Hogei urteren ondotik, Zisjordania iparraldera tankeak sartzen ari da Israel

Soldaduek azpiegiturak eta kaleak txikitu dituzte Jeninen, herenegun hirira tankeak sartzen hasi ondotik. Israelen erasoak areagotu zirenetik, 28 palestinar hil dituzte Jeninen.

Israelgo soldaduen tankeak, herenegun, Jenin hirian. ALAA BADARNEH / EFE
Israelgo soldaduen tankeak, herenegun, Jenin hirian. ALAA BADARNEH / EFE
Iratxe Muxika
2025eko otsailaren 25a
14:57
Entzun 00:00:0000:00:00

Herenegun abiatu ziren Israelgo tankeak Zisjordania iparraldeko Jenin hirira, 2002. urtetik lehen aldiz. Wafa berri agentzia palestinarrak jakinarazi duenez, hirira eta hango errefuxiatuen kanpalekura ailegatu aitzinetik inguruko herrixketatik pasatu dira tankeak, eta hainbat kale eta azpiegitura txikitu dituzte. Kaltetutako eremu horien artean da Tulkarem hiriko errefuxiatuen kanpalekua; gaur arte 12.000 palestinarrek egin behar izan dute handik ihes. Jordan haranera ere iritsi da Israelgo armada; palestinar bat zauritu du gaur. Israelek, bide batez, 48 orduko etxeratze agindu bat ezarri zuen herenegun Jenin hegoaldean. 

Milizia palestinarren «gotorleku» zela argudiatuta, iragan urtarrilaren 21ean areagotu zuen Israelek Zisjordaniaren aurkako erasoa, Jenin hirian bonbardaketak eta sarekadak egin ondotik. Operazio hori hasi zutenetik, gutxienez 28 palestinar hil dira Jeninen, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Tartean, 10 urteko haur bat eta haurdun zegoen emakume bat. 

Tankeen operazioari buruz komunikatu bat egin zuen armadak igandean, zeinak argitzen zuen 26 «terrorista» atxilotu zituztela soldaduek, baita zenbait arma konfiskatu ere. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak adierazi zuen Jenin, Tulkarem eta Tubaseko errefuxiatuen kanpalekuetatik desplazatutako 40.000 palestinarrei ez dietela etxera itzultzen utziko. Horrez gain, jakinarazi zuen Israelgo tropek aurrerantzean ere han «operazioak egiten» jarraituko dutela. 

Palestinako Presoen Elkarteak atzo Telegram bidezko ohar batean azaldu zuenez, Israelgo armadak gutxienez 365 palestinar atxilotu ditu erasoak areagotzen hasi zenetik, batik bat Jeninen eta Tulkaremen. 200 bat atxilotu zenbatu dituzte Jeninen eta hango kanpalekuan; horietako batzuk aske utzi dituzte. Bertze 165 bat preso Tulkaremen hartu dituzte; oharraren arabera, haurrak, zaurituak eta adinekoak daude horien artean. 

«Gazako gerraren ostean areagotu egin dituzte atxilotze sistematikoak, eta operazio horiek politika horren luzapena dira», argitu zuen presoen elkarteak. Oharrean salatu zuenez, 35 egunez atxilotuak «jipoitu» eta «exekutatu» dituzte, azpiegiturak suntsitu eta palestinarren etxebizitzak kuartel militar bihurtu.

Israelek Gazaren kontrako gerra areagotu zuenetik, 2023ko urriaren 7tik, orotara 14.500 palestinar inguru atxilotu ditu Zisjordanian. Horietako anitz ez dira etxera itzuli, atzoko oharrean jakinarazi zutenez.  

Hipotermiaz hilda, Gazan

Wafa albiste agentziak gaur jakinarazi duenez, gutxienez sei haur hil dira Gazan, hotz bolada batengatik hipotermiak jota. Asdika al-Marid ospitaleko zuzendariak azaldu duenez, horietatik hiruk bi hilabete bertzerik ez zuten. Gazan bertan hil dira seirak, ospitaleratu eta ordu gutxira, hotzaren eta aterperik ezaren ondorioz. Horiez gain, erietxeak jakinarazi du haur gehiago daudela «larri». 

Gazako biztanleak hotzez eta aterperik gabe daudela ikusita, Gazako Gobernuko Hedabideen Bulegoko zuzendariak nazioarteari eta gatazkan bitartekari lanean ari direnei «premiazko neurriak» hartzeko eskatu die, 280.000 familia palestinarri baino gehiagori aldi baterako aterpea eman diezaieten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.