Hirugarrenez, Maduro izango da Venezuelako presidente

Botoen %80 zenbatuta Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak iragarri duenez, botoen %51,2 bildu ditu hautagai chavistak; oposizioko buru Edmundo Gonzalezi sei punturen aldea atera dio. Irregulartasunak salatu ditu oposizioak.

Nicolas Maduro Venezuelako presidente eta hautagai chavista, atzo, Caracasen. HENRY CHIRINOS / EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidente eta hautagai chavista, atzo, Caracasen. HENRY CHIRINOS / EFE
maddi iztueta olano
2024ko uztailaren 29a
07:00
Entzun

Ematen zuen gertatuko zela, eta, azkenean, bere horretan gelditu da. Venezuelan atzo egin zituzten presidentetzarako bozak, eta, inkestei erreparatuta, inoiz baino handiagoak ziren Nicolas Maduroren hamar urteko agintaldia amaitzeko aukerak. Halere, botoen %51,2 bilduta, GPP Polo Patriotiko Handia koalizio chavistaren hautagaiak azkenean lortu du botereari eustea, oposizioko (PUD Plataforma Unitario Demokratikoa) buru Edmundo Gonzalezi zazpi punturen aldea aterata (%44,2). Hala, oraingoa bere hirugarren agintaldia izango du Madurok, eta adierazpenokin hasi du: «Venezuelan, Bolivarren eta Chavezen lurraldean, faxismoak ez dauka tokirik. Ez gaur ez inoiz».

Ondoren jakinarazi duenez, gauean «zibereraso masibo bat» egin diote hauteskunde sistemari. Haren arabera, badakite zein herrialdetatik egin duten, baina esan du nahiago duela izenik ez eman, eta Fiskaltza arduratuko dela hori ikertzeaz. Datorren urteetan izango duen karguaren inguruan, zin egin du «legea eta herritarren nahiak defendatuko» dituela, eta konpromisoa hartu du «gerra ekonomikoak urratutako eskubide guztiak berrezartzeko». CNE Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak botoen %80 zenbatuta iragarri ditu emaitzak; hogei milioi biztanlek baino gehiagok izan zuten atzo bozkatzeko aukera, eta parte hartzea %59koa izan zen.

Oposizioko koalizioak arbuiatu egin ditu emaitzak, eta salatu «irregulartasun handiak» izan direla hauteslekuetan, akten bilketan eta botoen zenbaketan. PUDeko hautagai behar zuen Maria Corina Machadok —gobernuak inhabilitatu egin zuen bozak baino zenbait aste lehenago— egin ditu lehen adierazpenak, prentsaren aurrean: «Irabazi egin dugu, eta hori mundu guztiak daki. Herrialdeko sektore, klase eta eskualde guztietan irabazi dugu. Badakigu zer gertatu den gaur». Haren arabera, herriak aukeratu duen presidentea «Edmundo Gonzalez Urrutia da».

Are, oposizioko kideek jakinarazi dutenez, euren eskuetan dituzte akten %40 baino gehiago, eta horietan agertzen diren botoen %70 inguru lortu ditu Gonzalezek. Gauzak horrela, ohartarazpena egin diote chavismoari: «Gure borrokak jarraituko du, eta ez dugu etsiko Venezuelako herriaren nahiak errespetatzen dituzten arte». Haien arabera, Gonzalezek botoen %70 eskuratu ditu, eta Madurok %30 baino ez. Hurrengo egunetarako «ekintzak» abian jarriko dituztela iragarri dute; hori bai, «elkarrizketarako eta adiskidetzarako» deia egin dute, eta zehaztu dute ez dutela kalera irteteko eskaerarik egin.

Bozetan hamar hautagai lehiatu diren arren, bi izenen artekoa izan da botererako lasterketa. Maduro presidentea bera eta Gonzalez ziren irabazteko faboritoak, eta hori argi islatu da hauteskundeen emaitzetan: CNEren arabera, bost milioi pasatxo boto jaso ditu lehenak, eta lau milioi eta erdi besteak. Gonzalez azken unean batu zen lehiara, gobernuak Machado inhabilitatu ondoren; nolanahi ere, azkar egin zuen gora inkestetan, eta irudi zuen hurak lor zezakeela chavismoari aurrea hartzea.

Nazioartea, zatituta

Askotarikoak izan dira nazioarteko erreakzioak: garaipenarengatik zoriondu dute Maduro, adibidez, Hondurasko presidente Xiomara Castrok, Nikaraguako presidente Daniel Ortegak eta Ecuadorko presidente ohi (2007-2017) Rafael Correak. Halaber, hauteskundeetan «lortutako arrakasta» aitortu dio hautagai chavistari Txinak. «[Txina eta Venezuela] Lagun eta aliatu onak dira, elkar babesten dutenak», esan du Txinako Kantzilergoko bozeramaile Lin Jianek.

Eta horiek arbuiatu, eta «iruzurtzat» jo dituzte beste batzuek, hala nola Txileko eta Peruko gobernuek eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenek. Tokion egindako prentsaurreko batean, Blinkenek esan du «oso kezkatuta» dagoela Venezuelako bozen harira, eta gobernuari eskatu dio publiko egin dezatela botoen zenbaketa.

Eskaera horrekin bat egin dute nazioarteko beste goi kargudun batzuek, esaterako, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek: «Ezinbestekoa da hauteskunde prozesuaren gardentasuna bermatzea, eta horrek barne hartzen ditu botoen zenbaketa xehea eta hauteslekuetako aktetarako sarbidea».

Mende laurden bat

Chavismoa 1999an iritsi zen boterera, Hugo Chavez komandantearen eskutik; eta, 25 urte geroago, bere hirugarren agintaldia segurtatu du haren ondorengo Madurok. Mugimendu iraultzaileak mende laurden bat bete duen honetan, ordea, egoera ekonomiko gero eta kaskarragoak eta gizartearen ezegonkortasunak baldintzatu dituzte azken urteak Venezuelan. Hango banku zentralaren arabera, inflazioa %189,9koa zen 2023 amaieran.

Maduroren gobernuak nazioarteko komunitateak (batez ere AEBek) herrialdearen sektore energetikoari ezarri dizkion zigor ekonomikoei leporatu izan die krisi ekonomikoa. Herritarren %51,9 pobreak dira, eta hamar urtean zortzi milioi venezuelarrek baino gehiagok egin dute alde herrialdetik. Chavismoak behin eta berriz errepikatu du pertsona horiek migratzaile ekonomikoak direla, eta ez dutela erregimenetik ihes egiten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.