Ez zen migratzailea, baina migrazio politiken biktima izan da. Militarrek tiroz hil zuten atzo Elvin Mazariegos gaztea. Mexikoko mugatik gertu dagoen Guatemalako La Esperanza herrian bizi zen, eta ia egunero zeharkatzen zuen muga erosketak egiteko. Atzo, ordea, Mexikoko mugan militarrek geldiarazi zuten. Iturri ofizialen arabera, gazteak ez zuen Mexikora sartzeko baimenik, eta, geldiarazi zutenean, ihes egiten ahalegindu zen. Familiak ukatu egin zuen halakorik, eta azaldu mugako herrietako biztanleek ez dutela inoiz baimenik behar izan Mexikora lan egitera edo erosketak egitera sartzeko. Azken hilabeteetan, ordea, Mexikok militarrak bidali ditu Guatemalarekiko mugara, AEBetara heltzeko herrialdean sartzen diren migratzaileak geldiaraztekoasmoz. Neurriak gobernuz kanpoko erakundeen kritikak eragin ditu, eta ohartarazi dute «gerra egoerei erantzuteko prestatuta» dagoela instituzio hori, ez «giza krisi bati erantzuteko».
Mexikoko Atzerri ministro Marcelo Ebrardek, aldiz, AEBen gain jarri zuen fokua, eta «inbertsio handiagoa» eskatu zien Erdialdeko Amerikan, herritarrek iparralderako bidea har ez dezaten. «Espero dugu laster elkarlanerako plan bat aurkeztu ahal izatea, NBEren [Nazio Batuen Erakundearen] parte hartzearekin», aurreratu zuen. Mexikok berak 82 milioi euroko bi proiektu jarriko ditu martxan, 18 eta 29 urte arteko gazteentzako lanpostuak sortzea helburu dutenak. Bi egitasmo horietan Washingtonek beste 1.700 milioi euro inbertituko dituen «itxaropena» agertu zuen Ebrardek. Alde horretatik, Etxe Zuriarekiko kritiko agertu da Andres Manuel Lopez Obrador presidentea, eta migratzaileen auzia «mugak itxiz eta militarizatuz» amaitu nahi izatea egotzi zion Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioari.
Bien bitartean, Hondurastik 400 laguneko beste karabana bat abiatu berri da. Guatemalak jakinarazi du mugako segurtasuna handituko duela, haiek igaro ez daitezen. Taldea atzo abiatu zen San Pedro Sulako Gran Central autobus geltokitik Guatemalako mugatik gertu dagoen Corinto herrirantz. Taldeko kideen artean, bakarrik dauden haurrak ere badaude. «Dena galdu dugu. Pandemiaren ondorioz batzuk, eta ekaitz tropikalek eragindako uholdeen eraginez besteak. Ez dugu iparraldera joan beste aukerarik», azaldu zien kazetariei migratzaileetako batek. Mexikok eta Guatemalak ohartarazi dute dagoeneko ez dietela igarotzen utziko. Guatemalako Hiriak, gainera, larrialdi egoera ezarri du mugako 22 departamenduetatik bostetan, Alejandro Giammattei presidentearen aginduz, argudiatuz halako karabana batek «arriskuan» jarriko lukeela herritarren osasuna, «eta migratzaileena».
Hondurastik ez ezik, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak ohartarazi duenez, gero eta gehiago dira Kolonbiatik ere abiatuta Darién eskualdea gurutzatzen dutenak Panama zeharkatuz iparraldera jarraitu ahal izateko. Erakundearen datuen arabera, azken lau urteetan hamabost aldiz gehiago dira Panamara heltzeko bide hori aukeratu duten emakume eta adingabeak. Migratzaileentzako bide hori mundu osokoetatik arriskutsuenetako bat da, ez bakarrik oihan tropikala zeharkatzen duelako, baita narkotrafikatzaile eta gerrilla talde ugariren babesleku delako ere. «2017tik, izugarri handitu da bide hori aukeratzen dutenen kopurua: urte hartan, 109 lagunen berri izan genuen, eta, iaz 1.653 izan ziren, eta horietatik %20 inguru 18 urte baino gutxiagokoak ziren», azaldu du erakundeak ohar batean.
Nahikoa baliabiderik ez
Adingabeak iritsi eta iritsi ari diramugaren AEBetako aldera. Washingtonek zabaldutako azken datuen arabera, joan den igandean 17.650 zeuden mugako patruilaren egoitzetan. Baina Etxe Zuriak ohartarazi du hilabeteak joan ahala handitu egingo dela kopurua, eta irailerako 158.000 izan daitezkeela muga bakarrik zeharkatu duten adin txikiko atzerritarrak.
Egoera horretan, Bidenek lehentasuntzat jo du migrazio politikak aldatzea, eta atzerritarrei aukera ematea asilo prozedura herrialdetik irten gabe hasteko. Horretarako, baina, Kongresuaren sostengua behar du, eta, gaur-gaurkoz, ez du nahikoa babesik, besteak beste, errepublikanoek ez dutelako erreformarik nahi. Errepublikanoek «migratzaileak erakartzea» egozten diote buruzagi demokratari.
Ohikoa izaten da udaberria heltzearekin batera jende gehiago iristea AEBen hegoaldeko mugara, baina aurten, pandemiaren ondorioz, nabarmen ugaritu dira ohiko kopuruak. 2019ko maiatzean, esaterako, 11.475 adingabe atxilotu zituzten mugazainek, eta 2014ko ekainean, berriz, 10.620 adin txikiko izan ziren mugako patruilek atzemandakoak.
Migratzaileak. Mexikoko muga
Hormako zirrikituen bila
Militarrek tiroz hil dute Guatemalatik Mexikora sartu den gizon bat. Migratzaileen auzia konpontzeko, inbertsio gehiago eskatu dizkio Mexikok AEBetako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu