MEP Munduko Elikadura Programak ohartarazpen zuzena egin berri die herrialde garatuetako agintariei eta dirudunei: «Orain inbertsio ekonomiko handiagoak egitea munduan gosetea zertxobait murrizteko, edo luze gabe migrazio krisi handi bat jasatea». Errusiak otsailaren 24an Ukrainan hasitako inbasioak aurretik elikagaien nazioarteko merkatuan zegoen olatu handia erraldoi bilakatu du, eta munduko gosete arazoa are gehiago larritu, hornidura eten eta prezioak izugarri puztu baitira. Horrek guztiak etorkizunean eragin dezakeenaz kezkati mintzatu zaio BERRIAri Barbara Celis MEPeko Komunikazioko arduradunetako bat (Madril, 1973).
NBE Nazio Batuen Erakundearen barruko entitate handienak abisatu izan du 2022a «hondamen urtea» izango dela. Hain zuzen ere, goseteak jota dauden pertsonen kopurua bikoiztu egin da 2019tik hona: 135 milioitik 276 milioira igaro da, klima aldaketaren, gerren, koronabirusak eragindako izurriaren eta elikagaien prezio igoeren ondorioz. Erakundeak, gaur egun, 84 herrialdetako 44 milioi laguni laguntzen die. «Bada, baliteke Ukrainako gerrak milioika pertsona gehiagorentzako hondamendia ekartzea», atera zaio barrutik Celisi.
MEP gutxienez hiru milioi pertsona elikatzeko operazio handi bat egiteko lanean ari da Ukrainan, eta, behin-behinean, hiru biltegi handi jarri ditu herrialdean, gero handik janaria gehien jota dauden hirietara eramateko: besteak beste, Kievera, Sumira (ipar-ekialdea), Dniprora (ekialdea), Kharkivera (ekialdea), Mariupolera (hego-ekialdea), Lvivera (mendebaldea) eta Odesara (hegoaldea). Oro har, ogia, irina, garia, lekaleak eta galleta energetikoak banatzen ari dira; Celisen esanetan, operazio «konplexua» izaten ari da: «Segurtasun bermerik ez dugu, eta zailtasunak ditugu herrialdeko gobernuz kanpoko erakundeekin harremanetan jartzeko». Bestalde, ez da lehen aldia MEP Ukrainan dela; 2014 eta 2018 bitartean laguntza humanitario handia bidali zuen Donbass eskualdera. «Beraz, badakigu eremua nolakoa den».
Celisek azaldu duenez, elikagai osoaren %50 Ukrainatik bertatik erosi dute. «Esportazio guztiak eten dituztenez, janaria herrialdean bertan geratu da». Hain zuzen ere, Ukraina lehengaietan aberatsa da, Errusiarekin batera. Bi herrialde handi horiek esportatzen dute munduko gariaren %30 inguru, eta garagarraren, ekilore olioaren eta artoaren hornitzaile nagusiak ere badira, besteak beste. 2021ean, MEPek 880.000 tona elikagai erosi zizkion Ukrainari; garia eta dilistak, batez ere. Hots, mundu osoan erositako elikagai kopuru osoaren %9. Afrika ekialdeko herrialdeek, berriz, iaz erositako elikagai guztien %34 Ukrainatik inportatu zuten; hau da, 1,5 milioi tona. Hain justu, Ekialde Hurbileko eta Afrikako hainbat estatuk zereal kopuru handiak inportatzen dituzte Europako herrialderik handienetan bigarrenetik: Libanok, esaterako, gariaren %50 baino gehiago; Yemenek, %22; eta Tunisiak, %42.
Ukrainako gerrak eragindako geldialdiak NBEren erakundeak Ukrainatik eta Errusiatik egindako eskariak zapuztu ditu, 13,5 milioi tona gari eta hamasei milioi tona arto ez aurrera eta ez atzera geratzeraino. Eskari horiek, hain zuzen, 2021ean eta 2022an espero zituzten esportazioen %23 eta %43 ziren, hurrenez hurren.
Eta gatazkak ekarri duen kostu igoerak zuzenean eragin dioMEPeri bere jarduerak egin ahal izateko —janaria, garraioa, energia...—. «Gaur-gaurkoz, 63,6 milioi euro ordaintzen ditugu hilean, urte hasieran baino 27 milioi euro gehiago eta 2019an baino bikoitza gehiago». FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak emandako datuen arabera, gariaren prezioa %24 igo zen otsailaren 21etik martxoaren 15era bitarte. «Sudanen, batez beste, ehun euro irabazten dituzte hilean. Herrialdea gerran dago, eta gariaren prezioa %180 igo da azken hilabetean. Astakeria galanta da».
Gerrikoa estutu behar
Ezinbestean, MEPek bere gerrikoa estutu behar izan du, eta muturreko erabakiak hartu, Celisen esanetan. «Afrikako zenbait errefuxiatu kanpamentutan errazioak erdira murriztu behar izan ditugu, donazio gutxiago jaso ditugulako. Aldiz, azken hilabetean jendetza Ukrainako herritarrei laguntzen ari da, baina horrek bumeran efektua eragin diezaguke; izan ere, hemendik hiru hilabetera jendeak donazio gutxiago egin ditzake Ukrainara ez beste herrialdeetara laguntza bideratzeko, eta hori arazo handia izango litzateke».
Iaz, NBEko erakundeak kanpaina bat jarri zuen martxan dirudunek laguntza emateko. «Gutxi batzuen eskuetan dago munduko aberastasuna», nabarmendu du. MEPen aurrekontuaren zatirik handiena, % 90etik gora, gobernuaren borondatezko donazioak dira, dirutan edota baliabide materialetan; besteak beste, Europako Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek eta Japoniak ematen diote babes gehien. «Hori bai, inbertsio handiagoak egin behar dira muturreko pobrezia eta gosetea errotik kentzeko».
Honako gogoeta hau egitera ere ausartu da: «MEPen lan egiten dugun guztioi gustatuko litzaiguke gure erakundea beharrezkoa ez izatea, nahiago genuke lanik gabe geratu, horrek iesan nahi bailuke inor ez dagoela goseak. Baina helburu hori oso urrun daukagu oraindik».
Celisen arabera, gerran dauden edota klima aldaketa gehien pairatzen ari diren herrialdeetara laguntza humanitarioa emanda «ez da arazoa konponduko». Horri guztiari aurre egiteko, elkarrizketa politikoa ezinbestekoa dela azpimarratu du: «Gobernuek eta gatazkako eragileek aurrerapausorik eman gabe, krisi humanitarioak okerrera egiten jarraituko du, eta horri erantzutea gero eta zailagoa izango da».
Gerra Ukrainan. Elikagaien hornidura
Hondamen handiaren atarian
Barbara Celis MEPeko kideak ohartarazi du munduko gosetea are gehiago larrituko dela Ukrainako gerrak eragindako hornidura etenagatik eta prezio igoerengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu