Espetxera eta bigarren graduko erregimenera itzuli dira Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, Raul Romeva eta Joaquim Forn Kataluniako kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCeko buruzagia eta Jordi Cuixart Omniumeko burua. Kataluniako Gobernuak hirugarren gradua aitortu zien uztailaren 14an, baina Bartzelonako Probintzia Fiskaltzak sailkapen hori indargabetzeko eta bigarren gradura itzultzeko eskatu zion atzo espetxe zaintzako epaileari, bederatzi presoetako seiren kasuan. Epaileak onartu egin zituen fiskaltzaren eskariak, eta behin-behinean indargabetu die hirugarren gradua.
Fiskaltzak datozen egunetan erabaki beharko du ea bide beretik joko duen Dolors Bassa, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari ohi espetxeratuen kasuetan ere.
Quim Torra Kataluniako presidenteak hirugarren gradua eteteko erabakia salatu zuen Twitter sare sozialean. «Ez, legeak ez du aurreikusten mendekua erantzun gisa. Hau al da Espainiak eskaintzen duen elkarrizketa?». Junquerasek ziurtatu zuen «beldurra» dietelako nahi dituztela espetxean. «Badakigu hau bidearen parte dela. Kartzelatik irten egiten da, eta irabazteko eta herrialde hau askatasunera eramateko irtengo gara».
Fiskaltzaren iritziz, hirugarren gradua ezartzeak edukiz husten ditu Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentistei ezarri zizkien bederatzi eta hamahiru urterainoko espetxe zigorrak. Fiskaltzak nabarmendu zuen Sanchezek eta Cuixartek izan ezik gainerako presoek ez dutela zigorraren laurdena ere bete. Gaineratu zuenez dutela damurik agertu leporatu zitzaien sedizio delituagatik, eta Generalitateari eta espetxeetako funtzionarioei leporatu die gradu progresioa erabiltzea «ez gaizkilearen gizarteratzea bilatzeko, baizik eta Gorenak ezarritako zigor erabakia eta haren betearazpena aldatzeko».
Fiskaltzak helegiterako oinarri gisa hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean eman zuen ebazpena. Gorenak bertan behera utzi zituen Forcadellek bigarren graduko erregimenean eta Zigor Kodearen 100.2. artikuluaren bidez espetxetik irteteko jaso zuen baimena.Auzitegiaren esanetan, baimena «justifikaezina» zen, eta ohartarazi zuen neurria ezin zela erabili «lege iruzurra» egiteko eta «zigor epaiarekiko desadostasuna» agertzeko.
Kataluniako Gobernuak espetxeetako tratamendu batzordeen eskariz onartu zien hirugarren gradua preso dauden buruzagi independentistei, eta espetxetik irteten hasi ziren hilaren 17an. Erregimen aldaketarekin, asteburuak etxean igarotzeko aukera izan dute, eta astegunetan lotarako itzuli behar zuten kartzelara. Hirugarren gradua bigarrena baino arinagoa izanagatik ere, buruzagi independentistek nabarmendu zuten ez dela «askatasuna», eta salatu zuten zigor «bidegabe» batengatik daudela preso. Ziurtzat jotzen zuten fiskaltzak hirugarren graduaren kontrako helegitea aurkeztuko zuela.
Gorenak izango du giltza
Behin-behineko neurriak onartu ostean, espetxe zaintzako epaileak fiskaltzaren helegitearen gainean erabaki beharko du orain. Epailea hirugarren graduaren alde agertuko balitz, apelazio helegitea aurkezteko modua izango luke fiskaltzak. Orduan, Gorenak izango luke azken hitza.
Helegitea auzitegi horretara helduz gero, ziurra dirudi auzitegiak hirugarren gradua baztertuko duela. Bigarren graduko baimen bat aitortzeko baldintzarik ez dagoela ebatzi du Forcadellen kasuan, eta, irizpide berari eutsiko balio, are zailagoa dirudi erregimen malguago bat onartzeak.
Presoak bigarren gradura itzulita, Gorenaren esku geldituko dira espetxetik irten ahal izateko baimenak. Auzitegiak bere gain hartu zuen 100.2. artikuluaren erabilerari buruz erabakitzeko ahalmena joan den asteko ebazpenean. Orain arte, probintzia auzitegiek erabaki dute artikulu horren erabilerari buruz, baina Gorenak argudiatu zuen «zigorraren exekuzioari» eragiten diola zuzenean, eta, beraz, auzitegi zigortzailearena dela hari buruz ebazteko eskumena.
Hirugarren gradua eten diete bost buruzagi independentista presori
Espetxe zaintzako epaileak bigarren gradua ezarri die berriz Junquerasi, Forcadelli, Romevari, Forni, Sanchezi eta Cuixarti. Fiskaltzak helegitea aurkeztu du, eta epaileak aintzat hartu du haren eskaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu