Euskal Herrian 15:10 inguru zirenean jakinarazi du SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko idazkari nagusi Lorna Finnek alderdiko buruzagi berriaren izena, Murrayfield estadioan bildutako 300 militanteren aurrean. Humza Yousaf hautatu dute. 37 urte ditu Yousafek, eta bera zen Nicola Sturgeonengandik gertuen zegoen hautagaia ere.
Bozkatzean, militanteek bi hautagai aukeratzen dituzte, lehentasunaren arabera. Horiek hala, lehen zenbaketan Yousafentzat izan dira botoen %48, Kate Forbes Finantza ministroarentzat %40, eta Ash Regan Eskoziako Parlamentuko diputatuarentzat %11 —hala, lehiatik at geratu da Regan—. Bigarren zenbaketan lortu du garaipena Osasun ministroak, baina oso alde txikia atera dio bigarrenari, Forbesi: soilik lau punturen aldea —botoen %52 lortu ditu Yousafek, eta %48 Forbesek—. Emaitzekin pozik agertu da buruzagi berria, eta nabarmendu du orain arte lehiakide izan direnek «talde gisa» lan egingo dutela aurrerantzean: «Alderdikide guztientzat gidatuko dut alderdia, ez soilik nire alde bozkatu dutenentzat».
Adierazgarria da Yousafen alde bozkatu dutela Eskoziako Parlamentuko diputatu gehienek, baita Sturgeonen gertuko buruzagitzako kideek ere. Aldi berean, ordea, militante askok babestu dituzte aldaketa hitzeman duten beste bi hautagaiak. Alderdiburu berriak behin baino gehiagotan zehaztu du, orain arteko buruzagiaren bideari eutsiko dion arren, berak «bere erara» egingo dituela gauzak. Haren alde egin dutenen iritziz, hala ere, hark du aukera gehien alderdiari batuta eusteko.
Ikusi gehiago:Analisia. Ander Perez Zala: SNP, «sekulako anabasa»
SNP zuzentzen duen lehen musulmana izango da Yousaf. Alderdiko militanteei eskerrak emateko baliatutako hitzaldian gogoratu duenez, haren aitona-amonak 1960ko hamarkadan heldu ziren Eskoziara, «ingelesez hitz bat bera ere jakin gabe», eta ez zuketen «ametsetan ere irudikatuko» euren biloba lehen ministroaren kargura helduko zela. Hiru hautagaien artean esperientziarik handiena duena da Yousaf: Justizia eta Garraio ministerioak zuzendu zituen, Osasun ministro izendatua izan aurretik.
Datozen aste eta hilabeteetan izango dituen lehentasunak ere zehaztu ditu; besteak beste, neurri ekonomikoak eta sozialak. Baina, batez ere, independentziarako bidea egiteari eman dio garrantzia: «Europako nazio bat da Eskozia, eta Europako Batasunera itzuli behar dugu». Hala, berretsi du bere belaunaldiak eramango duela herrialdea independentziara, baina nabarmendu du horretarako oinarrizkoa dela bat eginda egotea.
Nicola Sturgeonek otsailaren 15ean iragarri zuen Eskoziako lehen ministro kargua eta SNPko buruzagitza uzteko asmoa. Ezustean heldu zen erabakia, Londresek bigarren erreferendumari hainbatetan ezezkoa eman ostean, eta Eskoziako Parlamentuak onartutakoa trans lege proiektuaren inguruan sortutako zalaparta oraindik isildu ez zenean.
Hiru hautagai aurkeztu dira alderdi barruko bozketarako: Yousaf, Forbes eta Regan. Eztabaida ugari eragin zituen Forbesen hautagaitzak hasieratik. Izan ere, Finantza ministroa ebanjelikoa da, eta ikuspegi oso kontserbadorea du zenbait gairen inguruan; besteak beste, abortua eta sexu berekoen arteko ezkontzak. Hura kritikatu dutenen artean daude John Swinney lehen ministrordea. Dena den, urteotan Sturgeonen aliaturik sendoenetako bat izan denak, Swinneyk, laster utziko du kargua, lehen ministro berria aukeratutakoan.
Era batera edo bestera, hautagaien arteko ika-mikek argi utzi dute alderdia ez dagoela Alex Salmonden edo Sturgeonen agintaldietan zirudien bezain batuta. Forbesek berak irudikatu zuen batasun hori, telebistan zuzenean eskainitako eztabaida batean, zalantzan jarri zituenean Yousafen hautagaitza eta Sturgeonen beraren agintaldia, esanez «erdipurdikeria onartzea» litzatekeela «lehengoan segitzea».
2004tik ez zen buruzagi berria aukeratzeko bozketarik egin SNPn; izan ere, Sturgeonek ez zuen aurkaririk izan 2014an Salmond ordezkatu zuenean. Dena den, alderdiko buruzagi berria ez da automatikoki lehen ministro bilakatuko. Bihar bozkatuko dute hori Eskoziako Legebiltzarrean, eta nahi duen orok aurkeztu ahal izango du hautagaitza, nahiz eta SNPk duen gehiengoa Alderdi Berdearen babesarekin eta, beraz, ia ezinezkoa den beste inor gailentzea.
Berdeen oharra
Eskoziako Berdeek asteburuan ohartarazi zutenez, Forbes izendatuko balute alderdiko buru, litekeena izango litzateke koalizioa bertan behera geratzea, hautagai ebanjelistak agertutako jarrera dela medio. Hori dela eta, Yousafen garaipenaren berri izan bezain azkar zoriondu du alderdiak SNPko buruzagi berria. «Espero dugu haren aurrekoaren oinordetzari eutsiko diola Eskoziarentzako agenda aurrerakoi bat osatuz, klimarekiko arduratsua eta bidezkoa».
Gobernuburu karguaren zina eginda —bihar egingo dute bozketa Eskoziako Parlamentuan—, hainbat erronkari aurre egin beharko dio buruzagi berriak; horietatik lehena izango da erabakitzea zer egin Erresuma Batuko Gobernuak blokeatutako trans lege proiektuarekin: hau da, erabakiari helegitea jarriko dioten edo ez erabakitzea. Horrez gain, joan den astean eskainitako elkarrizketa batean aurreratu zuenez, lehen ministroaren kargura iritsitakoan bere lehentasunetako bat izango du «pobreziaren aurkako goi bilera bat» antolatzea, aberatsenei zergak igo eta hortik ateratako funtsekin irabazi gutxien dituztenei laguntzak handitzeko bideak eztabaidatzeko —joan den astean zabaldutako datuen arabera, haurren pobrezia maila 2007an SNP lehen aldiz boterera heldu zen garaiko bera da—.
Bigarren independentzia erreferendumarekin zer egin ere erabakitzeke dago oraindik. SNPko buruzagi berriaren ardura nagusietako bat izango da baiezkoaren aldeko sostengua handitzea, eta erabakitzea Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak de facto galdeketa bilakatzea. Izan ere, AFP agentziak aurreratu duenez, Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakek dagoeneko aurreratu du ez duela onartuko beste erreferendumik egitea.