Hirugarren graduko espetxe erregimenean daude Kataluniako autodeterminazio erreferenduma sustatzeagatik espetxeratuta dauden buruzagi independentistak. Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Dolors Bassa Kataluniako kontseilari ohiek, Kataluniako Parlamentuko presidente izandako Carme Forcadellek, ANCko buru ohi Jordi Sanchezek eta Omniumeko presidente Jordi Cuixartek espetxetik kanpo igaro ahalko dute asteburua, eta lotarako joan beharko dute kartzelara astelehenetik ostiralera bitartean. Kataluniako Gobernuak ontzat eman zuen atzo preso dituzten espetxeetako tratamendu batzordeek proposatu zutena, eta, hala, guztiei hirugarren gradua ezartzea erabaki zuen.
Generalitateko Espetxe Neurrien idazkaritzak nabarmendu du presoek jarrera onarekin parte hartu dutela espetxeko ekintzetan, eta ez dutela inolako oharrik jaso diziplina faltagatik edo agindu judizialak ez betetzeagatik. Gaineratu duenez, inguru familiar eta sozial baten babesa dute. Hirugarren graduan egoteko baldintzak betetzen dituzten presoei bigarren gradua ezartzea legez kontrakoa dela ere adierazi du.
Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera izango du espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hura ere hirugarren graduaren alde agertuko balitz, bigarren instantzian helegitea aurkezteko modua izango luke Fiskaltzak. Kasu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza. Dena den, buruzagi independentista espetxeratuek ez dute azken erabakiaren zain egon beharko espetxetik irten ahal izateko, erabakiak berehalako eragina baitu.
Lledoners, Puig de les Basses eta Wad-Ras espetxeetako tratamendu batzordeek presoei hirugarren gradua ezartzea proposatu zuten uztailaren 2an. Kataluniako Gobernuak proposamena onestea ez da ezustekoa izan, tratamendu batzordeen proposamenen %95 jotzen baititu ontzat.
Gorenak du azken hitza
Ikusteko dago Fiskaltzak zer jarrera hartuko duen. Aurretik eskatua zuen hirugarren gradua ez emateko preso independentistei, harik eta zigorraren erdia espetxean betetzen duten arte. Zigor Kodearen arabera, baldintza hori ezar zezakeen Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagiak zigortu zituenean, bost urtetik gorako kondenak ezarri zizkielako. Ez zuen egin, ordea. Espetxe zaintzako epaileak hori arrazoitu du presoei bigarren graduko zenbait onura onartu zizkienean.
Tratamendu batzordeek bigarren gradua proposatu zuten, iazko abenduan, preso independentistentzat. Erregimen horretan, eta Zigor Kodeko 100.2 artikulua baliatuta, espetxetik irteteko baimenak jaso zituzten. Ordutik, lan egitera, senideren bat zaintzera eta borondatezko lanak egitera ateratzeko aukera izan dute. Neurri horren egokitasunari buruz erabakitzeko eskumenik baduen aztertzen ari da Gorena.
Hirugarren gradua onartu diete Kataluniako buruzagi independentista presoei
Buruzagi espetxeratuek kartzelatik kanpo igaro ahalko dute asteburua, eta lotarako soilik joan beharko dute kartzelara astelehenetik ostiralera bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu