Inoizko gerrarik azkarrena, eta, zenbaiten esanetan, garbiena ere izan da Afganistangoa. Izan ere, bi astean eta ia batere borrokarik egin gabe bereganatu dute herrialdea —hiri gehienetan aspaldian ari ziren miliziekin hitz egiten, nola amore eman adosteko—. Maiatz hasieran AEBetako tropen erretiratzea hastearekin batera, gogortu egin ziren gobernuaren eta talibanen arteko borrokak, eta berehala geratu zen argi Washingtonek trebatutako 300.000 soldaduak ez zirela miliziak gelditzeko gai izango. Hala, azken bi asteetan bata bestearen atzetik erori dira haien eskuetan herrialdeko hiri nagusiak, atzo arratsaldean Kabulera heldu ziren arte.
«Jainkoari eskerrak, gerra amaitu da herrialde honetan», esan zuen atzo Al Jazeerari eskainitako elkarrizketa batean Mohammad Naeem talibanen bozeramaileak. Naeemek aurreratu zuen ez dela beren asmoa Afganistan isolatuta geratzea, eta datozen egunetan iragarriko dutela zer-nolakoa izango den herrialdea kudeatuko duen gobernu berria. Dena den, zehaztu dute ez dutela urratsik egingo atzerriko indarrak herrialdetik irten bitartean: «Gerrillariak probintzietako hiriburuetan biltzen ari dira, eta elkarrizketak hasiko ditugu gobernua eratzeko. Bien bitartean, hala ere, normaltasunez jarraitu ahal izango dute herritarrek».
Axraf Ghani presidenteak atzerrira ihes egin zuen atzo, iturri ofizialek berretsi zutenez. Ghanik berak gerora zabaldutako ohar baten arabera, «odol gehiago isurtzea saihesteko» irten zen Kabuldik —talibanek haren dimisioa eskatu zuten, inolako akordiorik izango bazen—. Gauza bera egin dute haren gobernuko beste hainbat ministrok ere, tartean Defentsa ministro Bismillah Khanek eta haren hiru semeek.
Miliziek euren irudia hobetzeko ahalegina egin arren, mendebaldeko estatu gehienek nahiago izan dute han dituzten ordezkaritzak hustu eta euren langileak lehenbailehen bertatik atera. AEBek atzo bertan hustu zuten Kabulgo enbaxada —Washingtonentzat lan egindako 44.000 afganiarrak, ordea, hiriaren kanpoaldean daude oraindik ere, noiz ebakuatuko dituzten zain—, eta asmo berarekin ari dira lanean Europako herrialde gehienak ere. Horiek hala, 60 estatuk baino gehiagok eskatu diete talibanei erraz ditzatela atzerriko langileak handik ateratzeko lanak.
Baina atzerritarrak ez ezik, afganiarrak ere ez dira fio agintari berriez; besteak beste, askok euren azalean bizi izan dituztelako haien erabakien ondorioak. Hala, atzo iluntzean milaka izan ziren Kabulgo Hamid Karzai nazioarteko aireportura sartu ziren herritarrak, azken orduko hegaldietara igotzeko asmoz, gehienek han jarraitzen dute gaur goizean. Azken orduetan, gainera, bost hildakoren berri eman dute; ez dago argi tiroz hil dituzten edo jendetzak zapalduta hil diren. AEBetako indarren kontrolpean jarraitzen du aireportuak ofizialki. Ihesaldi saioak irudi beldurgarriak utzi ditu:
Hamid Karzai international airport. 16 August, 2021. pic.twitter.com/LXsAQPpFXG
— BILAL SARWARY (@bsarwary) August 15, 2021
This is, perhaps, one of the saddest images I've seen from #Afghanistan. A people who are desperate and abandoned. No aid agencies, no UN, no government. Nothing. pic.twitter.com/LCeDEOR3lR
— Nicola Careem (@NicolaCareem) August 16, 2021
Bien bitartean, aire konpainia handiak hegaldiak desbideratzen hasiak dira, airekoak Afganistan gainetik igaro ez daitezen. Gehienek Pakistan eta Irango aire eremuetara jo dute. Bestalde, Kabulgo nazioarteko aireportutik irtetekoak ziren hegaldi komertzialak ere bertan behera geratu direla jakinarazi dute. Rakhshanda Jilali giza eskubideen aldeko ekintzaileak salatu du irten den azken hegaldi komertzialean atzerriko ordezkariei soilik utzi dietela sartzen: «Haur gure aireportua da, baina diplomazialariak dira hegazkinetara igotzen ari direnak, eta gu, berriz, zain gaude, eta inork ez digu azalpenik ematen».
Hiriburua hutsik iratzarri da gaur, bart gaueko milizien ospakizunen ostean. Kaleak ia hutsik daude, lekukoek zabaldu dutenez, eta gerrillarien patruilak ikus daitezke nonahi. Miliziek eurek jakinarazi dutenez, indar berezietako mila kide inguru heldu dira bart hirira, eta haien kontrolpean dago segurtasuna. Armadako soldaduei dagokienez, gehienek euren buruak entregatu zituzten atzo, eta beste askok zibilez jantzita ihes egin zuten hiritik.
NBEren goi bilera
Eguna helduko zela jakinda ere, inork gutxik espero zuen horren azkar iristea. Azken egunetan nazioarteko indarrek, Mendebaldeak batez ere, behin eta berriz errepikatu du talibanak agintera helduz gero isolatu egingo dutela herrialdea. Orain eguna heldu da, eta askok gaitzetsi duten arren boterea indarrez hartu izana, estatuburu gehienek nahiago izan dute zer gertatzen den ikusi arte itxaron.
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek defendatu egin du Washingtonen estrategia asteburuan ABC kateari eskainitako elkarrizketan. Haren esanetan, ezin litezke Kabul eta duela 46 urteko Saigon alderatu: «Afganistanera joan ginen duela hogei urte misio zehatz batekin, eta izan zen irailaren 11ko erantzuleen aurka egitea, eta misioa arrakastatsua izan da». Blinkenek ukatu arren, asko izan dira Kabulgo irudiak, 1975ean, Vietnamgo gerra amaieran, ikusitakoekin lotu dituztenak. Orduan ere AEBetako armadak hainbat aireko bidali zituen Saigonera bertako enbaxadako langileak ateratzeko, ia 50 urteren ondoren Kabulen egin duten moduan.
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak ezohiko bilerara deitua du gaur arratsalde-iluntzerako, herrialdeko egoeraz eztabaidatzeko.
Jarraitu irakurtzen: Txina talibanekin harremanetan jarraitzeko prest agertu da