Hamabortz egun beteko dira bihar Valentziako herri anitz (Herrialde Katalanak) urak hartu zituenetik. Ubide batek banatzen ditu herri kaltetuak eta hiriburua, eta herritarrek egunotan itxaropenaren zubia izendatutako pasarelak lotzen. Ehunka lagun pasatzen dira bertatik egunero, palaz, baldez eta kaltetuei emateko hamaika tresna eta materialez hornituta. Ubide eta pasarela horiek bitan banatzen dute eskualdea, kontraste handia dago parez pare: batetik, hondamendia, pilatutako lohiz eta zikinkeriaz betetako kale eta etxeak, eta, bertzetik, txoko guztietatik iritsitako elkartasuna, jatekoz, garbitzeko materialez eta arropaz betetako ehunka zakuz eta kutxaz betetako industria nabeak.
Bien bitartean, agintariek isilik jarraitzen dutela salatu dute herritar kaltetuek. Are, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak atzo erran zuen ortzegunean agerraldia eginen duela «azalpenak xehetasun guztiekin» emateko: «Uste dut garrantzitsua dela gauzak ongi azaltzea, eta gezurrak saihestea». Gaur, berriz, X sare sozialean mezu bat zabaldu du salatuz hiru egun daramatzatela Espainiako Gobernuari eskatutako estolderia libratzeko kamioien zain. «Autonomia erkidego guztiei baliabide guztiekin laguntzeko eskatu diegu», dio mezuak. Haserrea eragin dute hitz horiek herritarren artean, eta orain arte deus ere ez egin izana leporatu diote presidenteari.
Horrez gain, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak kaltetuak laguntzeko bertze errege dekretu bat iragarri du: 110 neurri ditu, eta 3.765 milioi euro. Joan den astean lehenbizikoa onartu zuen, 10.600 milioi eurokoa. Horri lotuta eskatutako laguntzaren erdia aurreratuko diete familiei, espedientearen tramitazioaren zain ez daitezen egon.
Ubidearen ezkerreko aldea izan da tanta hotzak hondatutako eremua: Copernicus sateliteak zabaldutako datuen arabera, 530 kilometro karratu inguru hartu zituen urak —probintziako eremu osoaren %5 inguru—. Horren ondorioz, 75 eskualdetako 190.000 lagun dira kaltetuak; gutxienez, 214 lagun hil dira —zortzi hilotz identifikatu gabe daude—, eta 32 lagun desagertuta daude oraindik ere.
Eremu horretan lan handia egin dute bertako herritarrek zein boluntarioek, baina, halere, eskuak eta, batez ere, makineria handia falta dela ohartarazi dute herritarrek. Benetusser, Sedavi, Alfafar, Masanassa, Paiporta, Picaña eta Catarrojara joatea nahikoa da hori baieztatzeko: kale anitz garbitu badituzte ere, eraikinak eta etxabeak husteke daude, eta horietatik ateratako zikinkeria eta zabor guztia herrietatik atera behar da. Hori egin ezean, baldintza bereziki kaskarretan bizi behar dutelako herritarrek; hainbertze, ezen eskularru eta maskarekin atera behar dute kalera.
Encarni Garcia Alfafarren bizi da, kaltetu diren herrietako batean: «Gure etxeko beheko solairua urak hartu zuen, eta den-dena boluntarioei esker garbitu dugu. Gazte anitz etorri da, eta edozertarako prest zeuden, dena zor diegu». Herrian gelditzen da oraindik zer egin: eraikin publiko anitz ukitu gabe daude oraindik, eta horiek garbitzen hasi ziren joan den asteburuan, ehunka boluntario iritsi zirela baliatuta. Halere, inguruko herrietako bizilagunek laguntza anitz behar dutela azaldu du Garciak: «Adineko jende anitz bakarrik bizi da, eta anitzengana ez da inor iritsi. Eskerrak boluntarioak atez ate doazen inork ezer behar duen galdetzen».
«Adineko jende anitz bakarrik bizi da, eta anitzengana ez da inor iritsi. Eskerrak boluntarioak atez ate doazen inork ezer behar duen galdetzen»
ENCARNI GARCIAKaltetutako herritarra
Boluntario bezala herritar arruntak ez ezik, suhiltzaileak ere badaude. Oporrak edo atseden egunak laguntzeko erabili nahi dituztela diote horiek ere, ofizialki ezer antolatu ez delako, hamabortz egunotan bederen.
«Zero eremua» deritzen herri horietako kaleetan jatekoa, edatekoa eta garbitzeko zein norbere burua babesteko materiala dago, boluntarioen zein herritarren eskura. Horrez gain, boluntario taldeak oinez eta autoetan kale horietatik barrena dabiltza, beren etxeetatik atera ezin diren bizilagunei behar dutena eramaten. Gehienak adinekoak dira: kaleak aski irristakor daudenez, arriskutsua da kalera ateratzea.
Elkartasuna, hamaika lekutatik
Nondik iristen da, baina, jateko eta material hori guztia gune zein auto horietara? Bada, ubidearen eskuineko aldean koordinatzen dute dena, Valentzia hiriburuan. Bertan bilketa gune deritzen hainbat eta hainbat eremu daude, inguruko herrietatik zein munduko hainbat txokotatik iristen den laguntza antolatzeko. Horietako bat Feria Valencia izeneko eremuan dago: Valentziako Industria Kontseilaritzak erran duenez, batez bertze egunero 35 kamioi eta 30 furgoneta iristen dira bertara, jatekoz eta materialez gainezka. 09:00etatik 19:00etara 500 boluntario inguruk material hori guztia atalka antolatzen dute: jatekoa, garbitzeko xaboia, lixiba, maskarak, eskularruak, erratzak, palak… Eta gero herrietara bidali.
Horrez gain, gune horretako bigarren solairuan hainbat elkartek eta enpresak jatekoa prestatzen dute: batez bertze, egunero, 23.000 menu inguru prestatzen dituzte, eremu kaltetuetako herritarrei eramateko.
«Ikaragarria da herri kaltetuetan zer egoeratan bizi diren; bi asteren ondoren, jende anitz lohi artean bizi da oraindik»
ROSA FERNANDEZ Boluntarioa
Rosa Fernandez Madrilen bizi da, eta ostiralean Valentziara joatea erabaki zuen bi lagunekin batera: Clara eta Belen Acosta ahizpak. Larunbata Benetusserren eman zuten, bertako zenbait etxe garbitzen. Gainerako egunetan, berriz, materiala antolatzera joatea erabaki dute. Fernandezek argi du: «Ikaragarria da herri kaltetuetan zer egoeratan bizi diren; bi asteren ondoren, jende anitz lohi artean bizi da oraindik. Benetan diotsut: boluntarioengatik ez balitz, ez dakit nola egonen liratekeen pertsona horiek, ikaragarria da herriak izan duen jarrera: dela garbitzen, dela jatekoa bidaltzen. Elkartasun handia dago».
Feria Valencia guneko ateak ireki orduko sarreran dago hirukotea, eta laster hasi dira lanean: pabiloiaren bazter batean dauden kutxaz betetako paletak begiratzeko eskatu diete, kutxak banan-banan ireki, eskularruak non zeuden identifikatu, eta guztiak bertze palet batera eramateko. Gauza bera egin zuten bertze zenbait boluntariok, baina maskarekin, norbera babesteko ekipamenduekin, erratzekin, lixibarekin edo arropa garbitzeko xaboiarekin. 11:00ak orduko antolatu eta sailkatu dute dena. «Ikus dezagun ea autoak betetzen laguntzarik behar duten», esan du Acosta ahizpetako batek.
Elikagai Bankuak eta Acompartir GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeak koordinatzen dute eremua, eta ehunka boluntariok laguntzen diete egunero. Sailkatutako kutxa guztiak herrietara eramaten dituzte boluntarioek, beren auto eta furgonetetan. Lau auto eta bina furgoneta iritsi dira, eta hirukotea azkar hurbildu da haiengana: «Zer behar duzue?». «Eskoletara eramateko material kutxa bat, lau kutxa esne eta bi kutxa arropa garbitzeko xaboiarekin, aurkitzen baduzue. Gainerakoa nik bilatuko dut», erantzun die autoetako gidarietako batek. Lanak banatu dituzte hiru lagunek, eta esne guztia bildu dute lehenbiziko, baita arropa garbitzeko xaboiz betetako kutxa bat ere. «Ez dugu eskolako materialik eta xaboi gehiagorik aurkitu», erran diote gidariari. Hark erantzun die horiek direla, hain zuzen, egunotan gehien behar direnak, eta eskasia handia dagoela.
Ikastetxeak material eske ari direla azaldu die, eta jendeak material hori eman badu ere, oraindik ez dela gunera iritsi. Eremu kaltetuan dauden baina kalterik jasan ez duten 47 ikastetxek eskolak hasi dituzte gaur; gainerakoak «pixkanaka» irekiko dituztela iragarri du Generalitateko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, datorren astetik aurrera. Halaber, jakinarazi du Hezkuntza Kontseilaritzak martxan jarri duela bertze ikastetxe batzuetan ikasleak hartzeko sistema.
Beharrak aldatu egiten dira egunetik egunera, eta orain eskolako materiala eta arropa garbitzeko xaboiaz gain, katiuskak ere behar dira. Valentzia inguruko dendetan amaitu egin dira, eta bertze zenbait lekutan ere bai: Bartzelonako nahiz hiriburutik Valentziarako bidean dauden Leroy Merlin denda guztietan ez da gelditzen ez katiuskarik ez palarik.
Azpiegiturak
Ura herritar anitzen arazo bihurtu da egunotan. Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak zabaldutako datuen arabera, kaltetuak izan diren bortz herritan ura ez da edaten ahal, eta bertze 60tan gomendatzen dute herritarrek ura irakitea edan baino lehen.
Garraioari dagokionez, Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroak iragarri du ortzegunean martxan jarriko dutela Madril eta Valentzia lotzen dituen AHTa. Horrez gain, aurreikusten dute asteazkenean A-7 autobideko ingurabidea martxan egonen dela. Valentzia barnealdeko azpiegiturak berreskuratzeko, baina, denbora gehiago beharko dute, Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio ministroak erran duenez.