Palestinako gatazka

HRWek Gazako sarraskiaren konplize izatea egotzi die AEBei

Washingtonek betoa jarri dio su etenari, NBEko Segurtasun Kontseiluaren bart gaueko bozketan. Segurtasun Kontseiluaren berehalako erreforma bat eskatu du Erdoganek.

-FOTODELDÍA- MEDIO ORIENTE ISRAEL PALESTINA GAZA CONFLICTO
Palestinar bat hondakinen azpian harrapatuta, atzo, Deir al-Balahn, Gaza erdialdean. MOHAMMED SABER/EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 9a
16:15
Entzun

Beste behin, huts egin du Gazan su eten bat ezartzeko NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren saiakerak. Atzo gauean bozkatu zuten Arabiar Emirerri Batuek herenegun aurkeztutako proposamena. Aldeko hamahiru boto jaso zituen, baina betoa jarri zioten AEB Ameriketako Estatu Batuek, eta abstenitu egin zen Erresuma Batua. Kritika asko eragin ditu Washingtonen erabakiak; HRW Human Rights Watch erakundeak, kasurako, Israel Gazan egiten ari den gerra krimenen eta sarraskiaren konplize izatea egotzi dio.

Edonola ere, AEBen erabakia ez da ezustekoa izan. Bozketa hasi baino zerbait lehenago, estatubatuarrek esana zuten ez zutela meniaren alde bozkatuko, argudiatuta hori «Hamasen onerako» izango litzatekeela. Orain arteko diskurtsoari eutsiz, su etenaren ordez, «berehalako beste menia humanitario bat» eskatzea galdegin zuten; baita iragan urriaren 7an organizazio palestinarrek Israelen aurka egindako erasoa gaitzesteko ere. Erresuma Batuak bat egin zuen eskaera horrekin, baina ez zuten aldaketarik egin.

Bataren eta bestearen erabakiek hainbaten haserrea piztu dute. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek «Gazako sarraskiaren erantzuletzat» jo ditu AEBak, eta, HRWek bezala, Israelen krimenen konplize izatea leporatu die. Ildo beretik, Erresuma Batuaren abstentzioa «ulertezina» dela esan du Eskoziako lehen ministro Humza Yusafek. Pauso bat harago egin du Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek, eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren «berehalako» erreforma bat eskatu du. «Posible da mundu zintzo bat izatea, baina ez AEBekin. Ezinezkoa da gizateriak aurrera egitea herrialde horrekin, eta Segurtasun Kontseilu honekin».

Antonio Guterres NBEko zuzendari nagusiak Nazio Batuen Agiriko 99. artikulua erabili ondoren —afera batean esku hartzera deitzen du Segurtasun Kontseilua, afera horrek «nazioarteko bakea eta segurtasuna» kolokan jartzen dituela argudiatuta— egin zuten bozketa. Proposamen batek NBEko Segurtasun Kontseiluko bederatzi kideren babesa behar du aurrera egiteko; zehazki, aldeko bederatzi boto, eta bost kide iraunkorretako bat berak ere betorik ez jartzea —AEBak, Errusia, Txina, Frantzia eta Erresuma Batua—.

Bien bitartean, erasoek bere hartan dihardute Gazako zerrendan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken orduetan ehun palestinar baino gehiago hil eta berrehundik gora zauritu ditu Israelgo armadak. Zisjordania okupatuan, halaber, sarekadak egin dituzte, eta bi gazte palestinar hil dituzte. Hala, urriaren 7az geroztik, 17.500 palestinar inguru hil eta 46.000 zauritu ditu Israelek Gazan, eta 273 lagun Zisjordanian. Bestalde, Hamasek jakinarazi du gatibu bat hil dela gaur, eta Israelen erasoei leporatu die haren heriotza.

Ekialde Hurbila, borborka

Zerrendatik harago, Israelgo armadak beste fronte bat du Libanoko mugan. Atzo eta gaur artean, Israelek areagotu egin ditu Hezbollah talde miliziaren aurkako aire erasoak, nahiz eta, oraingoz, ez den inor hil. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeeren arabera, miliziaren egoitza nagusiari egin diote eraso. Bien arteko borroken ondorioz, 120 pertsonatik gora hil dira urriaren 7tik hona —horietatik hamazazpi, zibilak—.

Gaur-gaurkoz, milizia palestinarrez gain, Hezbollahk soilik egin du Israelen aurka. Hori bai, bi hilabeteotan erasoak egin dizkiete AEBek Ekialde Hurbilean dituzten hainbat enbaxadari eta egoitza militarri. Horietan azkena, herenegun. Gutxienez bost misil jaurti zituzten AEBek Bagdaden duten enbaxadaren aurka. Erasoaren harira, Irakeko Gobernuaren baimenik gabe «ez erantzuteko» eskatu die gaur AEBei Irakeko lehen ministro Xia al-Sudanik. Oraingoz, ez du inork erasoa bere gain hartu.

Yemengo matxino huthiek, berriz, mehatxu egin dute: Itsaso Gorria zeharkatzen duten, eta Israel helmuga duten ontzi guztiei eraso egingo die, baldin eta Israelek Gazara «berehala» laguntza humanitarioa, hala nola elikagaiak eta osasun baliabideak, sartzen uzten ez badu.

Matxinoen bozeramaile militar Yahya Sareak eman du erabakiaren berri, eta irmo berretsi du: «Edozein nazionalitate duen ontziri egingo diogu eraso». Hain justu, azken asteotan Itsaso Gorria zeharkatzen ari ziren pare bat ontziri —Israelenak eta AEBenak— egin diete eraso Yemengo matxino huthiek.

Milioi erdi haur

Urriaren 7az geroztik, milioi erdi adingabek utzi behar izan dituzte euren bizitokiak, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsako Ekialde Hurbilerako zuzendari Adele Khoderrek emandako datuen arabera. Haur horiek «ia edateko urik gabe, jendez betetako eremu txikietan eta babesik gabe» daudela gehitu du.

Israelen erasoetatik harago, nabarmendu du adingabeek «arrisku handiak» dituztela gaixotasunak garatzeko. «Haur izateko lekurik arriskutsuena da Gaza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.