Ebola. Eragin ekonomikoa

Hondoa jotzear, patrika hutsago

Kutsatutako herrialdeak ekonomikoki ito ditu birusaren hedapen geldiezinak: jakien prezioak igo, eta esportazioak eten dira. Begi bistakoa da ebolaren eragina, kasik gerra ostearen parekoa.

Emakume talde bat, elikagaiak jasotzeko esperoan, Liberian. NBEk jakiak ematen dizkie, kutsa ez daitezen. A. JALLANZO / EFE.
Oihan Vitoria.
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ekonomia ez dago salbu ebolaren hatzaparretatik. Gineako, Liberiako eta Sierra Leonako zenbait herritarren gisara, eri da, ebolaz. Sintomak, ordea, bestelakoak dira. Izurriak eragin zitala izan du kutsatutako herrialdeen egunerokoan. Birusa ez hedatzeko mugak itxita, elikagaien prezioek nabarmen egin dute gora bat-batean. Esportazio eta kanpoko merkatuekin harremanak eten dira. Baita bidaiarien joan-etorriak ere.

Osasun zerbitzuak suntsitu ez ezik, enpresa franko ere ixten ari dira; krisi ekonomiko sakona eragin du epidemiak. Ginearen ekonomia, kasurako, goranzko joera betean zegoen, urteetako ezegonkortasunari buelta emanda. Ebolaren agerpenak, ostera, eutsi ez, joera irauli eta behera begira jarri du. Modu nabarmenean, gainera: barazki, fruta eta oinarrizko produktuen salerosketa %90 jaitsi da, hutsik daude aireportuaren bi heren, eta portu nagusiko edukiontzien trafikoa heren bat apalagoa da izurritea agertu zenez geroztik.

Sektore ekonomiko oro kolpatu du. Baita landa eremu eta meatzarien jarduna ere. Lurra lantzeari utzi diote nekazariek, sasoiko produktuen uzta kolokan jarriz. Meatzari gehiago daude, halaber, lanik gabe, enpresek hala behartuta. Kaltetutako herrialdeak estu eta larri daude. Bidaiatzeko debekua kentzeko eskatu diote NBEri.

Liberiaren aurka oldartu da gogorren izurritea. Jarduera ekonomikoan ere agerikoa da birusaren eragina: %5,9ko hazkundea espero zuten urte honetan, baina krisiak erdira apaldu du aurreikuspen hori. Gaitzaren hedapena lehenbailehen eten ezean, hamabi puntutik gora gal ditzake Liberiako ekonomiak 2015aren bueltan.

Garesti irtengo litzaioke ebolaren izurria Sierra Leonari, eta hutsean geratuko litzateke urtebetean esperotako hazkundea. Loraldia aise apaltzeari joan-etorriak mugatu izanak egin dio berebiziko mina. Meatzari eta nekazarien lana ere urritu da, behargin frankok alde egin baitute, beldurtuta.

«Hamar urte atzera»

Munduko Bankuak txosten batean ohartarazi du izurritearen galerak 25 mila milioi euro ingurukoak izan daitezkeela heldu den urte amaierarako, eta herrialdeak gerra ostearen pare laga ditzakeela. «Hamar urte egingo dute atzera, gutxi gorabehera, urteetan erdietsitako lorpenak pikutara botaz». Kontrolatu ez, eta eritasuna Afrika mendebalde osora zabaltzen baldin bada, kostuak handituko lirateke; eragin ekonomikoa eskualdeko herrialdeen BPGaren halako 2,5 da gaur-gaurkoz. Horregatik, deia egin die inguruko herrialdeei zein nazioarteari ahalik eta bizkorren meta ditzaten indarrak ebolaren kontra. Munduko Bankuaren arabera, «hesiak» jarri ezean, berreraikitzeko lanek «uste baino luzeago» jo dezake.

Nazioarteko merkatuen ezkortasuna ere igarri da burtsan. Madrilen ebolaz kutsatutako erizainaren berri izan ostean, hondoa jo zuten turismo etxeek, eta London Mining konpainia %76 jaitsi zen.

Harian-harian, baina badabiltza zenbait laguntza iristen. Munduko Bankuak 315 milioi euro hitzeman ditu osasun zerbitzu ahulak hobetzeko. Nazioarteko Diru Funtsak, bestalde, 100 milioi euro jarri ditu jada larrialdiko finantza laguntza gisa. Asteon, kaltetutako herrialdeek defizit fiskala handitzearen alde agertu da erakunde horretako zuzendari Christine Lagarde, «salbuespen» modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.