Hondamendia saihesteko

Jakartak Indonesiako hiriburu izateari utziko dio, «uholdeen, kutsaduraren eta gainpopulazioaren» ondorioz. Horren ordez, hiriburu berria Borneo uhartean eraikiko dute, artxipelagoaren erdian.

Hondamendia saihesteko.
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Jakartak Indonesiako hiriburu izateari utziko dio, hala erabaki baitu gobernuak. Mendebaldeko Java uhartean dago kokatuta Jakarta, eta hamar milioi biztanle baino gehiago ditu. Gobernuak Javaren eragina «gehiegizkoa» delako hartu du erabaki hori, Joko Widodo presidenteak azaldu zuenez. Izan ere, herrialdearen gune politiko, administratibo, ekonomiko eta industriala da. Indonesiako zenbait hedabideren arabera, hiriburua lekualdatzeko ideia aspaldiko kontua da, Sukarno Indonesiako lehenengo presidenteak (1945-1967) hiriburua Jakartatik mugitzeko proposamena egin baitzuen.

Widodo Indonesiako hiriburua aldatzearen alde agertu zen iragan apirilean, bozak egin baino lehen. Azkenean, hark irabazi zituen, botoen %55,5 eskuratuta. Uztailaren 16an, Indonesiako Parlamentuari proposatu zion hiriburu aldaketa egitea, eta, duela bi aste, azaldu zuen hiriburu berria Borneo uhartearen ekialdean eraikiko zutela. Hala ere, Jakartak «negozio eta finantzen hiria» izaten segituko duela adierazi zuen presidenteak.

Indonesiako Gobernua hiriburuz aldatzera bultzatu duen arrazoietako batzuk izan dira «gainpopulazioa, uholdeak eta kutsadura». Indonesiak 236 milioi biztanle ditu, eta erdiak baino gehiago Javan bizi dira. Gainera, Jakarta munduko zazpi hiri kutsatuenetako bat da. Adituek emandako datuen arabera, 1970. urteaz geroztik, lau metro hondoratu da hiria. Izan ere, itsasoaren maila bat eta hamabost zentimetro artean igotzen da urtero.

Indonesiako presidenteak ez du jakinarazi hiriburu berriaren izena, baina kokapenarekin zerikusia duten zenbait datu eman ditu: Borneo uhartean dagoen Kalimantan Ekialdea probintzian eraikiko dute. Widodok azaldu duenez, hiriburua «ia zerotik» hasiko dute eraikitzen, Bukit Soeharto parke naturaletik gertu, eta 2024rako biztanleria mugitu nahi dute hara.

Izan ere, presidentearen arabera, eremu horrek «arrisku txikia» du hondamendi naturalak gertatzeko. Indonesian sarritan gertatzen dira uholdeak, lurrikarak eta tsunamiak.

Hiriburua hara lekualdatzea erabaki dute portutik, aireportutik eta probintziako hiriburutik gertu dagoelako; Widodoren arabera, «kokapen estrategiko bat da». Banbanh Brodjonegoro Indonesiako Plangintza ministroak adierazi duenez, hiriaren diseinua datorren urtearen amaieran bukatuko dute, eta orduan hasiko da eraikitze prozesua.

Presidenteak emandako datuen arabera, hasieran milioi eta erdi lagun biziko dira hiriburu berrian, eta eraikitze lanek 30.000 milioi euro inguruko kostua izango dute.

Indonesiako Gobernuak hartutako erabakiak haserre handia eragin du ekologisten artean. Greenpeaceko ekintzaileen iritziz,«[hiriburu] aldaketak ingurumenean eragingo du», hiriburu berria eraikitzeak basoak suntsitzea ekarriko duelako, eta, ondorioz, espezie asko desagertzea. «Jakartak asko sufritu du kutsadura eta uholdeen eraginez, eta ez dugu nahi hiriburu berriari gauza bera gertatzea», ohartarazi dute.

Hainbat kasu nazioartean

Azkeneko hamarkadotan beste hainbat adibide izan dira nazioartean. Kazakhstango Nursultan Nazarbayev presidente izandakoak, adibidez, 1997. urtean erabaki zuen Almatyk herrialdearen hiriburu izateari utziko ziola eta beste bat eraikiko zuela hura ordezkatzeko.

Gaur egun, Astana da Kazakhstango hiriburua —Nursultan izena jarri diote berriki—. Antzera gertatu zen Myanmarren eta Nigerian, hango agintariek hiriburuz aldatzea erabaki baitzuten arrazoi batengatik edo beste batengatik. Myanmarren, Naypyidawrekin ordezkatu zuten Rangun, 2005. urtean, eta Nigerian, berriz, Abujarekin ordezkatu zuten Lagos, 1991n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.