EB-UKRAINA

Hungariak betoa jarri dio EBk Ukrainari eman nahi dion diru laguntzari

Viktor Orban lehen ministroak nabarmendu du modua emango duela Kievi 50.000 milioi euro emateko 2027ra bitartean, talde komunitarioak Hungariarentzako funtsak desblokeatzen baditu.

VIKTOR ORBAN. HUNGARIA.
Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, atzo, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Igor Susaeta.
2023ko abenduaren 15a
12:25
Entzun

Ukrainari albiste on bat eman zioten atzo iluntzean, Europar Kontseiluak onartu baitzuen Ukraina eta Moldavia EB Europako Batasuneko kide bihurtzeko negoziazioak hastea. Kievek pozarren hartu zuen berri ona. Ordu batzuk geroago, ordea, gaur goizaldean, berri txar bat jaso du: Hungariak blokeatu egin du 2027ra bitartean EBk Ukrainari eman asmo dion 50.000 milioi euroko diru laguntza. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek gaur bere herrialdeko irrati kate publikoan argudiatu duenez, Ukrainako auzian «su eten bat eta bake negoziazioak behar» dira. Gaineratu du betoa kenduko duela, Hungariari dagozkion baina zuzenbide estatua urratzea egotzita EBk blokeatuta dauzkan talde komunitarioko funts batzuk jasotzen badituzte: 30.000 milioi euro baino gehixeago.

EBko estatu kideetako gobernuburuak eta estatuburuak urtarrilean hastekoak dira berriro Ukrainarentzako laguntza negoziatzen. Europar Kontseiluaren urteko azken goi bileraren bigarren eta azken eguna dute gaur Bruselan, baina ez dira horri buruz hitz egitekoak. Horrekin guztiarekin lotuta, aintzat hartu behar da AEBetako Senatuko kide errepublikanoek joan den astean atzera bota zutela Ukrainari laguntza militar handiagoa emateko Etxe Zuriak egindako 61.000 milioi dolarreko (56.000 milioi euro) diru-laguntza proposamena.

Hungaria da Errusiak EBn duen aliatua, eta, hori horrela, Orbanek atzo bideo batean adierazi zuen «erabaki okerra» dela klub komunitarioko kide izateko negoziazioak hastea Ukrainarekin eta Moldaviarekin. «Baldintza hauetan [gerra betean] negoziatzen hasteak ez dauka zentzurik». Horregatik, Orbanek Europar Kontseiluaren bileratik alde egin zuen horri buruz erabakitzeko bozketa egin zutenean —erabakiak aho batezkoa izan behar du nahitaez—. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen arabera, «erabaki politizatua» da Europar Kontseiluak hartutakoa.

Besterik da zer jarrera duen talde komunitarioak Ukrainari eman nahi dion diru laguntzaren auzian. «Ukrainari eman nahi diote Europako herritarren eta hungariarren dirua», azpimarratu du gaur Hungariako lehen ministroak. Talde komunitarioaren asmoa da horretarako bere aurrekontua bera baliatzea. Orduan, hori hala izanik, Orbanek esan du atzera abiatzekoak diren negoziazioak «aukera ona» izan daitezkeela Hungariari dagokion dirua emateko. Herenegun 10.200 milioi euro desblokeatu zituen EBk, iritzita Hungariak eskatu zaizkion erreformak egin dituela justizia sisteman, zuzenbide estatua errespetatze aldera.

21.000 milioi euro blokeatuta daude oraindik, ordea. Hungariarentzako funtsak blokeatzeko prozedura hasi zuen EBk iazko apirilean, 2020ko udazkenean Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak adostutako prozedura aktibatuz. Horretan zehaztu zutenez, estatu kideek baldintza bat bete behar dute funtsak jasotzeko: «blokearen balioak eta printzipioak» betetzea. Horietako bat da zuzenbide estatua errespetatzea, eta Bruselak uste du Budapestek hori ez egiteko joera duela. Hungariak, baita Poloniak ere, prozeduraren kontra egin zuten, baina mekanismoa egokia zela ebatzi zuen EBko Justizia Auzitegiak iazko otsailean.

Lotura zuzena

Orbanen aholkulari Balazs Orbanek asteon Bloomberg hedabideari esan dio «auzi diferenteak» direla EBren Hungariarentzako funtsena eta Ukrainaren finantzaketarena, baina zehaztapen bat egin zuen: «Baina Europako Batasunak berriz esaten badu finantzaketa hori EBren aurrekontuaren bidez egin behar dela, bada, orduan bai, orduan lotuta daude bi auziak».

Neurri batean, hortaz, Hungariaren beto eskubidearen menpe dago Ukrainak estatu gisa irautea. Eta, aldi berean, AEBetako Kongresuak ere zeresana du bai horretan, bai Errusiarekin edukitzen ari den gerraren garapenean. Iazko otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Washingtonek 100.000 milioi dolar inguru (92.000 milio euro inguru) eman dizkio Kievi laguntza militarrean. Azken hilabeteetan, baina, diru iturria ixtera jo du Kapitolioak, Ordezkarien Ganberako eta Senatuko errepublikano gehienei iruditzen baitzaie aurrez onartutako diru sailen prozedurek ez dutela eduki nahikoa gardentasunik, jada nahikoa diru eman diotela Ukrainari, eta diru hori beste zerbaitetara bideratu beharko litzatekeela, besteak beste. Datorren urteko azaroan dira egitekoak AEBetako presidentetzarako bozak.

Ukrainarentzako diruaren truke, papergabeen aurkako neurriak gogortzea eskatzen dute AEBetako Kongresuko errepublikanoek

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Washingtonen egon da aste honetan, eta, Errusiari aurre egiteko ahaleginean, laguntzari eusteko eskatu die Kongresuko kideei. Joe Biden AEBetako presidentea horren aldekoa da, eta, Zelenskirekin Etxe Zurian bildu ondoren, adierazi zuen ezen laguntza blokeatzea Vladimir Putin Errusiako presidenteari «opari bat» egitea litzatekeela. Gudu zelaian ez atzera ez aurrera daude bi aldeak, baina gauza bat argi geratu da: Ukrainak hainbat hilabetetako aurrerapenarekin iragarritako eta ekainean hasitako kontraerasoak ez dituela espero zituzten emaitzak eman.

AEBetako Kongresuan, berez, gaur dira Gabonetako oporrak hartzekoak, baina Chuck Schumer demokraten senatari taldeko buruak adierazi du oporrak astebete atzeratzekoak direla, diru sailaren lege proiektua onartzen saiatzeko. Ukrainarentzako diruaren truke, papergabeen aurkako neurriak gogortzea eskatzen dute errepublikanoek. Egin dituzten adierazpenak aintzat hartuta, demokratek ez diote aterik ixten aukera horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.