Euskal Herrian 15:10 inguru zirenean jakinarazi zuen, atzo, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko idazkari nagusi Lorna Finnek alderdiko buruzagi berriaren izena, Murrayfield estadioan bildutako 300 militanteren aurrean. Humza Yousaf hautatu dute. 37 urte ditu Yousafek, eta hura zen Nicola Sturgeonengandik gertuen zegoen hautagaia ere.
Bozkatzean, militanteek bi hautagai aukeratzen dituzte, lehentasunaren arabera. Horiek hala, lehen zenbaketan Yousafentzat izan ziren botoen %48, Kate Forbes Finantza ministroarentzat %40, eta Ash Regan Eskoziako Parlamentuko diputatuarentzat %11 —hala, lehiatik at geratu zen Regan—. Bigarren zenbaketan lortu zuen garaipena Osasun ministroak, baina oso alde txikia atera zion bigarrenari, Forbesi: soilik lau punturen aldea —botoen %52 lortu ditu Yousafek, eta %48 Forbesek—. Emaitzekin pozik agertu zen buruzagi berria, eta nabarmendu zuen orain arte lehiakide izan direnek «talde gisa» lan egingo dutela aurrerantzean: «Alderdikide guztientzat gidatuko dut alderdia, ez soilik nire alde bozkatu dutenentzat».
Adierazgarria da Yousafen alde bozkatu dutela Eskoziako Parlamentuko diputatu gehienek, baita Sturgeonen gertuko buruzagitzako kideek ere. Aldi berean, ordea, militante askok babestu dituzte aldaketa hitzeman duten beste bi hautagaiak. Alderdiburu berriak behin baino gehiagotan zehaztu zuen berak «bere erara» egingo dituela gauzak, orain arteko buruzagiaren bideari eutsiko dion arren. Haren alde egin dutenen iritziz, hala ere, hark du aukera gehien alderdiari batuta eusteko.
SNP zuzentzen duen lehen musulmana izango da Yousaf. Alderdiko militanteei eskerrak emateko baliatutako hitzaldian gogoratu zuenez, haren aitona-amonak 1960ko hamarkadan heldu ziren Eskoziara, «ingelesez hitz bat bera ere jakin gabe», eta ez zuketen «ametsetan ere irudikatuko» biloba lehen ministroaren kargura helduko zela. Hiru hautagaien artean esperientzia handiena duena da Yousaf: Justizia eta Garraio ministerioak zuzendu zituen, Osasun ministro izendatua izan aurretik.
Datozen aste eta hilabeteetan izango dituen lehentasunak ere zehaztu zituen, atzo; besteak beste, neurri ekonomikoak eta sozialak. Baina, batez ere, independentziarako bidea egiteari eman dio garrantzia: «Europako nazio bat da Eskozia, eta Europako Batasunera itzuli behar dugu». Hala, berretsi zuen bere belaunaldiak eramango duela herrialdea independentziara, baina nabarmendu zuen horretarako oinarrizkoa dela bat eginda egotea.
Sturgeonek otsailaren 15ean iragarri zuen Eskoziako lehen ministro eta SNPko buruzagi izateari uzteko asmoa. Ezustean heldu zen erabakia, Londresek bigarren erreferendumari hainbatetan ezezkoa eman ostean, eta Eskoziako Parlamentuak onartutako trans lege-proiektuaren inguruan sortutako zalaparta oraindik isildu ez zenean.
Hiru izan dira alderdi barruko bozketarako aurkeztu diren hautagaiak: Yousaf, Forbes eta Regan. Forbesen hautagaitzak eztabaida ugari eragin zituen hasieratik. Izan ere, Finantza ministroa ebanjelikoa da, eta ikuspegi oso kontserbadorea du zenbait gairen inguruan; besteak beste, abortua eta sexu berekoen arteko ezkontzak. Hura kritikatu dutenen artean daude John Swinney lehen ministrordea. Dena den, urteotan Sturgeonen aliaturik sendoenetako bat izan denak, Swinneyk, laster utziko du kargua, lehen ministro berria aukeratutakoan.
Era batera edo bestera, hautagaien arteko ika-mikek argi utzi dute alderdia ez dagoela Alex Salmonden edo Sturgeonen agintaldietan zirudien bezain batuta. Forbesek berak irudikatu zuen batasun hori, telebistan zuzenean eskainitako eztabaida batean, zalantzan jarri zituenean Yousafen hautagaitza eta Sturgeonen beraren agintaldia, esanez «erdipurdikeria onartzea» litzatekeela «lehengoan segitzea».
2004tik ez zen buruzagi berria aukeratzeko bozketarik egin SNPn; Sturgeonek ez zuen aurkaririk izan 2014an, Salmond ordezkatu zuenean. Dena den, alderdiko buruzagi berria ez da automatikoki lehen ministro bilakatuko. Gaur bozkatuko dute hori Eskoziako Legebiltzarrean, eta nahi duen orok aurkeztu ahal izango du hautagaitza, nahiz eta SNPk duen gehiengoa Alderdi Berdearen babesarekin eta, beraz, ia ezinezkoa den beste inor gailentzea.
Berdeen oharra
Eskoziako Berdeek asteburuan ohartarazi zutenez, Forbes izendatuko balute buru, litekeena izango litzateke koalizioa bertan behera geratzea, hautagai ebanjelistak agertutako jarrera dela medio. Hori dela eta, Yousafen garaipenaren berri izan bezain azkar zoriondu zuen alderdiak buruzagi berria. «Espero dugu haren aurrekoaren oinordetzari eutsiko diola, Eskoziarentzako agenda aurrerakoi bat osatuz, klimarekin arduratsua eta bidezkoa».
Gobernuburu karguaren zina eginda, hainbat erronkari aurre egin beharko dio buruzagi berriak; horietatik lehena izango da erabakitzea zer egin Erresuma Batuko Gobernuak blokeatutako trans lege-proiektuarekin: hau da, erabakiari helegitea jarriko dioten edo ez erabakitzea. Horrez gain, joan den astean egindako elkarrizketa batean aurreratu zuenez, lehen ministroaren kargura iritsitakoan bere lehentasunetako bat izango da «pobreziaren aurkako goi bilera bat» antolatzea, aberatsenei zergak igo eta hortik ateratako funtsekin irabazi gutxien dituztenei laguntzak handitzeko bideak eztabaidatzeko—joan den astean zabaldutako datuen arabera, haurren pobrezia 2007an SNP lehen aldiz boterera heldu zen garaiko bera da—
Bigarren independentzia erreferendumarekin zer egin ere erabakitzeke dago oraindik. SNPko buruzagi berriaren ardura nagusietako bat izango da baiezkoaren aldeko sostengua handitzea, eta erabakitzea Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak de facto galdeketa bilakatzea.
Eskozia. SNPren primarioak
Humza Yousaf aukeratu dute SNPko buruzagi
Alderdiko militanteen botoen %52 lortu ditu Yousafek, eta %48 Kate Forbes Finantza ministroak. Gaur aurkeztuko du hautagaitza lehen ministroaren kargurako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu