«Azkar onartzeko» eskatu zuen Hong Kongeko gobernuburu John Leek, eta hala izan da. Ez dira bi aste ere igaro Kontseilu Legegilean Segurtasun Nazionaleko Lege proiektua aurkeztu zutenetik —hilaren 8an, hain zuzen—, eta parlamentu horrek gaur eman dio oniritzia, aho batez, testuari. Datorren larunbatean sartuko da indarrean, eta, hortik aurrera, «segurtasun nazionala arriskuan jartzeagatik» bizi guztiko espetxealdiak ezarri ahalko dituzte Hong Kongen. Leeren arabera, «ate eta giltzarrapo sendoagoak» dituzte orain.
Oinarrizko Legearen 23. artikulua aintzat hartuta ondu dute legea —de facto Hong Kongeko Konstituzioa da OInarrizko Lege hori—. Izan ere, artikulu horren arabera, Hong Kongen beharren artean dago haren «segurtasun nazionala» babesteko beharrezko legeak egitea. Hala ere, ez da eskualde autonomo horrek duen aurreneko segurtasun legea, Txinak 2020an onartu baitzuen bat Hong Kongerako. Gaur onartutakoa, ordea, harago doa; gehiago zigortzen du. Kontseilu Legegileko presidente Andrew Leungek legea onartu ostean adierazi du Hong Kongek zuen «zeregin historikoa» bete duela.
Ildo hartatik jo du Leek. «Txinak ezarritako legeak eremu estuagoa mugatzen zuen, [Txinara estraditatzea ahalbidetzen zuen legearen aurkako] 2019ko protesten ondorioak murriztea baitzuen helburu. Gaurkoa askoz osoagoa da», adierazi du gobernuburuak. Gainera, Leek iritzi dio Txinaren aurka egin nahi duten «inbaditzaileak» urruntzeko balioko duela: «Ondo barneratu behar dugu herrialde bakarra bi sistemen gainetik dagoela, eta bi sistemen errealitatea ezin duela inork baliatu herrialde bakarrari [Txinari] kontra egiteko».
«Ondo barneratu behar dugu herrialde bakarra bi sistemen gainetik dagoela, eta bi sistemen errealitatea ezin duela inork baliatu herrialde bakarrari [Txinari] kontra egiteko».
JOHN LEEHong Kongeko gobernuburua
Leek esan du izateko hiru arrazoi dituela legeak: herrialde bat, bi sistema —Hong Kongen estatus politikoa— ahalbidetzen duten politikak egitea; Hong Kongeko herritarrek beren burua nola defendatu erabaki ahal izatea eta mekanismo horiek indartzea; eta, azkenik, herritarren bizia babesteko eta hiriaren egonkortasuna eta goraldia sustatzeko legeak egitea.
Legeak bost delitu zigortzea du helburu: espioitza, estatuko sekretuen aitortza, atzerriko indarren esku hartzea, sedizioa eta traizioa. Auzitegiek ebazten badute delitu horiek «segurtasun nazionala arriskuan jartzen» dutela, bizi guztiko espetxealdia ezar dezakete. Hori, baina, ez da legeak berekin ekarriko duen bakarra. Izan ere, delitu horien zigorrak gogortu izanak domino efektua eragingo du. «Sedizioa bultzatzen duten argitalpenen» jabe denari hainbat urteko espetxealdia ezarriko zaio.
2019ko protestetan, hiriko aireportua okupatu eta trenbideetako zenbait errail puskatu zituzten. Hong Kongeko eta Txinako gobernuekin kritikoak direnek horrelako protesta gehiago eragozteari lotzen diote gaur onartutako legearen puntuetako bat: zigorrak azpiegiturak hondatzeagatik. Azpiegitura publikoak hondatzea, «segurtasun nazionala kolakan jartzeko helburuarekin eginez gero», hogei urteko espetxealdiarekin zigortuko dute. Ekintza horiek atzerriko gobernu edo erakunde batek eragin baditu, espetxealdia hogei urtetik bizi guztira handituko litzateke. Are gehiago, gaur onartutako legeak modua ematen du «ekintzarik larrienak» edonon eginda ere Hong Kongen auzipetu ahal izateko.
Askatasunak, ezbaian
Segurtasun Legea 26 urte, zortzi hilabete eta 19 egun «berandu» heldu dela esan du Leek, eskualdeak Erresuma Batuaren kolonia izateari utzi zion datari aipamen eginez. Garai hartan, Txinak zin egin zuen 50 urtez bere hartan eutsiko ziela hiri hartako «askatasun zibilei». Pekinekin eta Hong Kongeko Gobernuarekin kritikoak diren ahotsak, baina, hori pixkanaka higatuz doala diote; eta esan dute bide horretan beste urrats bat dela Segurtasun Nazionaleko Lege berria.
Aurten errepresioa gogortzen ari dela salatu dute behin baino gehiagotan Hong Kongen. Joan den urtarrilean, adibidez, Apple Daily eta Stand News hedabide kritikoak itxi zituzten. Are gehiago, gazteak eta klase ertainekoak hiritik alde egiten ari direla salatu dute. Hong Kong Human Rights Monitor erakundeak iazko ekainean argitaratu zuenaren arabera, 2020tik 100.000 lagunek baino gehiagok alde egin dute hiritik Txinaren errepresioa dela medio.