Siria. Atentatua Damaskon

Hogeita lau ordu negoziazioei

Segurtasun Kontseiluak gaur arte gibelatu du ebazpenaren bozketa, Annanek uste baitu akordioa lor daitekeela

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Siriako Segurtasun Nazionaleko egoitzako atentatua NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua bildu baino ordu batzuk lehenago egin dute. Horrek erreakzio soka luzea ekarri du nazioartean, bakoitzak bere aldera egindako interpretazioekin, baina ez du aurrez prestatutako agenda aldarazi. Hori egin duena, baina, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari berezia izan da, haren eskariz Segurtasun Kontseiluak ez baitu bart egin Siriari buruz egitekoa zuen bozketa. Hogeita lau orduz gibelatu dute bilkura. Moskura egin duen bidaiaren ondoren, Annanek uste du badagoela oraindik Mendebaldeko indarrek eta Errusiak akordioren bat erdiesteko tartea. Dena den, atentatuaren ondoren izandako erreakzioetan potentzia nagusiek ez dute jarrera aldaketarik erakutsi. Barack Obama AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa telefonoz mintzatu dira, eta, Kremlineko iturrien arabera, «desadostasunak» dituzte oraindik.

Sirian gertatu diren bertzelako erasoak eta sarraskiak gaitzesteko erabilitako termino eta adierazpen irmoak saihestu dituzte oraingoan Mendebaldeko herrialdeek. Oro har, Siriako segurtasuneko goi kargudunen kontrako atentatua Erresuma Batuak, AEBek, Frantziak, Alemaniak eta Portugalek aurkeztutako ebazpena onartzeko arrazoi bat gehiago dela defendatu dute, eta Baxar al-Assad presidentearengan paratu dute berriz ere erantzukizuna.

William Hague Erresuma Batuko Defentsa ministroak, adibidez, atentatua gaitzetsi du. Haren iritziz, «gertakariak berretsi du beharrezkoa dela Segurtasun Kontseiluak NBEren Gutunaren VII. Atalean oinarritutako ebazpen bat onartzea». Hau da, bertzeak bertze, esku hartze militar bati bidea ireki liezaiokeena. Bide beretik jo du Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak ere. Haren ustez, atentatuak erakutsi du Siriako egoera «kontrolaezina» bihurtu dela, eta horregatik beharrezkoa da Al-Assadek dimisioa emateko presio egitea. Etxe Zuriak agiri batean erran du, berriz, erasoak erakusten duela Siriako oposizioa gero eta «azkarrago eta elkartuago» dagoela. Alemaniak NBEn duen enbaxadoreak, berriz, Segurtasun Kontseiluak «ekintza gogorragoekin» erantzuteko ordua dela erran du, eta argi utzi du haren ustez egoeraren erruduna nor den: «Izan gaitezen argiak. Indarkeria areagotzearen erantzulea Al-Assaden erregimena da».

Moskuren kritikak oposizioari

Hagitz bertzelako interpretazioa egin du, ordea, Errusiak. Gennadi Gatilov Atzerri ministrordearen ustez, atentatuarekin Siriako matxinoek Segurtasun Kontseiluaren bilera oztopatzea izan dute helburu, konponbiderako aukera oro «lehertzeko». Sergei Lavrov Atzerri ministroak, berriz, bertze behin kritikatu du Mendebaldeak Al-Assadengan paratzen duela egoeraren erantzukizun osoa, eta, haren erranetan, Segurtasun Kontseiluan aurkeztekotan diren ebazpen proposamena onartzeak «mugimendu iraultzaileari zuzeneko laguntza ematea suposatuko luke».

Lavrovek dioenez, «oposizioa baretu beharrean», herrialde batzuk indarkeria sustatzen ari dira. Izenik aipatu ez duen arren, ondorengo adierazpenetan garbi utzi du nortaz ari zen: «Irtenbiderik gabeko politika da oposizioa laguntzea. Al-Assad ez da bere kabuz joanen, eta Mendebaldeak ez daki zer egin horrekin».

Damaskorekiko jarrera gogorrenetakoa eduki arren, Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak aldarte otzanagoa erakutsi du Putinekin Moskun egindako bileran, eta konponbidea egungo gobernuko kideek eta oposizioak partekatutako «trantsiziorako organo» batekin etorriko dela defendatu du, Siriarako Ekintza Taldeak joan den hilean proposatu bezala.

Misioa luzatzeko aukera

Gauzak horrela, UNSMISen epea amaitu bezperan eztabaidatuko du Segurtasun Kontseiluak ebazpena. Mendebaldeko herrialdeek Damaskoren aurkako zigorrak estutu nahi dituzte, eta aukera militarrari bidea ireki. Errusiak eta Txinak horri betoa paratuko diotela aitzinatu dute. NBEren misioa luzatzean daude ados denak: 45 egunez proposatu dute Mendebaldekoek, eta hiru hilabetez Errusiak. Moskuk, gainera, Siriarako Ekintza Taldea berriz biltzea proposatu dio Annani, baina oraingoan Iranen eta Saudi Arabiaren presentziarekin.

Indarkeria gelditzeko tartea, ordea, gero eta murritzagoa da. Siriako Gobernuarentzat bere jardun militarrak ordena berreskuratzea du helburu. Oposizioko talde armatuek, berriz, ez dute su-eten bat onartu nahi, eta Damaskoraino eraman dute borroka. Turkiak, Persiako golkoko herrialdeek eta itxura guztien arabera Mendebaldeko bertze hainbaten zerbitzu sekretuek indartu dute Siriako Armada Askea, beraz, bake plan batek sostengu hori etetea ekarri beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.