Espainia

«Hobeto bizitzeko» gobernu akordioa egin dute PSOEk eta Sumarrek

  Besteak beste, asteko lanaldia 2025erako 37,5 ordura murriztea adostu dute. Hurrengo legegintzaldian «guztientzako enplegua» izango dute lehentasun.

Sanchez eta Diaz, gaur, akordioa sinatzen. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 24a
08:34
Entzun

Hainbat astez negoziatzen aritu ondoren, PSOEk eta Sumarrek koalizio gobernu bat osatzeko akordioa itxi zuten atzo, azken orduan, eta Yolanda Diaz Sumarreko lider eta Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteordeak gaur nabarmendu du «hobeto bizitzeko» ituna dela bi indar politikoek sinatutakoa, hori aurkezteko Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko idazkari nagusiarekin Madrilen egindako agerraldian. Sanchezek esan duenez, «egonkortasuna, elkarbizitza, eta aurrerabidea» helburu duten 230 neurri jasotzen ditu akordioak, eta berritasun handiena da adostu dutela asteko lanaldia 37,5 ordura murriztea 2025erako, lansarian murrizketarik egin gabe; hau da, asteko bost egunetan zazpi ordu eta erdiko lanaldia edukitzea. Horrekin nolabait lotuta, datorren legegintzaldian «guztientzako enplegua» lortzea izango dutela lehentasun, Sanchezen arabera.

«Bizitzeko denbora irabaziko dugu», azpimarratu du Diazek. Akordioak dioenez, «progresiboki» egin nahi dituzte aldaketak lanaldia murrizterakoan. 2024an 38,5 ordura gutxitu nahi dute, eta 2025ean 37,5era. Legez egitea da haien asmoa; hori bai, behin helburu horiek lortuta, eta «murrizketetan aurrerapausoak ematen jarraitzeko», negoziazio mahai bat osatuko lukete eragile sozialekin. Espainiako Estatuko bi sindikatu nagusiek, CCOOk eta UGT, pozik hartu dute ituna, baina asteko lanaldia 35 ordukoa izatea nahi dute.

CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak, baina, ez du ontzat jotzen lanaldia murriztea lansariak bere hartan utzita, eta PSOEk eta Sumarrek planteatutako neurria kritikatu du, gaur, ohar batean. Espainiako patronalak egotzi die bi alderdiei «solaskide sozialen bizkar» negoziatzea, eta iruditzen zaio adostutakoak enpresen jardunari «kalte» egingo diola. CEOEk proposatu du lanaldiak sektorez sektore eta enpresaz enpresa erregulatzea, «kasu bakoitza aztertuz». Azken lan erreforma, iaz onartutakoa, negoziatu zuenetako bat izan zen Diaz lan ministro gisa, eta gaur nabarmendu du «eskubide laboralen bigarren olde bat» datorrela itunean jasotakoari esker.

Kutsu sozialeko eta aurrerazaleko beste neurri batzuk ere proposatu dituzte: Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen helburuak berrikustea; mozal legea baliogabetzea; eta, besteak beste, zerga erreforman aurrera egitea. Azken hori hizpide hartuta, akordioan jaso dute, sozietate zergari dagokionez, esaterako, enpresa handien kontabilitate emaitzan gutxienez %15 zergak ordaintzera bideratuko dela ziurtatzea. Gutxiago ordaintzeko «ingeniaritza fiskala» baliatzea leporatu die Sumarreko liderrak, gaur, enpresa handiei, eta azaldu du 10.000 milioi euro bilduko dituela estatuak planteamendu horrekin.

Akordioa Diazek esplikatu du, eta azken hiru urteetan PSOEren eta Podemosen arteko koalizio gobernuak egindakoa goratu du Sanchezek agerraldian —bi liderren arteko harreman ona agerian geratu da, beste behin—. COVID-19ak ekarritako pandemia eta Ukrainako gerrak eragindako astinaldi politikoa mahaigaineratuta, nabarmendu du tokatu zaiela «nabigatzea» gogora daitekeen «nazioarteko abagune okerrenetako batean». Eta berriro presidente izendatua izateko behar besteko babesik ez duen arren —inbestidurarako epemuga azaroaren 27a da—, esan du «guztiz itxaropentsu» dagoela. Ez da ezustekorik espero, baina PSOEk eta Sumarrek itunari buruzko barne kontsulta bat egingo dute beren militanteekin.

PPko presidente Alberto Nuñez Feijoorentzat, «paper errea» da PSOEren eta Sumarren arteko akordioa. Eskuineko alderdi horrek, bestetik, Sanchezen inbestidurarako data ezar dezala eskatu dio, gaur, Kongresuko presidente Francina Armengoli, ohar baten bidez.

Blokeo eskaera
Errepublikaren Aldeko Kontseiluaren oinarriek eskatu diete Kataluniako alderdi independentistei blokeatu dezatela Sanchezen inbestidura. Barne kontsulta bat egin dute horri buruz, eta hori nahi dute bazkideen %75ek; hori bai, parte hartzea oso txikia izan da, %4,4koa, eta emaitza, gainera, ez da loteslea. Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia du buru erakundeak, baina ez JxC Junts Per Catalunya Puigdemont lider duen alderdia, ez ERC Esquerra Republicanak ez dute erakutsi asmorik emaitza edozein zela ere negoziazio mahaitik altxatzeko.

NEURRI NAGUSIAK

Enplegua
-Asteko lanaldia murriztea, lansarian murrizketarik egin gabe: 2024rako 38,5 ordura, eta 2025erako 37,5 ordura.
-SMI lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea.
Pentsioak
-Pentsioak KPIaren arabera eguneratzea.
Etxebizitza
-Etxebizitza publikoaren parkea handitzea, molde horretakoak parke guztiaren %20 izan daitezen.
-Prezioei eustea, kontuan hartuta bai zerga pizgarriak, ba alokairuak erregulatzeko mekanismoak.
Osasuna
-Itxaron zerrendak bukatzea osasungintza publikoan.Gehienezko epeak: 120 egun ebakuntza baterako; 60 egun kanpo kontsultetarako; 30 egun proba osagarrietarako.
Ingurumena
-Argindarraren bonu soziala baliatzen duten etxebizitza kopurua orain halako bi izatea.
Giza eskubideak
-Amatasun eta aitatasun baimenak hogei astera arte luzatu ahal izatea.
Garraioa
-Espainiako Estatu barruan hegaldiak gutxitzea, bidaia trenez egiteko bi ordu eta erdi baino gutxiagoko iraupena duen alternatiba bat dagoenean.
Berdintasuna
-Zaintza lege bat bultzatzea.
-LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko estatu itun bat egitea.
Zergak
-Bankuei eta energia enpresei ezarritako zergak indartzea.
-Sozietate zergari dagokionez, enpresa handien kontabilitate emaitzan gutxienez %15 zergak ordaintzera bideratuko dela ziurtatzea, hori lortzeko helburua duen zerga erreforman aurrera eginez.
Administrazio publikoa
-Finantzaketa autonomikorako eredu berri bat sortzea.
-Gizarte laguntzak jasotzeko epea, gehienez, 30 egunekoa izatea.
Kultura
-Kultur eskubideen lege bat sustatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.