Hong Kongeko «inbasio» isila

Britainiarren kolonia izandako lurralde hori atzerritarrik gabe gelditzen ari da, eta, hala, Txinako edozein probintziatako hiri baten tankera hartzen ari da.

Ehunka lagun Hong Kongo kaleetan, Britainiak Hong Kong Txinaren pean utzi zueneko 27. urteurrenean, iragan ekainean. LEUNG MAI HEI / EFE
Ehunka lagun Hong Kongeko kaleetan, Britainia Handiak Hong Kong Txinaren pean utzi zueneko 27. urteurrenean, iragan ekainean. LEUNG MAI HEI / EFE
Josep Solano
TOKIO
2024ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun

Hong Kongek 7,5 milioi biztanle ditu, eta haren dinamika demografikoa nabarmen aldatzen ari da joan den hamarraldian demokraziaren eta independentziaren alde izandako iraultzak porrot egin eta 2020an Pekinek inposaturiko legeak ezarri zirenetik —batez ere Segurtasun Legea, urte hartako ekainean onartua—. Kalkuluen arabera, 200.000 dira orduz geroztik erbestera alde egin edo emigratu dutenak, horietako gehienak gazte talentudunak eta Txinaren inposizioen aurkakoak.

2023an, Hong Kongeko gobernu autonomoak kendu egin zituen pandemia garaiko neurri zorrotzak, eta iragarri zenbait bisa programa abiaraziko zituela, hala nola espresuki prestaturiko bat talentu ihesak eragindako egoera lehengoratzeko, ihes hori dela medio Hong Kongek arriskua baitu arrunt galtzeko garai batean mundu zabaleko profesionalak erakartzeko izandako gaitasuna. Lurralde administratibo berezi horretako buruzagi exekutiboak «talentu bilaketa» deitzen dion hori aski homogeneoa izan da, halarik ere, txinatarrak erakarri baitituzte gehienbat.

Datuak, herrialdeko agintariek berek emanak, nahiko argiak dira: 2023ko urtarriletik azarora, Mendebaldeko herrialdeetako herritarrei 8.000 bisa bakarrik eman zizkien Hong Kongek, eta Txinako herritarrei, berriz, hori halako hamar; bertzalde, epe horretan onartutako Top Talent bisen %95 txinatarrek eskuratu zituzten. Pekinen ikuspegitik, egoera horrek modua ematen du hala graduatu berritan Txinan lan bila dabiltzan ehunka mila lagunak bideratzeko nola hiria okupatzeko, gobernu komunistaren ildoarekin bat datozen erreferente politiko eta kulturalak dituzten herritarrez okupatu ere.

Hori hala, Patrick Kar-wai Poon akademiko eta kazetaria bat dator Hong Kongeko hainbat bizilagunen ustearekin; hau da, uste du agintariak eginahalean ari direla biztanle liberalagoak kontinentetik etorritakoekin ordezkatzeko: «Txinako Gobernuak Hong Kongeko kultura urardotu gogo du, Txinako gero eta jende gehiago bulkatuz Hong Kong hartzera», adierazi duenez. «Jendea erakartzearen truke, ekonomia kontinentalaren gero eta menpekoago bilakatzen duten politikak ezartzen ditu Hong Kongeko Gobernuak berak ere; are, eremu kontinentaleko ekonomia histen ari den honetan, amua irentsi, eta Txinako ekonomia babesten du Hong Kongek, nahiz eta uhartea bera ataka estuan izan», gaineratu du Poonek.

«Txinako Gobernuak Hong Kongeko kultura urardotu gogo du, Txinako gero eta jende gehiago bulkatuz Hong Kong hartzera»

PATRICK KAR-WAI POONAbokatua eta kazetaria

Txinatarren inbasio horren bertze sintometako bat hizkuntzari dagokio: Txinatik Hong Kongerako aitzineko migrazio oldeetan —anitzetan, legez kanpo ailegatzen ziren, auzo lurraldeetatik—, migratzaile gehienak Txina hegoaldekoak ziren, kantonera hiztunak, eta, beraz, agudo laketzen ziren. Azken migrazio fluxua, berriz, Txina kontinental osotik etorritako migranteek osatzen dute, eta, hala, egoera aldatzen ari da: bai bilera geletan eta bai karrikan aritzeko, gero eta gehiagotan hautatzen da mandarina.

Poonen erranetan, horrek argi erakusten du inbasio eta asimilazio prozesu bat gertatzen ari dela Hong Kongen, hiriaren historian aitzinetik inoiz gertatu gabea. «Orain, zenbaitetan, gehiagotan aditzen da mandarina ingelesa baino Hong Kongeko karriketan», adierazi duenez. Kazetari eta akademiko erbesteratuak zera baieztatu du, dudarik gabe: «Horren guziaren eraginez, Hong Kongek Txinako hiri baten tankera handiagoa du, nazioarteko hiri batena baino, nahiz eta orain arte beti halakoa izan den».

Biztanleen arteko ika-mikak

Hong Kongeko biztanleek, zeinek beti harrotasunez erakutsiak baitzituzten beren identitatea eta bereizgarriak, oraingoz ez dute lortzen egoera berri hori odol hotzean onartzea, eta, beraz, liskarrak eta borrokak izaten dira maiz hongkongdar petoen eta txinatar ailegatu berrien artean. Nahiz eta azken horiek uste duten Hong Kongen askatasun handiagoa dagoela Txinan baino eta hiriak eutsi egiten diola kutsu internazionalari, britainiarren menpeko garaia ezagutu zutenek diote oraingo askatasuna ezin dela konparatu ordukoarekin.

Poonen aburuz, horrexegatik alde egin dute Hong Kongetik, «inongo zalantzarik gabe alde egin ere», horretarako modua izan dutenek. Gaineratu duenez, jende anitzek Erresuma Batura, Kanadara eta bertze herrialde batzuetara alde egin du. Poon bera ere Tokion bizi da 2021etik, arrazoi politikoengatik erbesteratua. «Tristea da, baina ez du itxurarik luze gabe deus hobetuko denik, ezta oinarrizko askatasuna berreskuratuko dugunik ere», adierazi duenez.

Horren harira, herritar anitzek uste dute hiria jada ez dela duela bortz urte bezalakoa, orduan modua baitzegoen karrikara atera eta protesta egiteko, murrizketa eta polizia kontrol anitz izanik ere. «Zinez, Hong Kong Txina kontinentaleko bertze hiri bat bilakatuko da Segurtasun Nazionaleko legearen eta 23. artikuluari lotutako egungo lege proposamenaren bitartez: edozeini leporatzen ahal zaio segurtasun nazionaleko dekretuak urratu izana agintariek hala nahi izanez gero», kontatu du akademikoak. «Bertzerik gabe, Hong Kong jada ez da lehengo hiri internazional hura, gisa guzietako askatasunaz baliatzeko modua ematen ziguna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.