Hong Kongen azken urteotan egindako protestarik jendetsuena izan zen igandekoa, baina herritarren kexak ez dira nahikoak izan. Carri Lam gobernuburuak berretsi zuen atzo gobernuak ez duela bertan behera utziko iheslariak Txinara estraditatzea ahalbidetzen duen legea. Manifestazioaren antolatzaileen arabera, milioi bat lagun atera ziren kalera; datu ofizialek, aldiz, diote 250.000 herritar izan zirela protestan. Manifestariek leporatzen diote Txinari erreforma demokratikoak oztopatzea eta Hong Kongeko hauteskundeak manipulatu izana, besteak beste. Gainera, diote estradizioaren lege horrek handitu egiten duela Hong Kongek Txinarekiko duen menpekotasuna. Lamen dimisioa ere eskatu dute.
Lam irmo azaldu zen atzo egindako prentsaurrekoan: «Komunikazioarekin eta azalpenekin jarraitzen dugun bitartean oso abantaila gutxi lortuko genituzke legea kenduz gero. Gizartean kezka handitu egingo genuke, eta zatiketa handiagoa gertatuko litzateke herritarren artean». Horrez gain, nabarmendu zuen ez duela dimititzeko asmorik, eta azaldu zuen etzi elkartuko direla bigarren aldiz parlamentuan estradizioaren legean zer aldaketa egingo dituzten adosteko.
Krisi politiko betean sartu da herrialdea protesten ondorioz, 2014an demokraziaren alde egin zituzten protestekin gertatu bezala. Geng Shuang Txinako Atzerri ministroak babesa erakutsi zion atzo Lami, eta esan zuen «kanpoko indarren» ondorioz piztu direla protestak, baina ez zuen zehaztu zein indarrengatik ari zen. Erresuma Batuak 1997an itzuli zion Hong Kong Txinari, baina estatus politiko berezia onartzearen truke.
Hong Kongeko oposizioaren indar erakustaldia kalean
Txinarako estradizioaren legea bertan behera uzteko eskatu diote gobernuari. Carri Lam gobernuburuak esan du ez duela dimitituko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu