Israelen erasoaldiaren ondorioz, jaioterrira itzultzen ari dira behinola Libanora babes bila joandako ehunka mila errefuxiatu siriar; Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, 355.000 pertsona. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak gaur goizean kaleratutako komunikatu batean ohartarazi duenez, Sirian «errepresioa» jasateko «arrisku handia» dute errefuxiatu horiek guztiek: «Libanotik ihes egin duten siriarrek, gizonek batez ere, Siriako agintariek arbitrarioki atxilotzeko eta abusatzeko arrisku handia dute». Hain justu, erakundeak jakinarazi du gisa horretako bost kasu dokumentatu dituela hil honetan.
Zenbait ordu lehenago, atzo iluntzean, beste prentsa ohar bat kaleratu zuen HRWek. Testu hartan, Israeli leporatu zion Libanoko osasun langileei eta ospitaleei eraso egitea, eta iritzi zion ekintza horiek «gerra krimenak» direla. Zehazki, hiru eraso aipatu zituen erakundeak: urriaren 3an Beiruteko babes zibilerako eraikin bati egindakoa; egun hartan bertan anbulantzia baten aurka gauzatutakoa; eta, azkenik, urriaren 4an Libano hegoaldeko ospitale bat bonbardatu zuenekoa. Azken eraso horretan hamalau osasun langile hil ziren.
55
Zenbat ospitaleri egin dien eraso Israelek Libanon. Urte hasieratik hona, Libanoko 55 ospitaleri eta 158 anbulantziari egin die eraso Israelgo armadak, Libanoko Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera. Eraso horietan, Israelek 163 osasun langile hil ditu gutxienez.
Horiek horrela, Israeli armak saltzeari uzteko eskatu die erakundeak estatu juduaren aliatuei, argudiatuta arma horiekin «abusu larriak» egin daitezkeela. Are, galdegin dio NBE Nazio Batuen Erakundeari sortu dezala nazioarteko batzorde bat Israel iparraldean eta Libanon egiten ari diren eraso guztiak ikertzeko. Eremu humanitarioen aurkako erasoak justifikatzeko, Israelgo armadak esan du maiz Hezbollahk «milizianoak eta armak ezkutatzeko» erabiltzen dituela leku horiek. HRWek atzoko komunikatuan esan zuen, ordea, egindako ikerketan ez dutela aurkitu akusazio horiek sostengatuko lituzkeen frogarik.
Israel, Libanon barrena
Aire erasoak ez ezik, lurreko operazioak ere areagotzen ari da Israelgo armada. Azken asteetan, Israelgo tankeak aurrera egiten ari dira Libanon, eta, hango albiste agentzia nazionalak jakinarazi duenez, hego-ekialdeko Khiam herriko kanpoaldera iritsi dira gaur, Israelgo mugatik sei kilometrora. Bestalde, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez hamalau pertsona hil dira gaur, Israelgo armadak Libano hegoaldeko eremu horren aurka egindako bonbardaketa batean.
Hezbollah milizia xiitak, halaber, prentsa ohar baten bidez jakinarazi du zenbait drone jaurti dituela Israelgo armadak iparraldeko Haifa hirian daukan baseetako batera. Israelgo armadak ez du adierazpenik egin eraso horren inguruan. Herrialdeko Energia ministro Eli Cohenek, ordea, talde xiitarekin adostuko luketen menia posible baten inguruan hitz egin du, Israelgo irrati programa batean: «Eztabaidak eta negoziazioak abian daude, baina oraindik denbora behar dugu».
Israelgo 12 telebista kateak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu gobernuko kideekin bildu zen atzo gauean, hirurogei eguneko menia baten truke exijituko lituzketen baldintzak zehazteko. Horietako batzuk lirateke, adibidez, Hezbollah Israelgo mugatik 30 kilometro aldentzea eta Libanoko armada muga horretan zabaltzea.
Libanotik harago, Israelgo armadak Gazari eraso egiten jarraitzen du. Atzo bertan, desplazatuak aterpetzen zituen eraikin bat bonbardatu zuen, Gaza iparraldeko Beit Lahia hirian. Eraso hartan, gutxienez 110 palestinar hil zituen, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Bada, bonbardaketa horren ondorioz, hiria hondamendi eremu izendatu dute gaur hango agintariek.
UNRWA ez oztopatzeko eskatu dio Segurtasun Kontseiluak Israeli
NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Israeli eskatu dio UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari Palestinan ekitea ez galaraztea. Astelehenean Israelgo Parlamentuak onartutako bi legeak bertan behera uzteko eta Tel Avivi «bere nazioarteko betebeharrak» bete behar dituela gogorarazteko oharra Segurtasun Kontseiluko kide denek sinatu dute, gaur. NBEren organoaren ustez, UNRWA da «Gazako laguntza humanitarioaren bizkarrezurra».