Espetxetik atera da Hosni Mubarak. Hilabete eta erdi igaro da Egiptoko armadak estatu kolpea eman zuenetik, eta militarren buru izandako agintaria askatzeko agindua eman du jada erregimenak, haren kontrako auzia itxi gabe dagoen arren. Hamaika atzerapenen ostean, Mubaraken behin-behineko espetxealdi egoera ezin dela gehiago luzatu ebatzi du epaile batek, eta fiskalak —estatu kolpearen ondoren izendatutako fiskalak— ez dio eragozpenik jarri erabakiari. Akusatua aske utzi beharrean, ordea, etxeko espetxealdia ezarri dio Hazem al-Beblaui lehen ministroak, haren esanetan, «larrialdi egoera indarrean dagoelako» eta Mubarak aske uzteak protestak eta istiluak eragin ditzakeelako.
Atzo arratsaldean atera zen presidente ohia Toraheko kartzelatik. Dozenaka jarraitzaile eta kazetari zain zituen espetxearen atarian, baina ez batzuek ez besteek ezin izan zuten Mubarak hurbiletik ikusi. Anda gurpildunean atera zuten ziegatik eta zuzenean sartu zuten helikoptero batean. Kairoko Maadi ospitale militarrean beteko du etxeko atxiloaldia, berak hala erabakita.
Ustelkeria auzi batean ari dira agintari ohia epaitzen. Ustez, milioika libera egiptoar balio duten opariak jaso zituen Al-Ahram egunkaria argitaratzen duen enpresa taldetik. Izozmendiaren tontorra besterik ez da hori, ordea. Igande honetan, beste epaiketa bati egin beharko dio aurre Mubarakek, 2011ko ekainean haren kontrako iraultza hasi zenean, manifestarien hilketa agindu zuelakoan. Beste hainbat auzi ere zabalik ditu oraindik: jauregi pribatuak eraikitzeko diru publikoak erabiltzea, bidegabeki aberastea eta Israeli gasa saltzeko kontratuak sinatzeagatik nazioaren ekonomiari kalte egin izana leporatzen diote, besteak beste. Auzi horiek guztiak amaitzen ez diren bitartean, Mubarakek ezin izanen du herrialdetik alde egin. Aste honetako erabaki judizialaren ostean, alta, etsipenez begiratzen diote prozesuari Mubaraken kontrakoek.
Egiptoko justiziak «alderdikeriaz» jokatu duela uste dute herritar askok, baina ez dira ados jartzen erruduna zein izan den erabakitzeko orduan: militarrek ezarritako erregimena errudun jo dute islamistek; estatu kolpea babestu zuen Tamarrud mugimenduko kideentzat, ordea, Mohamed Mursi presidente ohiarena da honen erantzukizuna ere. «Mubarak eta haren ofizialak epaituko zituela zin egin zuen Mursik, baina urtebetean ez zuen halakorik egin», azaldu dute ohar batean. Wasat alderdi islamistako Haten Azzam presidenteordearen aburuz, baina, Mubarak kartzelatik ateratzea eta Mursi espetxeratzea «ekainaren 30eko iraultzaren kontra» jotzea da.
Bien bitartean, Anaia Musulmanen kontrako jazarpenak ez du etenik. Atzo bertan, anaidiko 75 «buruzagi» gehiago atxilotu zituela adierazi zuen Barne Ministerioak. Behin-behineko gobernuak ez du argitu zeintzuk diren pertsona horiei guztiei egozten dizkieten delituak. Toraheko espetxean sartu dituzte gehienak, Mubarak handik atera baino ordu batzuk lehenago. Mohamed Badie anaidiko gida espiritualari, bestalde, behin-behineko atxiloaldia 15 egunez luzatzea erabaki dute gaur epaileek.
Iraultzen kontrako legea
Estatu kolpearen egunean eta hurrengo asteetan, armadak herritarrekin eta «iraultzarekin» bat egiten zuela esan zuten behin baino gehiagotan manifestariek. Azken asteetako indar erakustaldien ondoren, alta, kezka agertu dute kolpea babestu zuten zenbait ekintzailek, militarren benetako asmoen inguruan. Mubarak espetxetik atera izanak kezka eta beldur horiek areagotu ditu.
Bestalde, behin-behineko gobernua ontzen ari den konstituzio berriaren zirriborroa azaleratu da berriki, eta bertan, manifestazioen eraginkortasuna legez mugatzeko asmoa agertzen du Batzorde Konstituziogileak. Testua onartzen bada, herritarren protestek ezin izanen dute presidentea kargutik kendu. Manifestazioen kontra «blindatu» nahi dute gobernua, Egypt Independent kazetaren arabera, Mursiri gertatutakoa errepika ez dadin.
Egipto. Estatu kolpearen ondorena
Hosni Mubarak espetxetik irten da, fiskalak etxeko atxiloaldia onartuta
Bere osasuna txarra dela eta, Maadiko ospitalean beteko du agintari ohiak atxiloaldia, igandeko epaiketaren zainAnaia Musulmanetako beste 75 buruzagi atxilotu ditu Egiptoko Poliziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu