Historia garaikidean lizentziatua eta pentsamendu ekonomikoan doktore da Oriol Junqueras i Vies (Bartzelona, 1969). Urteetan izan da historia irakasle Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egun Generalitateko presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun kontseilaria dena. Historialari baten begiekin begiratzen dio egungo errealitate politikoari. BERRIAri urte hasieran emaniko elkarrizketa batean esan zuenez, «historia liburuek kapituluak eskainiko dizkiote bizitzen ari garen abaguneari».
ERCko buru da, eta umetatik izan da independentista. Zehazki, 8 urte zituenetik. Hala esan izan du berak, sarean dauden hainbat biografia laburren arabera. Baix Llobregateko Sant Vicenç dels Hortsen igaro zuen haurtzaroa, eta familiak Castellbellen zituen olibondoak eta arbendolondoak zaintzen zaildu ei zen lurra lantzen. Urteetara, bertako zinegotzi (2007) eta alkatea izan zen (2011-2015) ERC alderdiarekin —hastapenetan, independente gisa—. Eta tartean, Europako Legebiltzarreko kide ere bai.
2011n izendatu zuten Esquerra Republicanako presidente, eta berak itxi zuen aurreko urteetan alderdiak izan zuen krisi larria. Jose Montilla zen 2008an Generalitateko presidentea, ERCren sostenguz. Hirutariko gobernu bat (ICV/EUiA-PSC-ERC) eta PSCko alkate bat sostengatzen zuten bigarren aldia zuen ERCk, eta garesti ordaindu zuen akordioa; Espainiako Kongresuan, adibidez, zortzi eserleku zituen aurretik, eta hiru bakarrik lortu zituen urte horretan; Kataluniako Parlamentuan, berriz, 21etik 10 diputaturekin gelditu ziren 2010ean. Junquerasek irauli zituen emaitza horiek 2012an, 21 eserlekurekin Parlamentuko bigarren indar izatea lortu zutenean.
Orduko Kataluniako presidente Artur Masi (CIU) sostengua eman zion Junquerasen alderdiak, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza ekonomikoa lortze aldera. Sinatu zuten akordioaren arabera, erreferendumera deitu behar zuten 2014an.
Erreferenduma ez, baina galdeketa izan zen azaroaren 9an Katalunian. Horren ostean Junquerasek Ara egunkarian argitara eman zuen 'Fem-ho bé i fem-ho ja (Egin dezagun ongi, egin dezagun orain) iritzi artikuluan nabarmendu zuen katalanismoa zein gogoetara iritsi zen: «XXI. mendean eman du aldaketa katalanismoak, onartu duenean Espainiako beste herriekin eduki beharreko harremana berdinetik berdinera izan behar duela. Eta hori posible izateko, Espainiaren eta Kataluniaren arteko harremanak ere berdinen artekoak izan behar dute, estatutik estatura». Gehiago ere esaten zuen artikulu hartan: «Europak soilik ekintza burutuen politikari egingo die kasu».
2015eko hauteskundeen ondoren, 2016aren hasieran izendatu zuten Carles Puigdemont (CDC) Generalitateko presidente eta hartu zuen abiada Kataluniako prozesuak. Puigdemontek bere alderdiko zazpi kontseilari izendatu zituen gobernu berria osatzeko, baina ERCk beste sei kontseilari proposatu zituen, tartean Oriol Junqueras bera. Garrantzi handiko postuak bete ditu: lehendakariordeaz gainera, Ekonomia kontseilaria ere bada. Hala, iragan irailaren 20an, urriaren leheneko erreferendumaren ingurumarian, Espainiaren jomuga izan zen hark zuzentzen duen saila: guardia zibilak Ekonomia Kontseilaritzan sartu, eta departamentuko idazkari nagusi Josep Maria Jove, Ogasuneko idazkari Lluis Salvado eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontseilaritzako kide Joan Manuel Gomez atxilotu zituzten, besteak beste.
Katolikoa da, eta maiz joaten da mezetara. Bi seme-alaba ditu.
Kataluniako Gobernuko kontseilariak. Oriol Junqueras i Vies
Historialaria historia egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu