La Palmako sumendia

Hondamendiaren hamaika aurpegiak

Asko dira Cumbre Viejako sumendiaren ondorioz etxea galdu dutenak, eta are gehiago etxea zutik egon arren hartara itzuli ezin direnak. Baina aterpea ez da herritarrek duten arazo bakarra: erupzioaren eraginez, gero eta jende gehiagok buruko arazoak ditu, eta badira bizitzeko gogoa bera ere galdu dutenak, irtenbiderik ikusten ez dutelako.

Domingo Hernandez, Los Llanos de Aridaneko Babes Zibileko burua. O. Z.
Los Llanos de Aridane
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun

Laster beteko dira 50 egun La Palmako sumendia piztu zenetik. Nekea eta nahigabea geroz eta nabariagoak dira sumendiaren inguruko udalerrietan, eta egoera oso gogorrak jasaten ari dira herritarrak. Adituen esanetan, erupzioak nabarmen kalte egin dio bertakoen buru osasunari.

Nahikoa da Los Llanos de Aridaneko udaletxera eta gizarte zerbitzuen egoitzara joatea egoeraren larritasunaz jabetzeko. Herriaren nukleo zentrala erupzio gunetik nahiko urrun dago, baina urriaren azken astean zinegotzi guztiek lan txanda amaigabeak egiten zituzten oraindik. Bitartean, gizarte zerbitzuen egoitza jendez beteta zegoen.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Elena Concepcionek dioenez, 6.000 kaltetu baino gehiago daude udalerrian. Horiek guztiek etxea utzi behar izan dute. «Guztiek ez dute etxebizitza edo jabetza bat galdu. Baina ezin dira itzuli bizi ziren lekura, oso zaila delako hara iristea. Batetik, sumenditik gertu daudelako, eta, bestetik, errepideak galdu ditugulako».

Udalerrian galduriko etxeen arazoari dagokionez, zinegotziak dio La Palmako Kabildoarekin eta Kanarietako Gobernuarekin bilerak egin ohi dituztela etxebizitzaren arazoari aurre egin ahal izateko; izan ere, haren iritziz, lehentasunezko gaia da etxebizitzarena. Azpimarratzen duenez, udalerriko 800 familia inguruk galdua zuten etxea urriaren 27rako. «Hasieran, Kanarietako Gobernuari eskatu genion langileak kontrata zitzala kalte egindako familia unitate bakoitzaren egoera ebaluatzeko. Gobernuak hamabost pertsona kontratatu ditu, eta banan-banan deitzen diete hondamendiak kalte egindako familiei».

Etxebizitzen arazoa

Askoren egoera dramatikoa da, dena galdu dute eta. «Badakigu ahalik eta azkarren behar dutela laguntza», onartu du Concepcionek. Prozesuan zenbait arazo daudela ere nabarmendu du, ordea: «Noski, etxebizitzaren arazoa konpontzeko lurzorua bilatu, eta benetako ebaluazioa egin behar da, eta hori oraindik ezin da egin». Erupzioa bere hartan dago oraindik, egunero galtzen dira jabetzak, eta, ebaluazioak egiteko, egoerak egonkorra izan behar du. Hori da gaur-gaurkoz udalean duten arazorik larrienetakoa. «Erroldatuta dauzkagun familiekin lanean ari gara, baina badakigu prozesuak bere denbora behar duela», dio.

Zinegotziaren esanetan, udalak diru laguntzak eskaini nahi dizkie alokairuko etxebizitza batean sartu direnei. Haren arabera, laguntza horien helburua da etxerik gabe daudenek alokairua ordaintzeko arazorik ez edukitzea beste etxebizitza bat eskuratzeko aukera izan arteko tartean. Alde horretatik, udalak espero du etxerik gabe gelditu direnek galdutakoaren antzeko etxea lortu ahal izatea aurrerago. Nolanahi ere, Concepcionek aitortu du zaila izango dela.

Premiazko laguntzei dagokienez, udaleko gizarte zerbitzuen bidez laguntzak emateaz gain, gizarte arretako gune bat ezarri zuen udalak Severo Rodriguez pabiloian. «Hartan profesional talde bat dago astelehenetik igandera, goizez eta arratsaldez lanean», azaldu du Concepcionek.

Kalte egindakoei berehalako arreta ematen dietela dio zinegotziak, eta oinarrizko beharrak asetzen saiatzen direla. Horrez gain, aterpetuta dituztenekin ere zuzenean ari direla lanean. Egun, 400 pertsona inguru daude Fuencaliente herriko hotel baten babes hartuta.

Seguruenik, herriarentzako galerarik handiena Todoque auzoa desagertzea izan da. Irailaren 21ean, goizez, laba auzoko gune batzuetara ailegatu zen. Segurtasun indarren eta larrialdi unitateen sirena hotsak entzuten ziren nonahi, eta herritarren auhenekin ere bai. Taxi gidari batek hauxe zioen, etsita, auzoko eliza zenaren aurrean: «Amorru eta nahigabe handia sentitzen ditugu. Hau hondamendi bat da dena galdu duten bizilagunentzat, baita uharte osoarentzat ere. Egoera kaotikoa da».

Eraikinek dar-dar egiten zuten, eta suhiltzaileen kamionetak alde batetik bestera zihoazen goiz hartan Todoquen. Manuel Perera hirigintza zinegotziak honela deskribatu zuen egoera: «Benetan tragikoa da. Gertatzen ari dena ikaragarria da. Los Llanos herriko eremu handi bat desagertzen ari da». Bost egun geroago, irailaren 26an, ordura arte erresistentziaren ikur izan zen San Pio X.aren eliza eraman zuen labak. Urriaren 10ean, auzoa guztiz desagertua zen.

Tazacorte udalerriak ere kalte handiak jasan ditu. Irailaren 22an, goizean, herriaren erdigunetik hegoaldera dauden errepide nagusiak dozenaka ibilgailuz bete ziren. Bizilagunak etxera zihoazen, euren gauzak biltzeko asmoz. Haiek ere minutu gutxi batzuk bakarrik izan zituzten horretarako. Los Llanos de Aridaneko Babes Zibileko burua da Domingo Hernandez, eta, haren arabera, hain arriskutsuak ez ziren guneetara sartzeko baimena ematea erabaki zuten, hala bizilagunek gauza garrantzitsuenak har zitzaten, ondasun gutxi batzuk eta dokumentazioa, besteak beste.

Errepide kontrolak nonahi zeuden, eta bizilagunei bakarrik uzten zieten igarotzen. Tarteka, etxebizitzak, lurra eta auto aparkatuak estaltzen zituen errautsak; gas toxikoek, berriz, arnasa hartzeko arazoak eragiten zituzten. Egun hartan bertan San Borondon auzoko bizilagun batek emandako testigantzak argi irudikatzen du herritarren sufrimendua: «Gaur goizean, nire alabak etxea galdu du. Todoquen bizi zen. Orain nire etxean dago, umeekin. Txikiak oso urduri daude».

Tazacorten ere badute premiazko beharrei erantzuteko gune bat. Herriko kirol pabiloiaren sarreran, bi gela daude: lehenengoan, elikagaiak eta oinarrizko gauzak biltzen dituzte; bigarren gela askoz handiagoa da, eta, hartan, mota eta neurri guztietako oinetakoak eta arropak dauzkate. Hain zuzen, azken asteetan nabarmen ugaritu dira bi geletan pilatutako jantziak eta elikagaiak.

Pabiloiaren azken solairuan, ebakuatuen ondasunak daude. Haien izena duten paperekin eta zintekin inguraturiko altzari, koltxoi, etxetresna elektriko eta beste objektu batzuen multzo txikiek tragediaren benetako aurpegia erakusten dute. Ondasun horiek bakarrik ateratzeko aukera izan zuten, eta multzo asko daude biltegian. Ia solairu guztia beteta dago.

Urriaren 28an kirol pabiloian zegoen lanean Nieves Acosta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia. «Behar duen oro laguntzeko gaude hemen. Etxebizitza galdu duen jendea dago, beste batzuk etxetik atera behar izan dituzte, etxea bi laba ibaien artean geratu zaien pertsonak daude», zioen goibel. Han janaria eta elikagaiak zituztela eta kaltetuek eskaturikoa banatzen zutela esan zuen ondoren.

Baieztatu zuen amaigabeko lanaldiak egiten ari zela irailaren 19tik. «Amak 82 urte ditu, eta harekin bizi naiz. Irailaren 19tik ez naiz itzuli etxera, eta egunero deitzen dit zer moduz nagoen eta noiz joan behar dudan jakiteko». Nekeak eta nahigabeak jota dago Acosta. Ez du berehala ahaztuko irailaren 19 hura, erupzioa zuzenean ikusi zuen eguna: «Irailaren 19an La Bombilla auzoko ezinduak ebakuatzen ari ginen. Eta, arratsaldeko 15:00etan, auzotik igotzean, sumendia lehertu egin zen. Han geratuko nintzela uste nuen. Nire bizitzan ez dut ikusi horrelakorik. Beldur handia sentitu nuen».

Arnasa hartzeko arazoak ere zabaldu egin dira azken egunetan uhartean, eta atzo Espainiako Pneumologia eta Bularreko Kirurgialarien Elkartea Kanarietako adituekin harremanetan jarri zen, La Palmako herritarren arnasketa arazoen berri izateko asmoz. Baina aurreratu dute dituzten datuen arabera gasek ez luketela luzerako ondoriorik eragin behar herritarren artean.

Inpaktu psikologikoa

Adituen esanetan, bertakoen buruko osasunean aztarna sakona uzten ari dira sumendia eta hark eragindako hondamendia. Zuzenean kalte egindakoei batu zaizkie zeharka erupzioak baldintzatutako milaka pertsona. Tenerifeko Psikologia Elkargo Ofizialeko larrialdietarako psikologoa da Estefania Martin Sanchez, eta hauxe azaldu du: «Oro har, izualdi etengabeak ikusten ditut». Haren esanetan, erupzioak espero zena baino inpaktu askoz ere handiagoa izan du haur eta gazteengan: «Sirena bat entzutean, anbulantzia bat ikustean, sumendiaren zarata entzutean, sumendi hitza bera entzutean, blokeatuta geratzen dira zenbait haur».

Sanchezen esanetan, nabarmen handitu dira azken asteetan antsietate nahasmenduak, lo egiteko zailtasuna, gehiegizko medikazioa eta depresioa. Baita genero indarkeria ere. Horrez gain, artatu dituen gaixoen artean jende asko ikusi du bizitzeko gogorik gabe, eta askok esan diote bizitzaz nekatuta daudela, nekea eragiten diela irtenbiderik ez ikusteak, eta ez direla aurrera egiteko gai.

Antzera mintzo da Tazacorteko pediatra. Haren esanetan, erupzioak eragin zuzena izan du haur eta gazteengan: «Gaur [urriaren 28an], bi haur izan dira kontsultan. Batek 12 urte zituen, eta besteak 7. Antsietate nahasmendua, insomnioa eta beldur handia zituzten». Pediatraren esanetan, sare sozialetatik datorren informazio asko dute, eta horrek eragin negatiboa du haiengan. «Batzuk lurrikara handi baten beldur dira; beste batzuk, berriz, tsunami handi baten beldur. Gogoan dut haur bat insomnioaz gain eskola errendimendu txarra zuena; gurasoen aurkako oldarkortasun handia ere bazuen».

Urriaren 27an, haurrentzako festa bat ospatzen ari ziren Los Llanos de Aridaneko Mariela Caceres Perez haur eta lehen hezkuntzako ikastetxean. «Sufrimendu latza pairatzen ari gara. Lanez gainezka gaude. Neurriak hartzen ari gara kalteak jasan dituzten familia eta ikasle txikiei laguntzeko», azaldu zuen zuzendaritzako kide batek.

«Hasiera-hasieratik, Tenerifeko Psikologoen Elkargo Ofizialarekin lanean aritu gara kaltetuak artatzeko gune horietan», dio Concepcionek. Erupzioak inpaktu orokor bat izan duela eta udalerriarentzat kolpe gogorra izan dela azpimarratu du, ahots nekatuarekin. Jendea modu paregabean, eredugarrian, jokatzen ari dela ere azpimarratu du, halaber. «Pazientzia handia dute», dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.