Hondurasko presidente ohia AEBetara estraditatzea onartu du epaile batek

New Yorkeko Fiskaltzak Hernandezi leporatu dio AEBetara 500 tona kokaina bidali izana 2004tik. Defentsak dio ez dagoela froga nahikorik

Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidente ohia, Amerikako Estatuen Erakundeko bilera batean. M. REYNOLDS / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hondurasko presidente ohi Juan Orlando Hernandez AEB Amerikako Estatu Batuetara estraditatzeko eskaera onartu du Edwin Ortez lehen instantziako epaileak. New York Hegoaldeko Barrutiko Fiskaltzak narkotrafikoarekin lotutako delituak leporatzen dizkio.

Hondurasko Auzitegi Goreneko bozeramaile Melvin Duartek azaldu duenez, Hernandez ezin izango dute epaitu aurkeztutako akusazioaz bestelako delituengatik, eta ezin izango diote leporatu 2012. urtea baino lehenagoko kargurik ere, urte horretan baimendu zutelako Hondurasko herritarrak narkotrafikoagatik eta «terrorismoagatik» AEBetara estraditatzea.

Duartek gaineratu du defentsak orain aukera izango duela Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko, eta hark «berretsi edo aldatu» ahal izango duela lehen instantziako epaileak jakinarazi duen erabakia. Beraz, presidente ohiaren estradizioa beste bi aste inguru atzeratzea espero da, Gorenak azkenean hari bide ematen badio. Hala ebazten badu, tramiteak egingo dituzte beste erakunde batzuekin; hala nola Hondurasko Atzerri Ministerioarekin eta Washingtonek Tegucigalpan duen enbaxadarekin.

Auzipetuaren defentsak adierazi duenez, AEBek ez zuten Hernandez narkotrafikoan inplikatuko zuen «froga argirik eta nahikorik» bidali Hondurasko presidente ohia estradita zezatela eskatzeko. «AEBetako fiskaltzak ez zuen inolako froga agiririk bidali: ez argazkirik, ez audiorik, ez bideorik, ez transakziorik, ezta akusazioa babesten duen beste edozein froga elementu ere», zehaztu du.

Hiru delitu

Hondurasko agintari ohia otsailaren 15ean atxilotu zuen Poliziak, Xiomara Castrok presidente kargua hartu —urtarrilaren 27an— eta aste gutxira. Castroren aurretik izan zen Hernandez presidente, zortzi urtez. Hiru delitu leporatu dizkio Washingtonek Hondurasko hiriburuan duen enbaxadak: droga AEBetara inportatzea, arma trafikoa eta ustelkeria.

New Yorkeko Fiskaltzaren arabera, Hernandezek narkotrafiko sare batean parte hartu zuen, Kolonbiatik eta Venezuelatik Hondurasera bidalitako hainbat tonako kokaina kargamentuak jasotzeko, besteak beste. Droga airez eta itsasoz garraiatzen zuten Hondurastik Guatemalara, geroAEBetara eramateko. Orotara, 500.000 kilo kokaina garraiatu zituzten 2004tik. Presidente ohiari «milioika dolar eman zizkioten Hondurasko, Mexikoko eta beste herrialde batzuetako narkotrafikatzaileek haiek babestearen truke, eroskeria tarteko».

Hernandez da AEBek estradizio eskaera egin dioten Hondurasko lehen presidente ohia. 2021eko martxoan, New Yorkeko auzitegi federal batek bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion haren anai eta diputatu ohi Tony Hernandezi, eta 118 milioi euro ordaintzera zigortu zuen, narkotrafikoagatik, armak edukitzeagatik eta testigantza faltsuagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.