Ez ditzagun haurrak hizkuntza arrazoiengatik banandu», zioen Alexandre Gali historialari eta pedagogoak iragan mendeko 20ko hamarkadan. Urteak izanagatik, baina, ez da leloa zaharkituta geratu; izan ere, azken hilabeteotan ahoz aho darabilte Katalunian hezkuntzan hizkuntza murgilketaren sistema defendatzen dutenek. Iazko abenduan, hain justu, Espainiako Auzitegi Gorenak dardarka jarri zuen Kataluniako hezkuntza sistema. Hiru sendik aurkeztutako errekurtsoari arrazoia emanez, gaztelania, katalanaren pare, irakats hizkuntza izateko neurriak hartzera behartu zuen Generalitatea. Murgilketa sistema konstituzioaren aurkakotzat jo baitzuten epaileek, gaztelania «baztertzen» zuelako. Eta hizkuntza gatazka arrazoi bilakatu dute, beste behin.
Kataluniako Legebiltzarrak indarrean dagoen murgilketa sistemaren aldeko adierazpena onartu berri du. Alderdi guztiek eman diote babesa, PPk eta Ciutadans-ek izan ezik. Solidaritat abstenitu egin da, testua arinegi iritzita, katalanak irakats hizkuntza bakarra izan behar duela biltzen ez duelako. Murgilketaren alde egin dute gainontzeko alderdi guztiek, «eredu arrakastatsua delako eta gizartea batzeko baliagarria delako». Gainera, gizartean eta politikarien artean «onarpen zabala» duela nabarmendu dute.
Auzitegietan, baina, bide luzea egin du gatazkak iaztik. Uztailean, Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak bi hilabeteko epea ezarri zion Generalitateari Gorenaren sententzia betetzeko. Hezkuntza sailburu Irene Rigauk, hizkuntza normalizazioaren egoerari erreparatuz, orduan argudiatu zuen bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzeko «beharrezkoa» dela egungo ereduarekin jarraitzea,baina epaileek ez zuten azalpena ontzat eman. Dena den, oraingoz, ultimatuma bertan behera utzi du Gorenak, Generalitateak ezarritako helegitea onartzen duen edo ez erabakitzen duen bitartean.
Zurrunbilo politikotik eta mediatikotik urrun, milioika haurrek eskolarako bidea hartzen dute goizero-goizero. Josep Maria Elias i Costa Kataluniako Pedagogoen Elkargoko presidentearen hitzetan, «fikziozko eztabaida da, gizartean inork ez baitu zalantzan jartzen murgilketa ereduaren eraginkortasuna». 1983tik, Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiaren lehen gobernuaren garaitik, katalana da irakats hizkuntza Kataluniako hezkuntza sisteman. Ereduaren bultzatzaileek eskolatze sare bikoitza saihestu zuten, besteak beste hizkuntza diskriminazioa amaitzeko. Hizkuntza normalizazioaren bidean beharrezkotzat jo zuten eskolan katalana bultzatzea.
Ele biko sistemaren eta murgilketa sistemaren arteko lehia gogorra izan zen 80ko hamarkadan. Baina, azkenik, Quebeceko (Kanada) ereduari jarraitzea erabaki zuten. Bertan, ingeles hiztunak frantsesez hezten zituzten, bi hizkuntzak menperatzeko bidea emanez. Pujolen Generalitateak, hain justu, katalana gaztelaniaren parean indartu egin behar zela erabaki zuen. Kalean gaztelania askoz indartsuagoa zen, eta adostu zuten bi hizkuntzen presentziak eskolan ezin zuela berbera izan. «Bi eleko sistemarekin gaztelania inposatzen zen, indartsuagoa baitzen, eta katalanak atzera egiten zuen», dio Joaquim Arenasek, 1983an DEC Katalanezko Irakaskuntzaren Ordezkaritzako zuzendari zenak. Murgilketa ezartzen lagundu zuen Arenasek, besteak beste.
Bartzelonako Sant Marti auzoko Els Horts eskola publikoko zuzendaria da Carme Delgado. Haren ustez, ezein haurrentzat katalana ikastea ez da trauma bat. «Hemen immigrazio handia dago, gure ikasleen %50 edo %60 inguru kanpotarren seme-alabak dira, baina hori ez da inorentzat arazo», adierazi du Delgadok. Eskolako zuzendariaren hitzetan, hain justu, «murgilketa sistemak bermatzen du ikasle horiek guztiek, nahiz eta etxean gaztelaniaz egin, katalana menperatzea».
Sant Marti auzoan katalana apenas entzun daitekeen eskolatik kanpo. Delgadok azaldu duen moduan, «katalana eskolako hizkuntza da haur horientzat, eta bertan hitz egingo ez balute, ez lukete espaziorik katalanez hitz egiteko». Hizkuntzen arteko desoreka da, hain justu murgilketa sistema justifikatzen duena. Elias i Costak, ildo beretik, azaldu du gaztelania dela Kataluniako ikasle gehienen aisialdiko hizkuntza. «Hizkuntzen arteko desoreka handia da, eta oraindik lan asko daukagu egiteko. Haurrek aisialdian katalanez hitz egitea lortu behar dugu; gaztelania zigortu gabe, noski».
Murgilketaren aurka
Hainbat gurasok, ordea, protesta egiten dute, euren haurrek eskolan gaztelaniaz ikasteko duten eskubidea aldarrikatuz. Katalunian gutxiengoa dira, baina euren ahotsa ozen entzuten da. Guraso horiek ordezkatzen ditu CCC Kataluniako Elkarbizitza Hiritarra elkarteak; eta, hain justu, Gorenaren sententzia betetzea exijitzen du. Alegia, gaztelania ere irakats hizkuntza bilakatzea. «Hiru familia horiei Gorenak onartu dien eskubidea betetzeko neurriak hartu beharko dira, baina horrek ez du esan nahi Kataluniako hezkuntza eredua aldatu behar denik», kritikatu du Elias i Costak.
«Familia horiek heroiak dira, Katalunian elebitasuna eskatzea delitu gisa hartzen baita», kexu da Francisco Caja CCCko zuzendaria. «Gainera, hiru familia baino askoz gehiago daude elebitasunaren alde. Ekainean, gaztelania irakats hizkuntza izatea nahi duten 500 gurasoren eskaerak aurkeztu genituen», gaineratu du. Escola els Hortseko zuzendariak, aldiz, guztiz kontrako errealitatea bizi duela azaldu du: «Nik hamabi urte daramatzat eskola honetan zuzendari gisa lanean, eta inoiz ez zait gurasorik etorri gaztelaniazko irakaskuntza exijitzera. Are gehiago, guraso erdaldunek ere positibotzat dute euren haurrek katalana ikastea. Haurrek zenbat eta gehiago ikasi, gurasoak orduan eta gusturago». Haur horiek Katalunian biziko badira katalanez jakitea beharrezkoa dela adierazi du Delgadok, edo gutxienez, balio erantsi bat dela. Besteak beste, lan munduan sartzeko leku askotan beharrezkoa izango dutelako. Kataluniako Pedagogoen Elkargoko lehendakariak ere zenbat eta hizkuntza gehiago jakin hobe dela uste du: «Gure ikasleak bi altxorrekin ateratzen dira eskolatik: katalana eta gaztelania. Hori aberastasuna da, eta hori indartzeko lan egin behar dugu».
Murgilketa sistema erabat bidegabea dela sinetsita dago, aldiz, CCCko zuzendaria: «Gaztelaniaz mintzo diren haurrek murgilketa egiten dute, baina katalanez mintzo direnak hezkuntza euren ama hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute». Gaztelaniaz hitz egiten duten haurrek porrota jasateko %50 aukera gehiago dutela gaineratu du Cajak. Elias i Costak, aldiz, baieztapen horrek inolako oinarri zientifikorik ez duela dio, eta hori egiaztatzeko ikerketak begiratu besterik ez dela egin behar.
Generalitateak aurkeztutako datuen arabera, berriz, Kataluniako eskoletan ikasten duten haurren gaztelania maila Espainiako edozein autonomia erkidegoko haurren mailaren parekoa edo handiagoa da. «Kataluniako haurrek gaztelanian Espainiako haurren maila bera edukitzeak zer pentsatua eman beharko lioke Espainiako Hezkuntza Sailari», adierazi du Delgadok. «Izan ere, nola da posible beste hizkuntza batean ikasiz eta gaztelaniako ordu gutxiago jasoz maila bera lortzea? Agian hezkuntza eredua aldatu behar da, baina ez hemengoa», gaineratu du.
Joaquim Arenas pedagogoak eztabaida maila politikotik aldentzeko eskatu du, «murgilketa sistema inoiz baino beharrezkoagoa den honetan». Horrez gain, haurrek erreferentzia hizkuntza bat izan behar dutela dio, gainontzeko ikasgaiak menperatzea errazten baita era horretan, baita bigarren hizkuntzak ikastea ere.
Gorenaren sententzia urteetako lanaren aurkako erasoa izan dela uste du pedagogoak, eta erantzun indartsua emateko eskatu dio gizarteari. Herritarren gehiengoak, hain justu, haserre erantzun du sententziaren aurka. Irailaren 11, Kataluniako Diadaren eguna, hain justu, murgilketa sistema defendatzeko egun bilakatu zuten. Milaka herritarrek egungo sistema defendatu zuten kalean.
Politikariek, berriz, ezohiko irudia erakutsi dute auzi honetan. Alderdi gehienek bat egin baitute Kataluniako murgilketa sistemaren defentsan. Irailaren 13an, Espainiako Kongresuan egungo ereduaren alde ERCk aurkeztutako mozioa onartu zuten. Alderdi guztien aldeko botoa jaso zuen testuak, PPrena, UPyDrena eta UPNrena izan ezik.
Estrasburgoraino
Kataluniako Justizia Auzitegi Gorena Generalitateak aurkeztutako helegitea onartzen duen edo ez aztertzen ari da uneotan. CCCko presidentearen ustez, Gorenaren sententzia irmoa da, eta «Generalitateari hezkuntza sistema aldatzea beste erremediorik ez zaio geratzen». Dena den, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuten hiru familiek Estrasburgora joateko mehatxua egin dute, «bertako auzitegiak presio politikoari men egiten badio».
Kataluniako Legebiltzarrakmurgilketa sistema defendatu nahi du, eta adostasuna baliatu nahi dute horretarako. Alexandre Gali historialari eta pedagogoak esaten zuenaren bidetik, «haurrak hizkuntza arrazoiengatik banatzea herrialde bat banatzea» dela ohartarazi du Joan Ridao ERCko kideak. Izan ere, askok uste dute eztabaida honen atzean interes politikoak besterik ez daudela.
Katalunia. Hezkuntza eredua
Hizkuntza gatazka, hezkuntzan
Murgilketa sistema babesteko adierazpena onartu du Kataluniako Legebiltzarrak; hezkuntza sistema konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Auzitegi Gorenak iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu