COP26

Historikoa izateko itxaropen gutxi

COP26 azken txanpan sartu da, negoziazioei ekiteko heldu baitira hara gobernuetako energia eta ingurumen ministroak. Ekologistek «anbizio falta» salatu dute, eta begiraleek ez dute uste akordio oso indartsurik lortuko denik.

Errefuxiatuak.  1,8 milioi iheslarien egoera salatu dute Glasgown. R. P. / EFE.
inaki petxarroman
Glasgow
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Benetako ordua heldu zaio Glasgowko COP26ri. Parisko Hitzarmenaren xedeak gauzatzeko modua zehazteko plangintza adostu behar dute Glasgown. Horretarako, mundu osoko ia 200 herrialdetako goi mailako ordezkaritzek negoziazioen azken txanpari ekin diote, eta, horrekin batera, lehen adierazpenak eta kritikak egin dizkiote batzuek besteei. Txinak eta garapen bidean dauden 77 estatuk «anbizio handiagoa» eskatu diete herrialde aberatsei, isuriak murrizteko eta herrialde pobretuei laguntzeko.

[Youtube]https://youtu.be/xL4eQiKo7DA[/Youtube]

 

Greenpeacek negoziazioen hasierako testua filtratu du, eta salatu ez duela jasotzen erregai fosilen erabilera mugatzeko neurririk. Negoziazioen amaiera gertu, mundu osoko aditu eta begiraleek ere hedabideen deien ugaritzea nabaritu zuten atzo. Hurrengo orduotan zertaz hitz egingo duten eta jokoan zer dagoen jakiteko, haietako batzuen iritziak bildu ditu BERRIAk, Glasgowko Scotish Event Campusen.

Joan den astean iragarritako itunak —deforestazioa eteteko, ikatzaren erabilera murrizteko eta metano isurketak gutxitzeko—mugatuak direla eta hedabideen «titularrak jasotzeko» iragarri dituztela uste dute, eta Erresuma Batuko Gobernuak sustatu dituela. Benetako mamia ondoko puntuetan ikusten dute.

KARBONO MERKATUA

;Parisko Hitzarmena sinatu zenetik, aldeen goi bilera guztietan gatazka eta desadostasun askoren erdigune izan da karbono merkatuaren arautzeaz arduratzen den 6. artikulua. Anna Perez Catala IDDRI Institutuko ikertzaile eta ingurumen dibulgatzailearen irudiko, «akordioren bat» lortuko dute puntu horretan, presidentetza indar handia jartzen ari baita horretarako. Kyotoko Protokoloak truke mekanismoak jarri zituen isuriak konpentsatzeko. Horren bidez, herrialde eta sektore kutsatzaileek berotegi gasak isurtzen jarraitzeko aukera erosi zuten. Klima larrialdiari modu sendoan erantzutearen aldeko eragile eta gobernuek (Madrilen sortutako San Jose koalizioak, kasurako) ez dute nahi isurien merkaturik, gasak murrizteko bidea antzutu dezakeelakoan.

Enpresa munduan, baina, presio dezente iristen ari da merkatu hori lehenbailehen martxan jar dadin, hor inbertitzeko interes handia adierazita. Herrialde batzuek, gainera, Kyotoko Protokolotik heldu diren mailegu batzuk merkatu berri horretara igarotzea nahi dute, uste dutelako bestela dirua galduko dutela. Horien artean daude Australia eta Brasil. Begiraleek uste dute haien babesa lortzeko trantsizio aldi bat onar dezaketela Glasgown, mailegu horiek 2025era arte erabilgarriak izateko. Europako Batasuna eta San Jose koaliziokoak ez daude ados luzapen horrekin.

FINANTZAKETA

Parisko Hitzarmenak jasotzen du herrialde aberatsek 100.000 milioi dolarren funts bat sortu behar dutela hegoaldeko herrialdeei emateko. Urteak pasatu dira, eta, oraingoan ere, adituek uste dute ezetz, ez dela osatuko diru funts hori. Japoniak eta AEBek apur bat handitu dute ekarpena, baina ez dute espero hurrengo egunetan beste inork diru gehiago jartzea. Afrikako taldeak gogor egin du gai honen inguruan. Herenegun, negoziazioen osoko bilkuran esan zuten funts honen dirua berraztertzen denean —2025erako aurreikusita dago— 1,3 bilioi dolar eskatuko dituela. Horrekin, nolabait, agerian utzi nahi zuen konfiantza galdua dutela. Oraingoz, 75.000-80.000 milioi inguru hitzeman dituzte herrialde aberatsek. AEBek hitzeman dute 2022rako osatuko dutela falta dena.

HANDINAHIA

CAN klima aldaketaren aurkako nazioarteko sarearen izenean, Greenpeacek eta Oxfamek agerraldia egin zuten atzo COP26ko zerogunean. Ordu batzuk lehenago, erakunde ekologistak negoziazioen testu zirriborroa filtratu zuen, eta bi erakundeek salatu zuten oso oinarri «ahula» dela klima larrialdiari aurre egiteko. Isurketak urtero berrikusi beharra dagoela planteatu zuten Greenpeaceko Juan Pablo Osorniok eta Oxfameko Tracey Catyk, Parisko 1,5 graduko xedea urruti dagoelako oraindik, haien iritziz. Halaber, herrialde pobretuen finantzaketa %25 eta %50 artean handitzeko eskatu zuten. Extinction Rebellionek ere protesta egin zuen atzo, goi bileraren atarian, talde negoziatzaileetakoak instalazioetan sartzen ziren bitartean.

2023an egin behar dute sinatzaileek Parisko Hitzarmenaren ikuskatze orokorra, eta adituek uste dute orduan NBEk eska diezaiekeela aldeei isurketen berrikuspen epeak txikiagoak izatea.

KALTE ETA GALERAK

Klima larrialdiak gero eta maizago egiten dituen kalteei aurre egiteko finantzaketa eskatzen dute hegoalde globaleko herrialdeek, baina AEBek eta Europako Batasunak ez dute horretaz hitz egin nahi. COP25 goi bileran, herrialde batzuek Santiago Network Sarea jarri zuten martxan helburu horretarako. Besteak beste, egokitze funts bat martxan jartzea nahi dute herrialde pobretuek, karbono merkatua abian denerako.

EGOKITZE XEDE GLOBALA

Kontu berritzaile bat aztertzen ari dira Glasgown. Egokitze helburu globalerako formula bat bilatzeko lantalde bat martxan jarri dute, Teresa Rivera Espainiako Ingurumen ministroak gidatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.