«Hobeto bizitzeko» gobernu akordioa sinatu dute PSOEk eta Sumarrek

Besteak beste, asteko lanaldia 2025erako 37,5 ordura murriztea adostu dute. Hurrengo legegintzaldian «guztientzako enplegua» izango dute lehentasun

Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz, atzo. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hainbat astez negoziatzen aritu ondoren, PSOEk eta Sumarrek koalizio gobernu bat osatzeko akordioa egin zuten herenegun, azken orduan, eta Yolanda Diaz Sumarreko lider eta Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteordeak atzo nabarmendu zuen «hobeto bizitzeko» ituna dela bi indar politikoek sinatutakoa, hori aurkezteko Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko idazkari nagusiarekin Madrilen egindako agerraldian. Sanchezek esan zuenez, «egonkortasuna, elkarbizitza, eta aurrerabidea» helburu duten 230 neurri jasotzen ditu akordioak —48 orrialdetan bildu dituzte—, eta berritasun handiena da adostu dutela asteko lanaldia 37,5 ordura murriztea 2025erako, lansarian murrizketarik egin gabe, hau da, asteko bost egunetan zazpi ordu eta erdiko lanaldia edukitzea. Horrekin nolabait lotuta, datorren legegintzaldian «guztientzako enplegua» lortzea izango dutela lehentasun, Sanchezen arabera.

«Bizitzeko denbora irabaziko dugu», azpimarratu zuen Diazek. Akordioak dioenez, «progresiboki» egin nahi dituzte aldaketak lanaldia murrizteko orduan. 2024an 38,5 ordura gutxitua nahi dute, eta 2025ean 37,5era. Legez egitea da haien asmoa; hori bai, behin helburu horiek lortuta, eta «murrizketetan aurrerapausoak ematen jarraitzeko», negoziazio mahai bat osatuko lukete eragile sozialekin. Espainiako bi sindikatu nagusiek, CCOOk eta UGTk, pozik hartu zuten ituna, baina asteko lanaldia 35 ordukoa izatea nahi dute.

CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak, baina, ez du ontzat jotzen lanaldia murriztea lansariak bere hartan utzita, eta PSOEk eta Sumarrek planteatutako neurria kritikatu zuen ohar batean. Espainiako patronalak egotzi die bi alderdiei «solaskide sozialen bizkar» negoziatzea, eta iruditzen zaio adostutakoak enpresen jardunari «kalte» egingo diola. CEOEk proposatu du lanaldiak sektorez sektore eta enpresaz enpresa erregulatzea, «kasu bakoitza aztertuz». Azken lan erreforma, iaz onartutakoa, negoziatu zutenetako bat izan zen Diaz Lan ministro gisa, eta atzo nabarmendu zuen «eskubide laboralen bigarren olde bat» datorrela itunean jasotakoari esker.

Kutsu sozialeko eta aurrerazaleko beste neurri batzuk ere proposatu dituzte: Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen helburuak berrikustea; mozal legea baliogabetzea; eta, besteak beste, zerga erreforman aurrera egitea. Azken hori hizpide hartuta, akordioan jaso dute, sozietate zergari dagokionez, esaterako, enpresa handien kontabilitate emaitzan gutxienez %15 zergak ordaintzera bideratuko dela ziurtatzea. Gutxiago ordaintzeko «ingeniaritza fiskala» baliatzea leporatu zien Sumarreko liderrak atzo enpresa handiei, eta azaldu zuen 10.000 milioi euro bilduko dituela estatuak planteamendu horrekin.

Akordioa Diazek esplikatu zuen, eta azken hiru urteetan PSOEren eta Podemosen arteko koalizio gobernuak egindakoa goratu zuen Sanchezek agerraldian —bi liderren arteko harreman ona agerian geratu zen, beste behin—. COVID 19-ak ekarritako pandemia eta Ukrainako gerrak eragindako astinaldi politikoa mahaigaineratuta, nabarmendu zuen tokatu zaiela «nabigatzea» gogora daitekeen «nazioarteko abagune okerrenetako batean». Eta berriro presidente izendatua izateko behar besteko babesik ez duen arren —inbestidurarako epemuga azaroaren 27a da—, esan zuen «guztiz itxaropentsu» dagoela.

PPko presidente Alberto Nuñez Feijoorentzat, «paper errea» da PSOEren eta Sumarren arteko akordioa. Era berean, eskuineko alderdi horrek Sanchezen inbestidurarako data ezar dezala eskatu zion atzo Kongresuko presidente Francina Armengoli, ohar baten bidez.

Blokeo eskaera

Errepublikaren Aldeko Kontseiluaren oinarriek eskatu diete Kataluniako alderdi independentistei blokeatu dezatela Sanchezen inbestidura. Barne kontsulta bat egin dute horri buruz, eta hori nahi dute botoa eman dutenen %75ek; hori bai, parte hartzea oso txikia izan da, %4,4koa, eta emaitza ez da loteslea. Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia du buru erakundeak, baina ez JxC Junts Per Catalunyak —Puigdemont lider duen alderdia—, ez ERC Esquerra Republicanak ez dute erakutsi asmorik emaitza edozein zela ere negoziazio mahaitik altxatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.