Ingurumena

Hondurasek aire zabaleko meategiak debekatu ditu

Meatze horiek baliabide naturalen, osasun publikoaren eta ur eskubidearen aurkakoak direlako hartu du erabakia. Balio ekologiko handia duten natur eremuak estatuaren eskuetara pasatuko dira.

Meatzeen kontrako protesta bat, 2018an, Tegucialpan. GUSTAVO AMADOR, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko martxoaren 1a
11:29
Entzun

Hondurasko Gobernuak bertan behera utzi ditu aire zabaleko meategien jarduera baimenak. Energia, Baliabide Natural, Ingurumen eta Meategi Idazkaritzak zabaldu zuen ohar batean jakinarazi du, gainera, Honduras aire zabaleko meategirik gabeko herrialde izendatu duela, «justizia klimatiko eta baliabide naturalekiko errespetu eta babes printzipioetan oinarrituta».

Baliabide naturalak ateratzea, beraz, debekatuta egongo da aurrerantzean Hondurasen. Oharrean, idazkaritza horrek azpimarratu du estatuarentzat kaltegarria dela jarduera mota hori. Balio ekologiko handiko ingurune naturalak estatuaren esku geratuko dira, gainera, «horien kontserbazioa eta herriarentzako onura ziurtatzeko».

2018an lizentzia kopurua murriztu bazen ere, Hondurasen gaur egun 217 meatzaritza lizentzia daude indarrean, eta horiek 131.515 hektarea hartzen dituzte, Kanpo Zorraren Foro Sozialaren arabera. 2013ko Meatzaritza Legeak dio babestutako eremuetan ezin dela meatzaritza jarduerarik izan, baina eremu horietan jarduteko 42 lizentzia gutxienez badira.

Urte askotako borroka

Aire zabaleko meategien kontrako eta ur eskubidearen aldeko borrokak ibilbide luzea du Hondurasen, eta kriminalizatua izan da. Ekintzaileen kontrako giza eskubideen urraketak ingurumenaren kontrako politikak bezain orokorrak izan dira hamarkadatan. Lurra, lurraldea eta ingurumena defendatzen dutenentzat munduko herrialde arriskutsuenetako bat da Honduras, Peace Brigade International gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Urraketa horien artean, ezagunenetako bat Berta Caceresen hilketa izan zen (1971-2016). Lenka jatorrizko herriaren liderra izan zen Caceres, feminista eta ekintzaile ekologista, eta Gualcarque ibaiko Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren aurka borrokatu zen. Heriotza mehatxu asko jaso zituen, eta 2016ko martxoaren 2an hil zuten, tiroz. Iaz, DESA enpresako zuzendari David Castillo hilketaren erruduntzat jo zuten.

Duela hiru egun, aske geratu dira 2019tik Guapinol ibaiaren defentsan aritzeagatik espetxean zeuden sei ekintzaile ekologista. Carlos Escalera natur parkean legez kanpoko meatze baten kontra egiteagatik atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.