartzeko. Europako Parlamentuak otsailean onartu zuen Batzordeak aurkeztutako legea, eta EBko Kontseiluaren txanda zen horri buruzko erabaki bat hartzeko. Herenegun egin zuten Kontseiluko Ingurumen Batzordearen bilera, eta, nahiz eta hasieran gai zerrendan ez egon lege hori onartzeko bozketa, Kontseiluko presidentetzak, Belgikak, gai zerrendan sartu zuen.

Finlandia, Suedia, Herbehereak, Austria, Polonia, Belgika eta Italia legearen aurka zeuden, baina beste boto bat behar zuten legeak aurrera egin ez zezan. Bada, Hungariako Ingurumen idazkariak, Anilo Raiszek, kontrako botoa eman zuen azkenean, beste herrialde horiekin batera. Hori dela eta, zuzentarauak ez du aurrera egin, eta Europako Parlamentura itzuli beharko du, aldaketak egin, bozkatu eta EBko Kontseiluaren esku utz dezaten. Bigarren itzulian onartuko ez balitz, bateratze komite bat eratu behar lukete parlamentuak eta kontseiluak, testu bat adosteko.

Raiszek adierazi zuen herrialdeen eskumenekoak direla ingurumena babesteko neurriak, eta estatuen eta nekazarien kostuak handitzea ekarriko lukeela Europako lege horrek. Finlandiak ere aurkako botoa eman du, uste baitu lehen sektorea ez duela kontuan hartzen. Hungariak bezala, Eskandinaviako herrialdeak uste du araudi horrekin ekoizpen kostuak eta administratiboak handituko zaizkiola sektoreari.

EBko Ingurumen, Ozeano eta Arrantza komisarioak, Virginijus Sinkeviciusek, legearen tramitazioaren egoera kritikatu zuen EBko Kontseiluaren erabakiaren ostean. Direktiba ez aurrera ez atzera geratzea deitoratu zuen, eta EBko instituzioei buruzko irudi txarra eman dutela gehitu. Nazioarteko konferentzietan hartutako konpromisoak betetzeko lege garrantzitsua dela argitu du Sinkeviciusek.

Arreta 2050ean jarrita

Kaltetutako ekosistemen %90 2050erako lehengoratzea da legearen helburu nagusia, baina tarteko helburu bat ere badu: 2030erako, kaltetutako ingurumenaren %20 lehengoratzea, bai lurrean, bai uretan; 2040rako, berriz, %60. Europako Batzordeak bultzatu zuen legea, eta, horretarako egin zituzten ikerketetan, ondorioztatu zuten Europako ekosistemen %80 egoera txarrean daudela.

Legearen parte handi bat nekazaritza ekosistemak berreskuratzean zentratzen da. Hiru adierazle hauetako bitan hobekuntzak egin behar dituztela uste du Europako Batzordeak: abereak bazkatzen diren larreetako tximeleten indizea, paisaia ezaugarri «oso askotarikoak» dituzten nekazaritza esparruen proportzioa eta laborantza zelaien lur mineraletako karbono organikoaren erreserbak. Bestalde, nekazaritza eremuetako ohiko hegaztien indizea hobetzeko neurriak hartzea ere nahi dute.

Europako Batzordeak uste du drenatutako hezeguneak lehengoratzea dela lehen sektorearen emisioak gutxitzeko modu errentagarriena; horregatik, 2050erako horien %50 lehengoratzea proposatu du. Nekazaritza eremuak albo batera utzita, 3.000 milioi zuhaitz gehiago landatzera ere behartuko du legeak. Beste neurri batzuk ere baditu: guztira ibai eta erreketako 25.000 kilometroren ibilgu askea bermatzea eta hiriguneetako esparru berdeak ez galtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.