COP26

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diete gazteek gobernuei

Glasgown izan dute erdigunea ostiralero klima larrialdia dela eta gazteek egiten dituzten mobilizazioek. Erabakiguneetan presentzia gehiago edukitzeko nahia agertu dute

Gazteak, gaur, Glasgown. ROBERT PERRY / EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 5a
17:39
Entzun

Klima aldaketaren aurka egiteko, ostiralero bezala mundu guztiko gazteak kalera atera dira protesta egitera. Eta manifestazio horiek Glasgown (Eskozia) izan dute, gaur, erdigunea, joan den igandetik han ari baitira egiten COP26 NBE Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiaren nazioarteko goi bilera. Fridays For Futurek deituta milaka pertsona elkartu dira Eskoziako hirian, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diete gobernuei. Erabakiguneetan presentzia gehiago edukitzeko nahia agertu dute, gainera.

Ohi bezala, Greta Thunberg klima aldaketaren aurkako aktibistaren ahotsa bozgorailu izanda gaurko mobilizazioei dagokienez. Hala, Glasgowko protesten irudia zabaldu du Twitter bidez. «Hara. Egiazki, hau da jendearen botereak duen itxura», txiokatu du.

Iruditzen zaie ez aurretik, ez Glasgown ez direla ari erabakiak hartzen. Hiriko hainbat paretetan ondokoa idatzita duten kartelak itsatsi dituzte: Klima ekintza orain arte: tar-tar-tar. Greta Thunberg aktibista gazteen ikurrak ere mobilizazioetan parte hartu du, eta gazteen sentipena izan du hizpide sare sozialetako mezu batean: «Inoizko COP baztertzaileena izaten ari da. Hau ez da jada klimari buruzko bilera bat. Herrialde aberatsen irudia garbitzeko jaialdi bat da. Beti bezala, tar-tar-tarraren ospakizun bat da».

Izan ere, klima larrialdiaren aurrean, gazteek sentitzen dute gobernuek «abandonatu» egiten dituztela eta «traizioa» egiten dietela. Hori da Europako bost unibertsitatek gaiaz egindako ikerketa baten ondorioetako bat. «Gazteen antsietate ekologikoak ez dio erantzuten, soilik, ingurumena suntsitua izaten ari denez erakusten duten errebeldiarik; baizik eta erabat lotuta dagoela gobernuek aldaketa klimatikoaren aurrean erakusten duten ekintzarik ezarekin».

Garatutako zein garabidean diren dozena bat herrialdetako 16 eta 25 urte arteko 10.000 gazte inguru elkarrizketatuz osatu dute azterketa, eta askok aitortu dute «triste, izututa, eta estu» daudela etorkizunaren aurrean. Aldaketa klimatikoa «guztiz laster» ematen ari denez, hamarretik lauk adierazi dute, txostenean jaso dutenez, seme-alabak eduki ala ez zalantza egiten dutela, irizten dutelako etorkizuna «ikaragarria» izango dela.

Extinction Rebellioneko eta Klima Larrialdirako Aliantzako kideek ere, besteak beste, protestetan parte hartu dute, eta klima larrialdiari zein berotze globalari aurre egiteko planetan gazteek izan beharko zuketen protagonismoa aldarrikatu dute. «Askok uste dute muturreko gazte gehiegi gonbidatuz gero irrigarri utziko ditugula [agintariak]», adierazi du Thunbergek. «Aldaketak exijituko dituen kaleko jendez osatutako masa kritiko baten beharra» dagoela nabarmendu du. Hain zuzen, hori izan du hizpide Vanessa Nakate aktibistak: «Gisa honetako manifestazioekin presioa egiten zaio boterea duenari, eta badakigu mugimendu honek hazi beharra duela behar ditugun aldaketak lortzeko, eta, modu horretan, etorkizuneko belaunaldien segurtasuna bermatzeko».

Gaztedia eta Ahalduntze Publikoa izan da gaia, gaur, COPeko hitzaldietan, eta Alok Sharma goi bileraren presidenteak prentsa agerraldi batean eskatu die munduko lider politikoei entzun ditzatela «gazteen ahotsak», eta gonbidatu ditzatela klima larrialdiari buruzko «negoziaketetara»

Gazteak bihar dira egitekoak, Glasgown, COP26aren bueltako mobilizazio nagusia. Espero da 100.000 bat lagun inguruk parte hartzea 13:30etarako deituta dagoen manifestazioan. Gainera, 20 herrialdetako 200 hiritan ere mobilizazioak deituta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.