Urteurren iluna da gaurkoa rohyngientzat: hiru urte bete dira Myanmarrek haien aurkako sarraskia egin zuenetik. 2017an, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak polizien eta armadaren etxola bati egin zion eraso, eta 12 militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak, 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre, eta 400 rohingya hil zituen. MSF Mugarik Gabeko Medikuek etnia musulmanaren aurka egindako jazarpenari buruz zabaldutako datuen arabera, Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean —abuztuaren 25etik irailaren 24ra—; haietatik 730, haurrak.
Gertakari horrek exodoa eragin zuen, eta, hiru urteren ostean, oraindik ez da konpondu auzia. Myanmarrera itzuli nahi dute Bangladeshera ihes egin zuten rohingyek, baina, oraingoz, ez dute nahikoa berme itzulera seguru bat izateko. 1,1 milioi rohingya inguru bizi dira Rakhine estatuan —populazioaren herena dira —, baina horietako 730.000 baino gehiagok muga igaro behar izan zuten, torturen, bortxaketen eta jazarpenaren artean. Egun dituzten baldintza kaskarren inguruko salaketa egin dute hainbat erakundek.