Frantziako hauteskundeak. Macronen garaipena

Hirugarren itzuliari begira

Frantziako presidentetzarako bozak irabazi arren, legebiltzarrean gehiengoa beharko du Macronek bere programa ezartzeko. Etzi izendatuko du gobernua, eta igandean hartuko du kargua ofizialki

Emmanuel Macron Frantziako presidente hautatua, François Hollande presidentearekin, atzo, Garaipenaren Arkuan, Parisen. PHILIPPE WOJAZER / EFE.
Adrian Garcia.
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Marka guztiak hautsi ditu, baina zuhur agertu da. Emmanuel Macron Frantziako presidente hautatua hasi da nabaritzen karguaren erantzukizunaren pisua. François Hollande presidentearekin lehen hartu-emana izan du,biek elkarrekin ospatu baitute II. Mundu Gerraren amaieraren urtemuga; ofizialki datorren igandean egingo dute botere aldaketa. Alderdi politiko baten babesik eta eskarmentu politikorik gabe, orain urte erdi inork gutxik sinesten zuen bankari ohiak Eliseoa konkista zezakeela. Haatik, Macronen garaipeneko diskurtsoa neurtua izan da oso. Izan ere, garaipena ez da osoa; gobernatu ahal izateko, beharrezkoa izangozaio ekaineko legebiltzarrerako hauteskundeetan gehiengoa eskuratzea. Eta badaki buruan dituen erreforma sozial gogorrek kalearen haserrea piztuko dutela.

Halere, programa ezarri aurretik hauteskundeek islatutako zatiketa gainditu nahi du Macronek. Botoen %66 lortuta irabazi zion herenegun Marine Le Pen FN Fronte Nazionaleko hautagaiari (%34ko). 2002ko bigarren itzulia kenduta —Jaques Chiracek botoen %82 jaso zituen—, V. Errepublikan presidente batek ez du inoiz irabazi horren tarte handiarekin.

Baina kezkatzeko arrazoiak baditu Macronek. 1969ko presidentetzarako bozak salbuetsita, inoiz ez dira izan horren altuak abstentzioa eta boto baliogabeak: hamabost milioi boto. Ia 21 milioi lagunek eman diote botoa Macroni.

Gainera, presidente hautatuak badaki ezohiko hauteskunde hauetan boto baliagarriak jokatu duen rol nabarmena: lehen itzulian askok eskuina eta eskuin muturraren aurrez aurreko bat eragozteko eman zioten botoa; bigarrenean, Frantziak FNko presidente bat izatea eragozteko.

10,6 milioi boto

Hamabost urtean bigarren aldiz lortu du eskuin muturrak bigarren itzulira igarotzea, eta fronte errepublikanoari igarri zaizkio lehen arrakalak. Le Penek ez ditu aurreikuspenak bete; helburu zuen %40tik urrun geratu da, eta iragarri du FN eraberrituko duela. Edonola ere, langa berri bat eskuratu du eskuin muturrak: 10,6 milioi boto emailek egin dute Le Penen alde, lehen itzulian baino hiru milioik gehiagok. PS eta Errepublikanoak alderdi tradizionalak gainbeheran, Frantzia Intsumisoa ezkerreko koalizioarekin batera izango da FN Macronen oposizio nagusia.

Macron bera, gainerako alderdi guztiak bezala, ekainaren 11ko eta 18ko bozetara begira jarria dago. Parlamenturako hauteskundeetan jokatuko baita Frantziako hauteskundeen hirugarren itzulia; Asanblea Nazionalak mugatu dezake presidentearen ahalmena, eta hark aurreikusita dituen erreforma liberalak geldiarazi.

Hasiak dira dagoeneko haren gobernua osatuko duten izenen kinielak Frantziako hedabideetan. Presidenteak argi du zein izango den gobernu taldea, baina etzi arte ez du jakinaraziko. Lehen ministroak ekingo dio buru-belarri legebiltzarretarako hauteskunde kanpainari.

Alderdi baten egiturarik gabe, hautagaiak bilatzeko zailtasunak izango ditu Macronek. Hasiak dira dagoeneko lehen urratsak egiten bozetara prestatzeko. Martxan mugimenduko buruzagitzan dimisioa eman du, Errepublikako presidenteari dagokion neutraltasun rola errespetatzeko. Mugimenduaren izena ere aldatu dio: Errepublika Martxan lehiatuko da bozetan. Richard Ferrand mugimenduko idazkari nagusiak azaldu duenez, 577 barrutietarako hautagaiak aurkeztuko dituzte, eta, gutxienez, erdiak gizarte zibileko hautagaiak izango dira. Horrela nahi du Macronek «politikagintza berritu».

Lehen manifestazioa

Gainerako hautagaiak beste alderdietako politikariak izateko atea irekita utzi du alderdiak. Eta hor dute arazorik handiena PSk eta errepublikanoek. Macronen proposamen erreformistak bultzatuta, PSko sektore liberalena eta eskuina erakarri ditzake Errepublika Martxan plataformak.

Izan ere, Frantziako jokaleku politikoa moldatu dute presidentetzarako bozek, eta legebiltzarrekoek bururaino eramango dute prozesu hori. Legebiltzarrean gehiengoa lortuta ere, Macronek ez du izango bost urteko lasaia. Fronte Soziala sortu dute dagoeneko sindikatuek eta beste elkarteek, eta Macronen garaiko lehen manifestazioa egin dute politika liberalen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.