Historiaren kateak

2005eko irailaren 4a
00:00
Entzun
New orleans 'Gora doan itsasaldia'. New Orleans (Louisiana) jazzaren eta bluesaren hiri xarmagarria zen munduaren begientzat aste honetara arte. Musikaren izar handi Louis Armstrongen jaioterria. Baina Katrina izeneko haizezko tresna suntsitzaile bat hurbiltzen hasi zen, Floridako auzo eta herriak hankaz gora utzi ondoren. Astinaldiarekin, errealitate gordina utzi du larru gorritan urakanak: miseria. 480.000 inguru biztanleetatik bi heren beltzak ziren, eta laurden bat baino gehiago pobreak. Agintariek alarma piztu zuten.Eta joan ziren, ahal izan zuten guztiak. Baina 60.000 lagun geratu ziren. Ez autorik, ez nora joan ez zeukatenak. Beltzak eta pobreak. Ordu arte New Orleanseko turismo gunearen atzean bizi zirenak. Pontchartrain zingirak gainezka egin eta gero babesgabeen geratu direnak.Ray Nagin alkateak saminduta eta amorruz hitz egin zuen ostiralean komunikabideen aurrean, AEBetako presidenteak Louisiana hegazkinetik ikusten zuen bitartean. «Sekulako krisia daukagu hemen eta Air Force One-rekin [hiria] hegaldatzeak ez du justiziarik egiten... Hiri osoan ibili naiz eta oso etsita nago, ezin ditugulako bitartekoak baliatu». Estatu Batuetako Gobernuak ezintasun eta koordinazio falta izugarria izan du eta horren ondorioak pairatzen ari dira oraindik milaka eta milaka herritar. Larrialdiak Kudeatzeko Agentziak Federalak (FEMA) 2001aren aurretik ohartarazi zuen AEBetan hiru hondamendi gertatzeko arriskua zegoela: eraso terrorista bat New Yorken, lurrikara bat San Frantziskon eta urakan bat New Orleansen. The Houston Chronicle egunkariaren arabera, azken hori izan zitekeela larriena. Hala adierazi du ekonomia eta nazioarteko gaietan aditu Paul Krugmanek, The New York Times-en idatzitako artikulu batean. George W. Bush agintera iritsi zenetik (2001), bi oinarri izan ditu: aberatsenen zergak murriztea eta gerra. Biek zuzenki eragin dute hondamendi honetan. Batetik, Larrialdiak Kudeatzeko Agentziak Federalaren aurrekontua nabarmen murriztu du; eta, bestetik, Afganistanera eta Irakera bidali ditu bitarteko gehienak. Larrialdi lanetan parte hartu beharko luketen Louisianako eta Mississippiko guardia nazionalen heren bat baino gehiago daude Iraken.AEBen segurtasun politika kolokan jarri du Katrina-k bat-batean, astindu batekin. Etsaia AEBetatik kanpo zegoela esan du Bushek etengabe azken lau urteetan. Katrina-k, ekintzaile suizidarik eta bonbarik gabe, irailaren 11ko erasoek baino biktima gehiago eta askoz ere kalte handiagoak eragingo ditu, itxura guztien arabera. Bushek ez du errua nori bota oraingoan, klima aldaketari ez bada. Eta horretan ere etxe barrura begiratu beharko luke, lehenengo. AEBak munduan kutsadura handiena eragiten duen herrialdea baitira. New Orleansen 60.000 bizilagun geratu ziren, haientzat ihes egiteko garraiobiderik jarri ez zutelako. Agintariak berriz ere haietaz ahaztu zirelako. Bigarren aldia zen urakan batek New Orleans astintzen zuela. 1915ean, urakan batek New Orleansko Pontchartrain zingira gainezka eginarazi eta 275 lagun hil ziren. Urte batzuk geroago, 1926-27an, Mississippi Handia uholdeek Arkansas, Illinois, Kentucky, Louisiana, Mississippi eta Tennesseeko 145 dike suntsitu zituzten. AEBetako uholde gogorrenak izan ziren. New Orleansen, afro-amerikar asko atxilotu eta kaltetutako lurretan indarrez lan egitera behartu zituzten. Hala kontatzen du John Barry idazleak Rising Tide (Gora doan itsasaldia) liburuan. Hiria itsasoaren mailatik behera zegoen eraikia eta Pontchartrain inguruan milaka lagun bizi ziren. Asia ekialdean abenduan izandako tsunamia gogorarazi du Katrina-k. Orduan ere pobreak izan ziren biktimak. Itsasoaren ondo-ondoan bizi ziren milaka eta milaka indonesiar, indiar, sri lankar eta thailandiar, besteak beste. Estatu Batuek Asia ekialdeko herrialde horiek baino askoz ere aberatsagoak dira eta askoz ere azpiegitura sendoagoak dituzte. Horregatik, Katrina-k hildakoen kopurua beldurgarria izan arren, ez da urrutitik ere tsunamia-ren biktimen kopurura gerturatuko (273.000 hildako eta desagertu). Hala esan du aste honetan Jan Egelandek, NBEko larrialdiko laguntzaren koordinatzaile nagusiak. AEBetan klase sozialen artean alde handia dago, ordea, eta pobrezia gora egiten ari da azken urteetan. Errolda Bulegoak asteartean argitaratu zuen txostenaren arabera, 2004an 1,1 milioi pobre gehiago zeuden AEBetan. Beltzen artean (%24,7) eta hispanoen artean (%21,9) da portzentaia hori handiena; zurien artean, erdia (%12,7). «Baldin badakizu terrorea gerturatzen ari dela urakan forman, eta Floridan zein beste lekuetan eragin dituen kalteak ikusi badituzu, zertan ari zinen pentsatzen, jainkoarren?», galdetu dio bere buruari egunotan Calvin O. Butts III.ak, Harlemgo eliza abisiniar baptistako artzainak. «Honek arraza eta klasearekin zerikusi handia duela uste dut. Biktima gehienak txiroak ziren. Beltzak eta txiroak». Winstonvilleko (Mississippi) alkate Milton D. Tutwilerrek ere bazterketa salatu du: «Inork ez zuen komunitate honetako beltzen egoera aztertuko eguzkiak dirdira egiten zuen bitartean. Beraz, harrituta al nago inor ez delako gu laguntzera etorri? Ez». Mississippiko blues izar Muddy Watersek arrakasta handia lortu zuen Baby please don't go abestiarekin, 1960an, beltzek historian jasandako esklabutza salatuz. «Lagun ez zaitez joan New Orleansera mesedez / badakizu asko maite zaitudala (...) / gizona etxaldera joan denean / bilurriak jarri dizkiote / lagun ez joan mesedez / ez nazazu utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.