Hirugarren agintaldia ala heriotza Burundin

Pierre Nkurunziza presidentea hirugarren agintaldirako aurkezteak, Burundiko konstituzioa eta Arushako bake akordioak urratuz, gerraren oihartzuna berpiztu du herrialdean. Astebete barru dira egitekoak legebiltzarrerako bozak, eta uztailaren 15ean presidentetzarakoak.

Manirambona Armelen hileta. Pierre Nkurunzizaren aurka protestan ari zela hil zuten, Bujumburan. DAI KUROKAWA / EFE.
Oskar Epelde Juldain.
Bujumbura
2015eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Pierre Nkurunziza presidentearen alderdiak lehenbailehen egin nahi ditu hauteskundeak. CNDD-FDDk ez du begi onez ikusten Afrikako Batasunak eskatu dion atzerapena. Abuztuaren 26an, presidentearen agintaldia iraungiko da, eta konstituzioa aitzakia da orain. Egundoko oinazearen ordainez erdietsitako bake akordioek eta erreferendum bidez onartutako konstituzioak bost urteko bi agintaldiren muga ezarri zioten errepublikako presidenteari, boterearen alternantzia bermatzeko; baina, hirugarrena zilegi egiteko, Auzitegi Konstituzionalaren egintza erabili dute, esanez Pierre Nkurunzizaren lehenengo agintaldiak ez duela kontatzen, 2005ean ez zutelako herritarrek zuzenean aukeratu. Auzitegiko presidenteordeak sententzia sinatu ordez, Burunditik ihes egin zuen ebazpen judizial hura emateko auzitegiko mahaikideei ezarri zitzaien jazarpena salatuz; baina zuzenbideak egundaino ez du aurkitu, ezta nazioarteak ere, lege iruzurren aurkako erremedio sanorik.

«Hirugarren agintaldia ala heriotza», esan du Madame Pelagiek, etsipenak jota. Gero, berriz isildu da, eta besoetatik heldu diogu aurpegi betiluna astindu nahian; baina, antza, jainkoak ez du nahi gehiago adieraz dezan. «Heriotza ez», esan diogu: «Geure buruak aske iraunarazten ditugun neurrian, bizitzak aurrera jarraituko du».

Burundin derrigorrezko erretreta ezartzen diete 60 urtekoei, baina Pelagiek lan egiteko gaitasun gero eta finagoa dauka. Gerraren ondoren beste senar bat bilatu ordez, kooperatibak sustatzen eman zuen bizitza, Euskal Herritik lagundutako proiektuetan, eta erretreta behartu ziotenez geroztik, bere seme-alaba guztiak ezkonduta daudenez, buruko gaixotasunak dituzten auzotarren elkarte bat osatzen saiatzen ari da Ngagara auzoan. Espiritualtasun handiko andrea da. Fedeak barruko indarra eta zuhurtasuna ematen dizkio, edo alderantziz. Bizirik dago.

Aldaketarako irrika

Ezberdintasun ekonomikoak etengabe handitzen ikusi dituen gizarte batean, presidentearekin lan egiten duten jeneral, politiko eta aberats berrien luxuzko eraikin eta bizimoldeekin batera herri xumearen pobrezia hezkuntzaren bidetik frustrazio bilakatu denean, aldaketarako irrika nabarmena da herritarren artean. Eskubide abusuei eta ekonomian aurreratzeko ezintasunei aurrez aurre, etorkizuna euren eskuetan hartu nahi dute. Arushako bake akordioa babesteko, eta Pierre Nkurunziza hirugarren aldiz presidente hautatua ez dela izango bermatzeko.

Kale mobilizazio baketsu baina erabakigarriak egin dituzte apirilaz geroztik Bujumbura hiriburuko udalerrietan, gizarte zibileko eta oposizioko alderdietako liderrek deituta, hiri erdiraino iritsi nahian. Hala ere, boterea trebatuta zegoen edozelako behin-behinekotasunari aurre egiteko.

Manifestazioak bizkortzen ari zirelarik, Godefroid Niyombare jeneralak estatu kolpea eman zuen maiatzaren erdian. Iturri batzuen arabera, Niyombare eta beste jeneral batzuen benetako saioa estatu kolpe faltsu baten barruan asmatu zen. Ez da argitu saioan parte hartu behar zuten aktoreetako batzuek ezkutuko helburua ote zuten —ustekabean gidoia aldatu eta estatu kolpearen porrota eragitea—, baina nabaria da harrezkero aginteak herriaren iraultza gain behera jartzea —edo, behintzat, horrek zuen helburua aldentzea— lortu duela.

Presidentea Tanzaniara joan zen goiz hartan, Afrika ekialde eta hegoaldeko estatuburuen gailurrean parte hartzeko. Niyombare jeneralak irratiz kendu zuen bere kargutik asteazken arratsaldean, eta, iluntzean, militarrek aireportua itxi zuten presidentea itzuli ez zedin; baina ez zuten gidoia bururaino eraman, irrati-telebista nazionala ez zelako estatu kolpearen aldeko bihurtu.

Kolpistek erakutsitako demokraziarekiko engaiamenduarekin, berezko alaitasun bat jabetu zen Bujumburako kaleez, eta bizi izan zutenek ondo dakite hori ezin izango dutela aldatu, nahiz eta ez zuen luzaro iraun.

Armadako estatu gorenak RTNB irrati-telebistaren egoitzan ezarri zuen kuartel nagusia soldadu putxistei aurre egiteko, eta, aztarna txikienik ere utzi ez zuen ostiraleko borroka zaratatsu baten ondoren, presidentearen aldekoak garaile atera ziren. Aireportuaren kontrola zuten buruzagiak akaso itxurazko saiakera faltsuaren aktoreak izango ziren… gauza da Pierre Nkurunzizaren itzulerak boterearen seinalea berpiztu zuela, eta iraultzaren patua zeharo aldatu zela harrez gero.

Barnealdeko gobernadore eta polizi arduradunen laguntzaz, segurtasun indarrak indartu egin zituzten. Ustez, CNDD-FDD alderdiko inbonerakureak eta gerrako desmobilizatuak ere uniformez jantzi zituzten Bujumburako herrietako manifestazioak geldiarazteko. Lehenengo asteetan, manifestariak nagusi ziren hainbat auzotako errepide eta bidegurutze nagusietan, baina, estatu kolpe saioaren ondoren, aginteak zapalketa estrategia gogortu egin zuen.

Maiatzean, tiro eta granada hotsak nagusitu ziren gauez eta egunez auzoetan, herritarrak izutzeko eta protestak isilarazteko. Estatu kolpearen egunean presidentearen hirugarren agintaldiaren aurkako komunikabideak itxi eta erre egin zituztenez geroztik, informazio iturri nagusiak zurrumurruak izatea lortu zuten, nahaspila ilundu eta manipulazioa errazteko. Hildakoak ugari izan dira azken bi hilabeteetan: Zeidi Feruzi, jatorria presidentearen alderdian zuen oposizioko politikaria, etxe aurrean fusilatu zuten Ngagaran; Theogene Nyiondiko Musagako manifestazioetan hil zuten, bizkarrean tiro batekin; Ndayizeye Abdul lo zegoela gaizkile talde batek bere etxe barrura jaurtitako granada baten eztandak eraman zuen...

«Bizitza hobeago baten itxaropenaren ordez, etsipena daukagu», dio Willi Ndayijenga kazetariak: «Behartuta gaude gaur hemen eta bihar han lo egitera, inork jakin ez dezan non bizi garen. Gaur non zauden baldin badakite, bihar etor daitezke, edo ikusi zaituen norbait kazetarien bila ari direnengana joan daiteke hemen kazetari bat dagoela salatzera, noiz etortzea hobe den adieraziz. Beraz, ez gaude ondo, ez dakizu nor etor dakizukeen zu harrapatzera edo hiltzera».

Estatu kolpearen saialdi osteko argazkia ilun ikusten du Ndayijengak: «Egun hauetan, euliak balira bezala hiltzen dituzte pertsonak. Ez dago komunikabiderik, eta inork ez du jakingo nork hil zaituen. Lekukoek agian ikusiko dute polizi uniformeak zeramatzatela, baina, horrela bada, zein izango da justizia? Zein izango da emaitza? Ez daukagu segurtasunik. Ez dakigu zer gerta dakigukeen minutu batetik bestera. Zurrumurruen arabera, aginteak bilatu nahi dituzten pertsonen zerrendak osatu ditu; izen propioak idatzita ere aipatzen dira. Guzti horrek beldurra eragiten du».

Hutuak eta tutsiak

Burundiko gerra krudela (1993-2005) gogora ekartzen duen gorroto etnikoa piztu nahi izan dute agintean jarraitzeko aitzakia gisa, eta orain salatzen dute oposizioak trantsizioa nahi badu hauteskundeak Nkurunzizak irabaziko dituela badakitelako dela: «Ez baitaukate inor hura bezain popularra», adierazi du CNDD-FDD alderdiko presidenteordeak.

2010eko hauteskundeetan, Nkurunzizaren arerio nagusia Agathon Rwasa politikari hutua izan zen. Lehenengo itzulian, hautagai bozkatuena izan zen orduan, hala argudiatu zuen berak, baina ez zen bigarren itzulira aurkeztu, botereak «emaitzak faltsutu» egin zituela esanez. Akats berbera ez egitearren, prest da hauteskundeetara joateko, eta hainbatetan ukatu du trantsizio baten aldekoa denik. Baina hauteskundeak egiteko baldintzak bermatu behar dira aurretik.

FNLko burua zenak ondo hartu zuen, neurri batean, Dar Es Salaameko estatuburuen deklarazioa, Burundiko arazo sakonak konpontzeko elkarrizketa bideak aholkatu zituena eta hauteskundeak egin ahal izateko aurreko eginbeharrak zeintzuk ziren ezarri zituena. Baina bere kezka sakonenak ere erakutsi zituen orduan. «Nork egingo du milizien armagabetzea? Nork bermatuko du segurtasuna? Nola itzuliko dira errefuxiatuak?», galdetu zuen Rwasak.

Erantzun gabeko galderak dira orain arte. Afrika Ekialdeko Komunitateak, Afrikako Batasunak eta NBEren Segurtasun Kontseiluak eztabaida amaigabeetan jarraitzen duten bitartean, hauteskundeen egun berriak iristear daude, eta baldintzak berdinak edo okerragoak dira orain. Esate baterako, Agathon Rwasak bere etxean gordeta jarraitzen du, eta, helarazten dituen iritzien arabera, orain ziur dago hauteskundeak, egitekotan, «maskarada hutsa» izango direla.

Mundua bakarra da, baina bi historia ari dira paraleloan garatzen. Bata, itxurazkoa: pentsatuz mendebaldeko estatuek bakartzearen eta pobreziaren bidetik gerra eragingo luketela ohartu eta estatuarekin berriz kooperazio harremanak ezarriko dituztela hauteskundeen ondoren. Bestea, ilunekoa: atzerriko komunikabiderik gabe eta gehienez ere gauez eta ezkutuan idazten dena; gerra zikin bat, non bitarteko guztiak zilegi baitira arrakasta lortzeko.

Joan den asteburuan, Nkurunzizaren hirugarren agintaldiaren aurkako protestak hasi zirenetik bederatzigarren astea betetzear, granaden eztandek hildakoak eta zaurituak eragin dituzte berriro hainbat tokitan. Gobernuak oposizioko aldeari leporatzen dizkio, terrorismoaren diskurtsoa baliatu eta itxurazko zuzenbide estatua indarrean ezartzeko, nola edo hala hauteskundeak pasako direla ziurtatzeko. Bien bitartean, Ruandaren hegoaldetik birsortzen ari den matxino taldeari buruzko zurrumurruak nagusitu ahala, dagoeneko ez dago jakiterik zein den orain egia, ezta bihar zer gertatuko den ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.